1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako Nafarroako herritarrak omendu eta haiei ordain morala emateari buruzko Foru Legea onetsi dute
Legeak memoria historikoa berreskuratzen eta erakunde arteko esparruaren bidez justizia egiten lagunduko duten babes- eta bilaketa-neurriak garatzen ditu
Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka emandako botoarekin, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako Nafarroako herritarrak omendu eta haiei ordain morala emateari buruzko Foru Legea onetsi du gaur.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da 1936an izan zen kolpe militarraren ondorioz Nafarroan erail zituzten pertsonen “memoria historikoa berreskuratzea, aitortzea eta ontzea”. Horretarako, hainbat jarduera burutuko dira “udalekin, fusilatuen senitartekoen elkarteekin, oroitzapen historikoaren arloko elkarteekin eta entitate akademikoekin” lankidetzan.
Nafarroako Gobernuak “etengabeko” aitorpen “publikoa bultzatzeko hartuko dituen neurrien artean, jasotzen dira urtero San Cristobal Gotorlekuan kartzeleratutako presoen omenezko ekitaldi instituzional bat egitea; Sartagudako Memoriarako Parkea inauguratzea, zeinari babes maila altuena ematen zaion legeak indar hartzen duen egunetik urtebeteko epean; eta (hiru hilabeteko epean) Diputazioko aurrealdean eta Parlamentuko sarreran plaka elebidun bana ezartzea, non altxamendu militarren ondorioz erailak izan ziren funtzionario, langile eta hautatuko karguen izenak zerrendatuko diren.
Halaber, nafarrak egon ziren bakoitzean plaka bat jarriko da urtebeteko epean, Europako kontzentrazio esparruetan preso egondako nafarrak “omentze” aldera, “frankismoaren estatu kolpearen ondoren eta II. Mundu Gerran zehar faxismoaren kontra eta askatasunaren alde” borrokatu baitzuten.
Gainera, “frankismoaren erregimenarekin zerikusia duten pertsonak nabarmentzea, izendatzea, tituluak, ohoreak eta haiek goraipatzeko bestelako modu oro” bertan behera geratzea sustatuko da. Nafarroako administrazio publikoek urtebeteko epea izanen dute kasuan kasuko ziurtagiriak emateko; ondoren, Espainiako Gobernuari helaraziko zaizkio.
Ildo berean eta frankismoaren tresna juridikoak “behin-betiko legegabetzeko” asmoarekin, Nafarroako Gobernuak “Errepublikarekin, Gerra Zibilarekin edo demokraziaren defentsarekin lotutako arrazoiak direla-eta”, auzitegi militar edo zibilek burutu zituzten epaiketak bertan behera utz ditzan eskatuko dio Estatuari, gerrako kontseiluek, Erantzukizun Politikoen auzitegiak, Masoneria eta Komunismoaren jazarpenaren auzitegi bereziak, eta Ordena Publikoaren auzitegiak emandako epaiak bertan behera uztea barne.
Horrez gain, legeak administrazioak bilaketa lana “bere gain har” dezan nahi du, bai eta desagertuen errolda “xehe” bat egin ere, halako moldez non “familiei haien senitartekoak non dauden jakiteko eskubidea bermatuko dien, izan ere, leku ezezagunean dauden mila erail baino gehiago daude”.
Errolda hori izaera publikoko administrazioen erregistroan egingo da eta Nafarroako Memoria Historikorako Dokumentazio Zentroak finantzatuko du. Ikerketa administratiboa ahalik eta “zorrotz eta gardenena” izate aldera, ohartarazten da ezen gerra zibilean edo diktaduran zehar desagertutako norbaitenak izan litezkeen gorpuzkiak aurkitu dituen pertsona orok “berehala” jakinarazi behar diola Nafarroako Administrazioari.
