Publicada el Jueves, 14 de Noviembre de 2013

Gizarteratze Errenta arautzen duen legea aldatzen duen legea onetsi dute

Krisiaren intentsitatea dela-eta, 24 hiletik 30era handitzen da kobratzeko gehieneko epea; salbuespen egoera batzuetan epe hori luzatu ahalko da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka emandako botoekin, Gizarteratze Errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea aldatzen duen legea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da “aurre egitea gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek egun bizi duten egoerari eta krisiaren intentsitatearen eta luzatzearen ondoriozko beharrizan sozialen areagotze justifikatuari”. Horretarako, zenbait aldaketa proposatzen dira, “gutxienez Nafarroako langabezia tasa % 10 baino gutxiago izan arte indarrean egongo direnak”.

Helburu horrekin, 1/2012 Foru Legea aldatzea proposatzen da, izan ere, alde batetik inongo baliabiderik ez duten pertsonen oinarrizko beharrizanak betetzeko eta, bestetik, egoera dela-eta, lana galdu eta prestazio eta diru-laguntzak ahitu dituzten horien enpleguratzea errazteko zehaztutako ibilbide bikoitza ez da ia bete bigarren kasu horri dagokionez.

Horregatik, Gizarteratze Errenta “laneratze eraginkorrera” bideratuta egon behar deneko ideia berresten den arren, “denboran mantentzen den enplegu falta ukitzen ari den familia askori oinarrizko beharrizanak” betetzen laguntzea beharrezkoa dela aitortzen da.

Horretarako, prestazioa jasotzeko betebeharrak malgutzen dira. Era horretan, salbuespena ez da adinari lotuta egongo (25 baino helduagoa eta 65 baino gazteagoa), ez eta azkeneko seihilekoan sortutako baliabide ekonomikoei ere (dagokion hilabeteko gizarteratze errenta baino txikiagoa), eta, gainerako betebeharretara hedatuko da baldin eta “era objektiboan justifikatu daitezkeen arrazoiak” badaude.

Jasotze-aldiari dagokionez, eta berrikusten ari den arauaren zehaztasun faltari aurre egiteko, kobratzeko gehieneko epea 30 hilabetean baino gehiagoan luzatzeko beharrezkoak diren betebeharrak zehazten dira (sei hilero berritu ahalko da); horretarako 5. artikuluaren bigarren idatz-zatian egoera zehatzak gehitzen dira.

Egoera horien artean daude 16 urtetik beherako adingabeak zaintzea, osasun-arazo larriak, hezkuntza prozesuak, 60 urtetik gorako pertsonak, eta familiaren babesik ez duten eta toxikomaniak, buruko gaixotasunek edo bestelako osasun-arazo larriek eraginda gizartetik kanpo dauden pertsonak. Hau da, lan-merkatura bueltatzea baldintzatzen duten egoera guztiak.

30 hilabetean baino gehiagoan diru-laguntza “salbuespen” gisa berritzen denean, diru-laguntzaren zenbatekoak hileko baliabide ekonomikoak osatuko ditu, familia-unitatearentzat aurreikusitako zenbatekoaren % 80raino eta jatorriko legean indarrean dagoen eskalaren arabera.

Hortaz, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko parametroetan mantentzen da, pertsona bakarreko familia-unitateetan izan ezik, horietan zenbatekoa jaitsi egiten da eta lanbide arteko gutxieneko soldataren % 85ean ezarri (641,40 euro izatetik 516,24ra igaro da), 2013an hilean 654,30 eurokoa dena (14 ordainketa), urtean 9.034,20 euro.

Legezko bizitokiari dagokionean, salbuespenak hartzen ditu “2012ko abenduaren 31 baino lehenagotik Foru Komunitatean bizi diren familia unitateak, Nafarroan bizitokia dutenak, jarraian eta egiazki, eskaera egin den egunaren aurreko 24 hilabeteetan gutxienez ere, eta beren kargurako hamasei urtetik beherako seme-alabak dituztenak”.

