Publicada el Viernes, 4 de Octubre de 2013

Eztabaidatutako 23 ebazpenetatik 15 onetsi ondoren, Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaida amaitu da

Socialistek, Bildu-k eta atxiki gabekoek hauteskundeak berehala deitzeko eskaerari dagokion proposamena soilik defendatu dute, UPNren eta PPNren babesa gabe onetsi dena

Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan eztabaidatu diren 23 ebazpen proposamenetatik (9 bazter utzi dira) 15 onetsi ditu (5 UPNrenak, 1 SNrena, 1 Bildu-rena, 1 Aralar-Nabairena, 5 PPNrena, 1 I-Erena eta 1 atxiki gabekoena).

Onetsi diren bost ebazpenek, sozialistek, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek sinatu dituztenek, “hauteskundeak berehala deitzeko” eskatzen dute; UPNk eta PPNk eskaera horren kontra bozkatu dute.

Socialistas de Navarra,k Bildu-k eta atxiki gabeko parlamentariek hauteskundeak deitzeari dagozkion proposamenak soilik bozkatu dituzte. Aralar-Nabaik ez du UPNren eta PPNren proposamenik bozkatu. I-Ek gauza berdina egin du UPNrenekin. UPNk eta PPNk ordea, bozketa guztietan normaltasunez parte hartu dute.

Bere ebazpen proposamenak defendatu dituen lehenengo taldea SOCIALISTAS DE NAVARRA izan da eta bakarra aurkeztu duen arren, aurrera ateratzea lortu du. Proposamenak Nafarroako Gobernuaren lehendakaria “foru komunitatean hauteskundeak berehala deitzera” premiatzen zuen. SNren, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabeen babesa jaso du; ez ordea, UPNrena eta PPNrena.

 

BILDUk bozketara aurkeztu duen ebazpen bakarra aurrera ateratzea lortu du. Bertan, “gobernuko lehendakariari parlamentua desegin dezan eta hauteskundeak berehala dei ditzan eskatzen zaio, Nafarroa jasaten ari den egoera instituzionala, ekonomikoa, soziala eta demokratikoa larria baita”. SNren, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen babesa eta UPNren eta PPNren arbuioa jaso ditu.

ARALAR-NABAIk 5 ebazpen proposamen aurkeztu ditu eta 1ek aurrera egitea lortu du. Proposamen horrek ere, gobernuko lehendakaria premiatzen zuen “konfiantzazko mozio bat aurkeztera eta, hala ez egitekotan, parlamentua desegitera eta hauteskundeak premiaz deitzera”. SNren, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen babesa eta UPNren eta PPNren arbuioa jaso ditu.

Gainerako lau ebazpen proposamenak UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta I-Ek haren alde emandako botoekin bazter utzi dira (SNk, Bildu-k eta atxiki gabekoek ez dute bozketan parte hartu). Honakoak dira:

Lehenengoak adierazten zuen “PPk Espainiako Gobernuaren eta Errege Dekretuaren prozeduraren bidez aplikatzen duen gure eskumenen etengabeko urratzearen guztiz kontra” dagoela “, izan ere, praktika horren eraginez Nafarroaren autogobernua mugatzen eta galtzen ari da”.

Gainera, parlamentuak “gure autogobernu osoa defendatzeko eta garatzeko konpromisoa duela adierazten du, bai eta hura sakontzearen alde egiten duela ere, izan ere, ziur dago Nafarroako garapen sozial, ekonomiko eta demokratikorako funtsezko tresna dela”.

“Sakontze horren esparruan eta estatuarekin egindako hitzarmen ekonomikoaren berrikuntza hurbil dagoela-eta”, Nafarroako Parlamentuak “berrikuntza hori parlamentu-talde guztien parte-hartzearekin eta parlamentuaren esparruan egitea beharrezkoa dela” adieraz zezan nahi zen.

Halaber, adierazten zuen “Nafarroako gobernuak parlamentu honetan legeak xedatutakoari jarraiki onetsitako legeak behin eta berriro uko egitearen kontra” dagoela. “Madrilen Yolanda Barcinaren gobernuak PPrekin bat egitea, zertarako eta lege horiek ez betetzeko eta haiei hel egiteko” salatzen zuen.

