Haur jaioberrien ustezko lapurretari eta adopzio irregularrei buruzko ikerketa batzordearen irizpena onetsi dute
Zalantza jakin batzuk egon badaude ere, ondorioztatzen du ez dagoela Nafarroan haur jaio berrien salerosketan aritzen ziren sare antolatuen existentzia frogatzeko zantzurik
Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Haur jaioberrien ustezko lapurretari eta adopzio irregularrei buruzko ikerketa batzordeak ateratako ondorioen txostena.
Iragan ekainaren 21ean zen batzordean irizpendu zen txostenak dio ezen ez dela “behar adinako zantzu fidagarririk aurkitu Nafarroan haur jaioberrien salerosketan aritzen ziren sare antolatuak zeudela ondorioztatzeko”.
Edonola ere, batzordeak hainbat pertsonak agertutako “zalantza handiak” ulertzen dituela adierazten du eta haien kasua auzitegien eskuetan jar dezaten dei egiten die (batzuek egin dute jadanik), “auzitegiei baitagokie kasuan kasuko egia juridikoa ezartzera bideratutako ikerketak bere gain hartzea”.
Alabaina, Parlamentuak gertakizun hauek direla-eta sufritzen ari diren pertsonei bere konpromisoa duela berresten die, “zenbaitetan hain ilun eta azaldu ezinak, batez ere erabilitako prozedurari dagokionez, ohitura eta ohikerietan oinarritzen baitzen”.
“Behar bezala ezarritako jardute protokoloak” ez egotea zalantzan jartzen bada ere, arrazoitzen da “orain 30, 40, 50 urte edo gehiago” jazotako gertakizunak izanik, gaur egun ditugun bitarteko, baliabide eta teknologiak ez izateak “ezin eztabaidatuzko baieztapenak egiteko zailtasun gehigarri bat direla. Gauza bera esaten da garai horretako ohitura eta kulturari buruz, egungoekin alderatuta “oso ezberdinak” baitziren.
Horregatik guztiagatik, batzordeak ez du zilegi jotzen “hori guztiari eta hura burutzen zuten pertsonei buruzko auzi orokor bat hastea, izan ere, gauzak modurik onenean dokumentatu ez ziren arren (“ez amaetxean, ez erregistro zibilean, ez bataioak idaztean, ez eta gorpuzkiak tratatzerakoan ere”), ezin da ondorioztatu “aurrez pentsatua zenik”.
Batzordea Asociación SOS Bebés Robados Navarra elkarteak parlamentuan azaldu zituen “gertakizun larriak” ikertu eta argitzeko sortu zen eta 2012ko apirilaren 20tik 2013ko ekainaren 28ra bitarte aritu da lanean. Egindako 18 saioetara bertaratu dira ustezko haur jaioberri lapurtuek, adopzio irregularrek eta estatuko, foru komunitateko zein udaletako administrazioen karguek kaltetutako kolektibo eta pertsonak, bai eta Nafarroako elizbarrutiko artxiboek kaltetutakoak ere.
Javier Caballero (UPN) buru izan duen ikerketa batzordea honakoek osatu dute: Antonio Pérez Prados (UPN), Maite Esporrín, Carmen Ochoa (Socialistas de Navarra), Koldo Amezketa, Víctor Rubio (Bildu), Nekane Pérez, Asun Fernández de Garaialde (Aralar-Nabai), Eloy Villanueva, Enrique Martín (PPN), José Miguel Nuin eta Txema Mauleón (Izquierda-Ezkerra).