Halaber, hartzen ditu “2012ko abenduaren 31 baino lehenagotik Foru Komunitatean bizi diren familia-unitateak, Nafarroan bizitoki jarraitua dutenak, eskaera egin den egunaren aurreko 24 hilabeteetan gutxienez ere, eta, Nafarroako Foru Komunitatean lan eginda, legezko bizitokirik gabe geratu direnak lanpostua galdu izanaren ondorioz”.

Alabaina, aldez aurretik “jakinarazi eta justifikatuta”, “bi hilabeteraino kanpoan egotea” barkatuko da, “baldin eta pertsona Nafarroatik bere edo hurbileko senide baten osasun-arazoek eraginda, lan bila joateko edo generozko indarkeria medio Nafarroatik atera bada”.

Era berean, txertatze-hitzarmenean egoera berriak gehitzen dira, halako moldez non eskatzailearen “ezaugarri, behar eta aukeren” arabera erabakiko den haren bidea soziala edo soziolaborala izan behar den.

Ildo horretan, aurreikusten da diru-laguntza agortzen duten pertsonek administrazioek enpleguratzeko eta enpleguaren sustapenerako abian jartzen dituzten neurrietan “lehentasuna” izatea.

Testuinguru horretan kokatzen da sailak enpresa edo entitate bati gehienez ere “bestelako diru-sarrerarik ez duen” pertsona bati dagokion gizarteratze errenta maximoaren zenbatekoa emateko aukera, betiere “gutxienez 6 hilabeterako” kontratatzen badu eta laneratzeak “plantillaren handitze netoa” badakar.

Bestalde, Hezkuntza eta Gizarte Politiken sailek gizarteratze errentaren jasotzaileak diren familia-unitateetako adingabeek “hezkuntzarako ibilbidea gainerakoen aukera berdinekin” burutu ahal izan dezaten beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte.

Era berean, etxebizitza baten jabe ez diren edo etxebizitza bat alokaturik ez duten eta gizarteratze errenta jasotzen duten unitateak “gizarte-alokairurako laguntzen onuradun izaten ahalko dira”.

Gizarteratze errentaren erabilera desegokiei dagokienez, proiektuak aipatu prestazioa “besterezina” dela dio eta, horrenbestez, “ezin izanen da betebeharren berme gisa eskaini; lagapen erabateko edo partzialaren xede izan; konpentsazio edo deskontuen xede izan, bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko ez bada; atxikipen edo bahituraren xede izan, salbu aplikagarri den Estatuko legeria orokorrean ezarritako kasuetan eta aurreikusitako mugekin”.

Prozedurari dagokionez, “laburtua eta lehentasunezkoa” izanen dena, “bi hilabeteko gehieneko epea” ezartzen da izapidetzen ari diren espedienteak baloratzeko, horrela, “administrazio-isiltasun positiboaren” bitartez baietsi dela joko da, baldin eta ebazpena epean jakinarazi ez bada.

UPN, SNk eta PPNk haien artean adostuta 14 zuzenketa egin dituzten in voce, atxiki gabekoen abstentzioa eta gainerakoen aurkako botoa jaso dituztenak. Zuzenketa horiekin honakoa ohartarazten zuen idatz-zatia ezabatu da: “eskaera ezesten den kasuetan, behin ezezkoa jakinarazi ondoren, aipatu prestazio ekonomikoaren ordainketa etenen da jakinarazpenaren datatik aurrera eta Administrazioak ezin izanen du eskatu ordura arte jasotako kopuruak itzultzeko”.

Foru Lege hau indarrean sartzen denetik, izapidetzen ari diren eskaerak eta gizarteratze errentaren prestazioa berritzeko eskaerak bertan ezarritako moduan izapidetu eta ebatziko dira. Legea onetsi denetik 30 hilabete igarotzen direnean, berrikusi egingo da.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 42. zk., 2013-04-23koa)

Eskubide Sozialen Gutun baterako Foru Lege proposamena bazter utzi dute

Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek bultzatu dute eta gizarte babesa gizarteratze errenta onetsi aurretik zegoeneko antzeko parametroetan kokatu nahi zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Eskubide Sozialen Gutun baterako Foru Lege proposamena bazter utzi du gaur.