Eta adierazten zuen “herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela defendatzeko konpromisoa” duela. I-Ek ez du idatz-zati hori bozkatu.

Bazter geratu den Aralar-Nabairen bigarrenak honela zioen:

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die GIZARTE FOROAk emandako hamabi gomendioei, zeinak gure herrian giza eskubideak guztiak salbuespenik gabe errespetatzean oinarritutako bakea eta elkartasuna lortzera zuzenduta dauden. I-Ek ez du idatz-zati hori bozkatu.

2. Nafarroako Parlamentuak indarkeria mota guztien biktima guztiek aitortuak izateko eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dutela adierazten du.

3. – Nafarroako Parlamentuak preso dauden pertsonen aldarrikapenekin bat egiten du, dispertsioarekin amaitzen, gaixotasun sendaezin larriak dituzten pertsonak eta haien kondena bete duten pertsonak aske uzten. Hau da, oraingo salbuespeneko espetxe politikaren parametroak aldatuz. Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak HERRIRAko kideak atxilotzea demokraziarekin eta garai hauekin bat ez datorrela irizten du.

4. Nafarroako Parlamentuak irizten du elkartasun demokratikoa gizakien berdintasunean eta anizkotasunarekiko errespetuan oinarritu behar dela, nola eta elkarrizketaren eta adostasun politiko eta sozialaren alde egiten.

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako emakume eta gizonek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du, nortasun ezberdinen topagunerako eta elkartasunerako puntu gisa”

Bazter geratu den Aralar-Nabairen hirugarrenak honela zioen:

“Nafarroako Parlamentuak aurten etengabe aplikatu den austeritate eta murrizketa politika konpondu beharko lituzkeen eta UPNren eta Yolanda Barcinaren gobernuak aitzakia gisa jarri dituzten arazoak konpontzeko eragingabea dela jotzen du. Politika hori era irmoan arbuiatzen du eragiten ari den ondorio larriengatik eta Nafarroako gizartearen gehiengoaren bizi-baldintzak eta –kalitatea okertzeagatik, izan ere, bazterkeria eta pobrezia handitzea eragin du, zeinek dagoeneko milaka familiak era kronikoan ukitzen dituzten. Era berean, gaitzesten du eskubideak eta laguntzak murrizteak nahita eta sentsibilitaterik gabe gure Foru Komunitatearen gizarte-sektore ahulenak zigortzea, esaterako, etorkinak, mendekotasuna duten pertsonak, emakume langabetuak eta adineko andreak.

Salatzen dugu zerbitzu publikoak behin eta berriro desegitea, zerbitzu publiko horiek larriki kaltetzea eragiten duten langileen lan-baldintzak okertzea eta, bereziki, hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan murrizketak egitea, horiek ongizatearen estatuaren zutabeak baitira, eta, horiei egokitu behar baitzaie berdintasuna, justizia eta etorkizuna izango duen gizarte bat eraikitzea.

Nafarroako Parlamentuak krisi egoera hau hizkuntza-eskubideak are gehiago urratzeko erabiltzea salatzen du, herritar euskaldunak bigarren mailako herritarrak bihurtu eta Nafarroako biztanle batzuk baztertzen dituelako, eta, aldiz, behin bitartean, dirua inposatutako eta eskatu gabeko ereduak sustatzen xahutzea, errespetatzen eta anizkotasuna sustatzen gobernatu ordez. I-Ek ez du idatz-zati hori bozkatu.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroarentzat hain ondorio larriak izaten ari den politika honi amaiera eman diezaion eta bere jarrera berbideratu dezan, hala, sektore publikoa defendatuz, oinarrizko zerbitzuak emanez, oinarrizko eskubideak errespetatuz eta esleituz eta gizarte politikari, hezkuntzari eta osasunari arreta berezia eskainiz, halako moldez non horiek aurreko legegintzaldiko mailetara itzul daitezen saiatuko den. Horretarako, ziurtatuko duten beharrezkoak diren aurrekontu neurriak har itzazue”.

