Publicada el Viernes, 28 de Junio de 2013

Nafarroako Gobernua Nafarroako autoreek sortutako musika ezagutarazteko plan bat idatz eta abian jar dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Irailaren 30a baino lehen aurkez dezan, han jasotako jarduketetako batzuk aurreikuste aldera 2014ko aurrekontuan eta sinatu beharreko deialdi eta hitzarmen berrietan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako autoreek sortutako musika ezagutarazteko plan bat idatz eta abian jar dezan. Plan horrek ondoko ekimenak jasoko ditu, gutxienez:

a.- Nafarroako musika-taldeekin sinatutako hitzarmenetan jasotzea Nafarroako autoreen musika interpretatzeko betebeharra, bidezkotzat jotzen den moduan.

b.- Beka bat sortzea, Nafarroako Gobernuak sustatutako deialdien barruan, Nafarroako musikarekin zerikusia duen alderdiren bat aztertzeko: haien bizitza, ibilbide artistikoa edota obraren bat.

c.- Nafarroako musika entitateen eskuragarri jartzea Foru Komunitatean mendeetan zehar izandako musikari nagusienen partitura adierazgarriak. Lan horretan parte hartu ahalko lukete bai partitura horiek dauzkaten entitateek, bai Nafarroako Kulturaren Kontseiluko Musika Batzordeak, elementu koordinatzaile gisa.

d.- Lorenzo Ondarraren eta Pascual Aldaberen ibilbideak aintzatestea, egokien jotzen den moduan, XX. Mendearen amaierako eta XXI. Mendearen hasierako autore garrantzitsuenetako bi baitira.

e.- Musikari buruzko monografia bat egiteko enkargua egin eta argitaratzea Nafarroa sailean, Historia, Geografia edo Etnografikoak egin diren moduan.

f.- Bidezkotzat jotzen diren ekintza guztiak, proposatutako xedea betetze aldera; hain zuzen, Nafarroako musikarien eta haiek eginiko sorkuntza-lanaren ezagutza eta estimua areagotzea”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “aipatu plana irailaren 30a baino lehen aurkez dezan Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Batzordean, han jasotako jarduketetako batzuk aurreikuste aldera 2014ko aurrekontuan eta erkidegoko musika-entitateekin sinatu beharreko deialdi eta hitzarmen berrietan”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak Nafarroa bai musika kultuan bai herrikoian tradizio handiko lurraldea dela, hezkuntza eta kultura herritar ororen eskuragarri daudela eta zenbaitetan erkidegoko autore onenek aitortza eskasa jasotzen dutela aipatzen du.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 50. zk., 2013-05-13koa)