Publicada el Jueves, 14 de Noviembre de 2013

Nafarroako hondakin uren saneamenduari buruzko foru legea aldatzea onetsi dute

Ibaiei buruzko zuzendaritza planari atxikitako kanonaren tarifak eguneratuko dira eta Nafarroako Aurrekontuei buruzko Lege Orokorretik banatzen dira etorkizunean zenbateko horietan egindako aldaketak, urtero lege bidez ezarriko direnak

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea aldatzen duen legea.

Legearen xedea Nafarroako ibaien saneamendua zuzentzeko planari atxikitako kanonaren tarifak “eguneratzea” da, bai eta Nafarroako Aurrekontuei buruzko Lege Orokorretik banatzea etorkizunean zenbateko horietan egindako aldaketak, zeinak aurrerantzean “urtero” Foru Lege baten bidez ezarriko diren.

Hondakin uren saneamenduan aplikatu beharreko tarifen zenbatekoak zehaztea xede duen arauak, “finantza askitasunaren, progresibotasunaren eta tratu berdintasunaren” (erabiltzaileek sortzen duten kutsadura mailaren arabera) irizpideak izango ditu kontuan.

Lege hau NAOn argitaratzen den egunaren biharamunean indarrean sartzea aurreikusten da. Era horretan, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko diren tarifak (BEZik gabe) 0,556 euro m3 bakoitzeko etxeko erabileretarako, 0,695 etxekoak ez diren erabileretarako eta 0,083 saneamenduko sare publikoetara konektatu gabe dauden erabiltzaileentzat. Azken horiei, aurreko bi tarifetako bat aplikatuko zaie, kasuan kasukoa, baldin eta ubide publikora isuriak egitea baimentzeko baldintzak betetzen ez badituzte.

Ur banaketan aritzen diren entitateek saneamendu kanonari aplikatu ahal izanen diote saneamendu kanonari ur ihesak daudenean isuria kalkulatzen den kasurako. Halaber, hobari sozialak aplikatzeko gaitasuna izanen dute.

Honakoak izango dira arazketa-instalazio pribatuetatik datozen lohiei tratatuak izateagatik aplikatuko zaizkien tarifak, baldin eta onartzen badira Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzendariari atxikitako hondakin-uren araztegietako lohien lerroan: 41,40 euro 5 m3 arte, 82,80, 10 m3 arte eta 8,28 euro m3 bakoitzeko kantitate horretatik gora.

Bestalde, arauak premiamendu-bidearen erabilera zehazten du nahi den epean gauzatu ezean karga ordainarazteko.

Horrela bada, kanona haren kudeaketaz arduratzen den Nilsa enpresa publikoaren bidez kobratzen bada zuzenean, premiamendu-bidearen kudeaketa Nafarroako Zerga Ogasunaren organoen bidez eginen da, praktikan orain egiten den modu berean.

Alabaina, kanona ur-hornitzaile diren entitateek jasotzen badute, oro har, premiamendu-bidearen kudeaketa entitate horiei aplikatzekoa zaien diru-bilketako prozeduraren arabera eginen da.

Bestalde, legeak arau-hauste eta zehapenen arloarekin zerikusia duen oro mugatzen du. Atal horretan tributuei buruzko lege orokorra aipatzen da, izan ere, Nafarroako “tributu guztiek zehapen-araubide bera dute”.

Gainera, Nilsak kanona kudeatzean eta likidatzean gauzatzen dituen egintzen aurkako errekurtsoak arautzen dira. Erreklamazio ekonomiko-administratiboen izaera eman zaie, eta, gainerako tributu-egintzen modura, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak ebatziko dituela xedatzen da.

Amaitzeko, ur-hornitzaileak diren entitateen kudeatzearen, kitatzearen eta diru-bilketaren aurka jarritako errekurtsoak toki araudira egokituko dira, izan ere, ur-hornitzaileak diren entitateak toki entitateak dira.

10/1988 Foru Legearen xedea hondakin-urak arazteko zerbitzuak eraginkortasunez ezartzea da, halatan, ibaiak biziberritzeko gaitasuna nahikoa ez duen lekuetan osatzeko, halako moldez non ibai-ibilguetan ingurumenaren babesa eta lehengoratzea bermatuko diren.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 75. zk., 2013-07-01ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 115. zk., 2013-10-08koa)