Eta bazter geratu den laugarrenak honela zioen:

“Nafarroako Parlamentuak aplikatzen ari diren austeritate politika kaltegarriak alde batera uztea eta jarduera ekonomikoa piztuko duten politikak abiatzea behar beharrezkoa dela uste du, inbertsioa, enplegua sortzea eta diru-sarrera publikoak berreskuratzeko era bakarra baita. Horrek guztiak enplegua sortzeko eta barne-erakartze eragin handiena sortzeko gaitasun handiena duten sektore eta jardueretan inbertsio publikoak bultzatzea eskatzen du.

2. Halaber, Foru Komunitateko sektore publikoa desegiteko kaltegarria da langileei esleitzea hartutako erabaki zentzugabeen, ustelkeriaren eta astakerien kostua, begi bistan dagoen eta ez dagoen ondare publikoa era itzulezinean galtzea dakarrena.

3. Ekonomia pizteko ildo horretan berean, I+G+b-n berriro ere ahaleginak egiteak eta zentro teknologikoak desegiteari uzteak lehentasuna dute”.

PPNk egin dituen bost ebazpen proposamenak aurrera ateratzea lortu du UPNren babesarekin. SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik eta atxiki gabekoek ez dute bozketan parte hartu. I-Ek bosten aurka bozkatu du.

Lehenengo ebazpenean, Nafarroako Parlamentuak “Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa defendatzeko konpromisoa duela adierazten du, izan ere, Foru Komunitatearen autogobernuaren, gure berezitasunaren eta Espainiako Konstituzioak babesten dituen eskubide historien oinarrizko osagaia baita”.

Era berean, hitzarmena “Nafarroaren eta estatuaren arteko harremanerako tresna gisa hartu behar da, zeina berdintasunean, gardentasunean eta gure herriak gainerako autonomia erkidegoekin duen lankidetzan eta elkartasunean oinarritzen den”.

Bigarren ebazpenean, Nafarroako Parlamentuak “bere konpromisoa adierazten die argi eta garbi indarkeria terroristaren biktimei, zalantzan jarri ezin den elkartasuna haien familiei eta ETA talde terroristari era irmoan exijitzen dio eragindako kaltea konpon dezan eta barkamena eska diezaien biktimei; exijentzia hori historian zehar eta, tamalez, azken asteotan Nafarroako zenbait udaletan eman den terrorismoaren goraipatzea kemenez kondenatzen eta arbuiatzen duela esaten adierazten da; gainera, exijentzia hori oraindik ETAk burututako hilketa eta ekintza kriminalak kondenatu ez dituzten indar politiko guztiei luzatzen zaie, haien adore, ausardia politiko eta etika sozial zein instituzional faltaren ondorioz behin eta berriro ETAk eragindako terrorismoa eta sufrimenduaren konplize den isiltasunean jarraitzen baitute”.

Hirugarren ebazpenean, Nafarroako Gobernua “Nafarroa hainbat alorretan gara dadin bultzatuko duten neurriak hartzera” premiatzen da. Esate baterako:

ZERGEN ERREFORMA. Inbertsioa erakartzera bideratutakoa, hartara, enpresa berriak ezartzea eta enplegua sortzera bultzatzeko.

TRIBUTU NEURRIAK. Nafarroak autogobernurako duen gaitasunean oinarritutakoak, Nafarroako zergadunek, gutxienez zenbait kasutan, beste erkidego batzuetan baino zerga-presio handiagoa izatea ahalbidetuko dutenak, beti ere Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako erregimen berdineko erkidegoekiko parekotasun printzipioa errespetatuta.

INSDUSTRIAREN PLANIFIKAZIOA. Nafarroako pyme-ak, micropyme-ak eta autonomoen industria ehuna babestera bideratutakoa, gure ekonomiaren funtsezko oinarria eta krisitik ateratzeko funtsezko bektorea diren aldetik. Neurri horiek, halaber, jarduera jakinen bidez Nafarroan gero eta areagoa den enpresen itxiera gelditzera bideratuta daude, horretarako, zailtasunak dituzten enpresei laguntza zuzena emango zaie.

NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUA. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuak oraingo egoerara eta eskarira eguneratzen, Kontuen Ganberak emandako aholku guztiak gauzatzen Nafarroako langileen enplegagarritasuna hobetzeko.

AIREPORTUA. Estatuaren eta Nafarroaren arteko Aireportu-Koordinaziorako Batzordea sortzea babestea, hartara, eskuduntza duten administrazioek bidaiari gehiago erakarriko dituzten eta Iruña-Noain aireportua errentagarri bihurtuko duten neurriak hartzea erraztu dezaten.