Bildu, Aralar-Nabai, I-E eta atxiki gabekoek bultzatutako Lege proposamenaren helburua da “gizarte babesa gizarteratze errenta onetsi aurretik zegoeneko antzeko parametroetan kokatzea”, hartara “sistematik kanpo dauden 4.000 familia ingururen egoera hobetzeko”.

Proposatu dutenen iritziz, “eskubide subjektibo” hau jasotzeko laguntzen baldintzak “gogortzearen” atzean dagoen “ekonomian oinarritutako” irizpideak” “gizartearen kohesioak okerrera egitea” eragin du, eta, “krisiak sortutako eta krisiaren kudeaketak okertutako” larritasun egoera dela-eta, beharrezkoa da kohesio hori desagertutako gizarteratze errentaren oinarriaren gainean berrezartzea.

Hori dela-eta, “haien eguneroko bizirauteko baliabide nahikorik ez duten familien egoera hobetzeko” asmoz, gizarteratze errentaren babes aukera hedatzea proposatzen da, halako moldez non gizarteratze errenta jasotzeko eskubidearen defentsarako plataformaren proposamenekin bat datozen alderdi berriak onartuko diren.

Horrela, Lege proposamenean oinarrizko errentaren hartzaile talde posible gisa jasotzen ziren 65 urtetik gorakoak, hala, “adinekoek merezi ez duten bereizkeria eta bidegabekeria egoera bat zuzenduz”.

Gainera, ez zen laguntza jasotzeko epea mugatzen, eta, berau mantentzen ahal zen “jasotzeko eskubidea izatea eragin zuen egoera eten arte”. Halaber, “administrazioaren isilunearen ondorioa aldatzen” zen; horrela bada, ezartzen zen administrazioak ezarritako epeetan erantzunik ez emateak laguntza esleitzea ekarriko” zuela.

Azkenik, Lege proposamenak indarrean dagoen Gizarteratze Errenta indargabetzen zuen, bai eta garatzen duten dekretu eta foru aginduak ere. Izan ere, esaten zenez, “argi geratu da araudia ez dela nahikoa gizartearen kohesioa bermatzeko eta arriskuan edo baztertuta dauden biztanleen babesa bermatzeko”.

Ildo horretan, ziurtatzen zen ezen “aurrekontuaren %1arekin 2011n 34 milioi eta 2012an 31 bideratu zitzaizkion arazo bat konponduko litzatekeela”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 22. zk., 2013-02-26koa)

Adostasunik gabeko batzordea

Aintzat hartu ziren bi foru lege proposamenetan oinarrituta adostasun batera iristeko antolatu zen batzorde txostengilea urriaren 23an desegin zen, 6 saioren ondoren eta adostasunik gabe. “Gizarteratze Errentaren erreforma prozesua bideratu eta burutzerakoan” oinarrian eta forman zeuden ezberdintasunek adostasuna ezinezko egin zuten.

Alderdi “politiko eta ideologikoen, alegia, adosteko zailenen” ezberdintasunen nondik norakoak ikusi ondoren, erregelamenduzko izapidetzearekin jarraitzea erabaki zen. Era horretan, bi proposamenak Osoko Bilkurara igorri ziren bertan eztabaidatu eta bozkatzeko, betiere gehiengo osoak sinatutako in voce zuzenketak egiteko aukerarekin.

Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek aurkeztu zuten foru lege proposamena apirilaren 11ko Osoko Bilkuran aintzat hartu zen, Socialistas de Navarra parlamentu-taldearena ordea maiatzaren 23an. Batzorde txostengilea ekainaren 20an hasi zen lanean eta Gizarte Politiken kontseilari Iñigo Alliren parte-hartzea izan du.