Publicada el Martes, 6 de Agosto de 2013

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa Sozietatea, S.M.P., sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi dute

Onetsi den testuak Parlamentuaren aldez aurreko baimena ezartzen du zenbait eragiketa egiteko, besteak beste, enplegu erregulaziorako espedienteak egiteko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak saio berezi batean Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa Sozietatea, S.M.P., sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur, abuztuaren 6a asteartea den honetan.

 

Foru Lege berriak Socialistas de Navarra, Bildu-Nafarroa, Aralar-NaBai eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeen zein atxiki gabeko parlamentarien aldeko botoa eta Union del Pueblo Navarro eta Popular parlamentu-taldeen aurkako botoa jaso ditu.

 

Onetsitako testua Foru Lege proposamen baten ondorioa da, zeina Socialistas de Navarra, Bildu-Nafarroa, Aralar-NaBai eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeen eta atxiki gabeko parlamentari Manu Ayerdi Olaizolaren ekimena izan zen.

 

Onetsitako Foru Legeak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa Sozietatea, S.M.P., sortzeari buruzko Foru Legearen 12. artikulua aldatzen du. Horrela bada, xedatzen du ezen Nafarroako Parlamentuak aurrez baimena eman beharko duela honako eragiketak egiteko: “sozietate publikoetako partaidetzan Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa osatzen dutenez beste pertsona batzuei eskualdatzea edo besterentzea; sozietate publikoaren izaera galtzea dakarten fusio, zatitze, eraldatze, desegite, likidazio eta beste edozein berregituratze-eragiketa; eta, enplegu erregulazioko espedienteak eta plantillak berregituratzeko planak, sozietate publiko baten langileen ehuneko hamarri baino gehiagori eragiten diotenak”.

 

Gainera, gaur onetsi den Foru Legeak xedatzen duenez Parlamentuaren baimena “Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko organoek eskatuko dute, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren bitartez”.

 

Bestalde, Foru Legeak honakoa xedatzen du: “Administrazio Kontseiluko lehendakariak, zuzendari nagusiarekin, gutxienez ere urtean behin eginen du agerraldia Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Batzordean, urteko aurreikuspenei buruz eta kasuko ekitaldian eginiko kudeaketari buruz informatzeko. Korporazioa osatzen duten sozietateei buruz ere informatuko du. Lehendakariak Korporazioko zuzendari nagusia izendatzen edo ordezten denean ere eginen du agerraldia”.

 

Halaber, “Administrazio Kontseiluko lehendakariak, zuzendari nagusiak eta Korporazioa osatzen duten zuzendari nagusiek edo kudeatzaileek agerraldia eginen dute Nafarroako Parlamentuan, eskatzen zaien guztietan, Nafarroako Gobernuko kideen betebehar berbera izanen baitute, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, informazioa emate aldera jarduerei, funtzionamenduari, egiturari eta eskatzen zaien beste edozein inguruabarri buruz”.

 

Bildu-Nafarroa, Aralar-Nabai eta I-E parlamentu-taldeek in voce aurkeztu duten zuzenketa baten bitartez, jatorriko testuaren xedapen iragankorra aldatu da eta foru legearen aplikazioaren atzeraeragina araututa geratu da, izan ere, xedatzen denaren arabera, “foru lege honetan ezarritakoaren indarrez Nafarroako Parlamentuak aurrez baimena ematea beharrezkoa duten eragiketek, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera erabaki direnek edo erabakitzen hasi direnek, Nafarroako Parlamentuaren baimena beharko dute, kasu guztietan, prozedura berari jarraituz”.

 

Bestalde, Popular parlamentu-taldeak Foru Lege proposamenari bazter geratu diren lau zuzenketa aurkeztu dizkio, non proposamenaren testuaren artikulu bakarren 1. eta 2. idatz-zatiak zein xedapen iragankorra kentzea proposatzen zen.