LEHEN SEKTOREA. Lehen sektorea bultzatzeko neurri berriak, gure komunitatearen osagarri estrategiko gisa; krisi egoerari dagokionez, besteek baino portaera, egokitze eta erantzun hobea izan duela argi utzi baitu. Zehazki, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak merkaturatzeko eta esportatzeko neurriak aztertuko dira.

MODERNA PLANA. Moderna Plana nazioarteko krisiaren eraginez sortu den egoera sozioekonomiko berrira egokitzea”.

Laugarren ebazpenean, Nafarroako Parlamentuak “aulki kopurua murriztea babesten du, orain dauden 50etatik alderdi politikoek adosten duten kopurura, beti ere foru hobekuntzari buruzko legeak xedatutakoa bete beharko da”.

Bosgarrenean, proposatzen da “kalitateko osasun publiko iraunkor bat mantentzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta inbertsioak egitea, halako moldez non Espainian erreferente izaten jarraituko duen.

Horrez gain, 2014rako aurrekontuetan kolektibo ahulenei bideratutako gizarte politikak mantentzeari lehentasuna ematea babesten da.

Eta hezkuntza publiko eta kontzertatu baten alde egiten da, zeinak gurasoek haien seme-alabentzat egokiena deritzoten hezkuntza eredua hautatzeko eskubidea dutela ziurtatuko duen”.

IZQUIERDA-EZKERRA taldeak aurkeztu dituen 5 ebazpen proposamenetatik 1 aurrera ateratzea lortu du, zeinaren bidez adosten den “Nafarroako Gobernuaren jarrera autoritarioa arbuiatu eta gaitzestea eta lehendakariari parlamentua desegitea eta hauteskundeak berehala deitzea exijitzea”. SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde bozkatu dute eta UPNk eta PPNk haren kontra.

Beste lau ebazpen proposamenek ez dute Aralar-Nabairen babesa besterik lortu eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin bazter geratu dira. SNk, Bildu-k eta atxiki gabekoek ez dute bozketan parte hartu.

Bazter utzitako lehenengo
proposamenak honela dio:

“Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die langileek eta herritarrek gizarte eta eskubideen alorretan egindako murrizketen kontra burututako mobilizazioei. Gainera, gizarte borrokak politika neoliberalen kontra orokorrak, solidarioak eta bateratuak izatea beharrezkoa dela adierazten du”.

Bigarrena:

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herritar guztiei bizitza duin bat emateko plan bat abiaraztea beharrezkoa dela uste du, halako moldez non etxebizitza, enplegu eta gizarte babesaren alorretan gizarte eskubideak ziurtatuko diren. Horretarako, honako neurriak behar beharrezkoak eta funtsezkoak dira: oinarrizko errentari buruzko legedia hobetzea, langabezian dauden Nafarroako pertsona eta familia guztiek gutxieneko diru-sarrera bat dutela ziurtatuko duena; Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 2ko 24/2013 Foru Legea betetzea, halako moldez non Nafarroako lehenengo etxebizitzatik egindako kaleratze oro geldiaraziko den; babes ofizialeko etxebizitzen alokairu sozialen prezioak jaistea; ikastetxeetan bazkaltzeko diru-laguntzen sistemak hobetzea; hezkuntza sistemaren maila guztietarako sarbidea ahalbidetuko duten neurriak eta planak, pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden familientzat unibertsitaterako sarbidea barne; eta Nafarroako gizarte guztiari elikadura egoki baterako eskubidea ziurtatzea”.

Hirugarrena:

“Nafarroako Parlamentuak “estatu espainolean errepublika federal eta solidario bat sortzeko prozesu politiko bat abiarazteari bere babesa ematea adosten du, beti ere Nafarroako herritarren erabakitzeko eskubidearen bidez”.

Eta bazter utzitako laugarrena:

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari salbuespeneko espetxe eta zigor politikak amaitu daitezen exijituko duen jarrera politiko bat eskatzen dio”.