Desagerpenak “argitzen” joateko grina horren ildoan, DNA Banku bat sortzea agintzen da, Nafarroako Medikuntza Legalaren Institutuaren mende egongo dena. Bankuak Foru Komunitatean lurpetik ateratako gorpuzkietatik eratorritako hezur-hondarren laginak gorde eta mantenduko ditu. Ezein senidek laginak har dakiokeen eskatu ahal izanen du, hartara, eskatzen denetik hiru hilabeteko epean, bere DNA banku horretan gordetako datuekin sekuentziatu eta alderatzeko.
Arauaren xedea gorpuzkiak lurpetik ateratzeko 2011ko azaroaz geroztik indarrean dagoen protokoloa “aldatu, zabaldu eta hobetzea” da. Hala, Tracasak egindako hobien mapa “mantendu eta eguneratzearen” alde egiten du (118 hobitan 1.257 pertsona dokumentatzen ditu eta beste 102 leku jasotzen ditu), horretarako administrazioak “Aurrekontu Orokorretan esleipen bat izango du”.
Betiere, “beharrezkoak diren tresnak abiaraziko dira, senitartekoei lagun-egite psikologiko egokia emate aldera desagertutako pertsonen gorpuzkiak aurkitzeko eta, kasua bada, hobitik ateratzeko prozesuan zehar”.
Hobien mapei eta Nafarroan lege hau onetsi aurretik gorpuzkiak lurpetik ateratzeko indarrean zegoen protokoloari UPNk, SN, Bildu-k, I-Ek eta atxiki gabekoek in voce aurkeztutako bost zuzenketak PPNren abstentzioarekin onetsi dira.
Gainera, legeak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokia izeneko figura ezartzen du. Halakoak izanen dira, besteak beste, “hobiak, atxilotze-lekuak, esklaboek eraikitako obra publikoak eta garai hartako gertakarietan garrantzitsuak izan ziren espazioak”. Gobernuari dagokio leku horiek “aitortu eta mantentzea, baita haien iraunkortasuna ziurtatzeko gastuak bere gain hartzea ere”. Deklarazioa egitea gobernuari dagokio, Memoria Historikoaren arloko Batzorde Teknikoak proposamen loteslea eginda. Organo horretan arloarekin lotutako hainbat entitate eta elkarteak ordezkatuko dira.
Azkenik eta “gure sistema instituzionalaren kalitate demokratikoa hobetze” aldera, legeak xedatzen duenez Nafarroa “Nazio Batuek Gizadiaren aurkako krimenei buruz emandako doktrina aplikatzen ahaleginduko da”.
Esaten denez, lege honek erreparatzen die Nafarroako parlamentuak 1936ko kolpe militarraren ondorioz (2003-0-10) fusilatutako herritar nafarrak omentzearen eta haiei dagokien ordain morala ematearen aldeko adierazpenari, “frankismoaren biktimen eskubideak aitortzeko eta azpimarratzeko lehenengo saiakera instituzionala”; Gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko 52/2007 Legean zehaztutakoari; eta Europako Kontseiluaren Parlamentu-biltzarrak 2006ko martxoaren 17an Parisen adierazitakoari –izan ere, Espainian 1936tik 1975era bitarte “giza eskubideen aurka egindako bortxaketa larriak” salatu zituen–.
200 bat gonbidatu
Nafarroako Fusilatuen Elkarteko ordezkariak, errepresalia-jasaileen senideak, Memoriaren Autobusa elkarteko kideak, bai eta Altafailla kultura kolektiboko eta Gurseko kontzentrazio esparruarekin lotutako taldeko kideak eseri dira erabilera anitzeko aretoko gonbidatuen palku eta eserlekuetan. Gainera, pantaila bat ezarri da haiek zuzenean legea onetsi aurretiko eztabaidaren nondik norakoak jarraitu ahal izan zitzaten. Lege horrek Nafarroa estatu kolpe frankistaren biktimen eskubideak eta haien erreparatzeko neurriak arau mailara igotzeari dagokionean lehendabiziko autonomia erkidegoen artean kokatzen du. Osotara, 200 gonbidatu inguruk izan du sarbidea Parlamentura.
• www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2013-04-29koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 107. zk., 2013-09-24koa)