Publicada el Jueves, 14 de Marzo de 2013

15/2005 Foru Legea aldatzen duen Legea onetsi dute, zeinak 0tik 2 urtera bitarteko adingabeen adopzio nazionalean lehentasuna kentzen dien seme-alabarik ez duten familia unitateei

Lehentasun ordenari dagokionez, ez du eraginik izango araua indarrean sartzean jadanik hasita dauden espedienteetan

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea aldatzen duen Legea.
 

Legearen xedea da 0tik 2 urtera bitarteko adingabeen adopzio nazionalean seme-alabarik ez duten familia-unitateei ematen zaien lehentasuna kentzea. Irizten da lehentasun-irizpide horrek “diskriminazio bat eta konparaziozko bidegabekeria” eragiten duela; izan ere, automatikoki eta “de facto baztertzen” ditu adopzioko zenbait familia, Nafarroako Gobernuak egoki deklaratu dituenak.
 

Lehentasun ordenari dagokionez, legea onesteak ez du eraginik izango dagoeneko hasita dauden espedienteetan. Beraz, indarrean sartzean adoptatzeko zerrendan dauden pertsonek haien postua eta eskubidea mantenduko dute. Salbuespen hori UPNk in voce aurkeztutako zuzenketa baten bidez egin da, eta, SNk emandako babesarekin, PPNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren aurka emandako botoekin egin du aurrera.
 

Zioen azalpenean, azpimarratzen da adopzioa adingabeari “familia-testuinguru eta -ingurune egokiena emateko” tresna bat dela, eta ez “haurrik gabeko familia bati haur bat emateko”.
Legea zuzenean eta irakurketa bakarrean izapidetu da eta parlamentu-talde guztiek eta atxiki gabekoek bultzatu dute.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 18. zk., 2013-02-18koa)