ATXIKI GABEKO parlamentariek aurkeztutako bi ebazpen proposamenetatik bakarra atera dute aurrera, kasu honetan ere “Nafarroako Gobernuko lehendakariari Foru Komunitatean hauteskundeak berehala dei ditzan eskatzen zaio”. Beste kasuetan bezala, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde bozkatu dute; UPN eta PPN ordea, kontra agertu dira berriro.

UPNk aurkeztu dituen 5 ebazpen proposamenak aurrera ateratzea lortu du, denak, azkena izan ezik (ez du bozkatu), PPNren babesarekin. SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek ez dute bozketan parte hartu.

Lehenengo ebazpenean, azaltzen da “itun soziala, jarduera ekonomikoa bultzatzera eta garatzera zuzendutako politikak definitzerakoan adierazleenak izan diren eragile ekonomiko eta sozialen parte-hartzean oinarrituta dagoena, beharrezkoa dela Nafarroako herritarren ongizate maila altuagoa lortzeko. Horrela baieztatu baita gure komunitatean, krisi ekonomiko larri bat pairatzen ari garen une hauetan, elkarrizketa soziala inoiz baino garrantzitsuagoa da, horrela ulertu da Nafarroan. Alabaina, kezkaz ikusten dugu estatu mailan azken urteotan elkarrizketa okerrera jo duela.

Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eragile ekonomiko eta sozial adierazleenekin elkarrizketa sozial hori sakontzeko mekanismo guztiak abian jar ditzan premiatzen du, hartara, krisitik hobe irteteko”.

Bigarren ebazpenean, esaten da “Europako araudiak Gazteen Bermearen figura arautu duela, era horretan, haien formakuntza bukatzen duten edo/eta lan bila dabiltzan gazteei gehienez ere lau hilabeteko epean lan aukera bat emateko. Berme hori bultzatzeko, Europako Batzordeak 2014-2020 urteetarako programa operatibo zehatz bat diseinatu du, Espainiari xede honetarako funts garrantzitsu esleitzea aurreikusten duena. Autonomia erkidegoek oraindik ez dakigu nola egin behar den gazteen laneratzea sustatzeko funts garrantzitsu horien esleitzea”.

Horregatik guztiagatik, “Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua honetara premiatzen du:

Funts horiek osotara eta zuzenean autonomia erkidegoei ematera, haiek baitira enplegurako politika aktiboak gauzatzeko ardura dutenak eta banaketa hori azkar egitera, hartara, gure komunitateko gazteen bermeari buruzko programa era egokian planifikatu ahal izateko”.

Hirugarren ebazpenean, “Nafarroako Parlamentuak adierazten du Nafarroak bere foru erregimenetik eta hitzarmen ekonomikotik eratorritako tresnen bidez Espainiako gainerako autonomia erkidegoekiko elkartasun osoa duela.

Eta Nafarroaren autogobernuarekin eta berezitasunarekin konprometituta dagoela adierazten du, baita Espainiako Konstituzioak jasotzen dituen Foru Komunitateko eskubide historikoekin ere, eta gure komunitatearen errealitate instituzionalari errespetua izatea exijitzen du”.

Laugarren ebazpenean, “Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten die terrorismoaren biktimei, haiek baitira gizartearen onenaren erreferentzia bat, askatasunaren eta justiziaren aldeko etengabeko borrokaren adibide eta sinbolo bat”.

Halaber, Parlamentuak “terrorismoa goraipatzen duen ekintza oro gaitzetsi eta kondenatzen du, baita terrorismoaren biktimen eta familien duintasuna eta memoria kaltetzen duen ekintza oro ere”.

Bosgarren ebazpenean, “Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean aurkezten ari den helegite kopuru altua kezka handiz ikusten du, nola eta Nafarroako Parlamentuak emandako legeen kontra eta oinarrizko arauak emateko duen eskuduntzaz”.

Eta Espainiako Gobernua premiatzen du “indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezarritako tresna guztiak erabiltzera, zehazki Elkartasunaren Batzordea, hartara, Nafarroako Foru Komunitatearen eskuduntzak gordeko dituzten adostasunak bilatzeko, beti ere gure erregimen juridiko konstituzionalaren berezitasunak zainduz eta konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa kontu handiz errespetatuz, Nafarroako foru erregimena babestu eta zaintzen baitu”.
Iruñean, 2013ko urriaren 4an