Publicada el Jueves, 14 de Noviembre de 2013

Parlamentuak NUPeko Gizarte Kontseiluko kide izendatu ditu María Kutz, Félix Taberna, Verónica Ferreira eta Camino Paredes

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, isilpeko bozketaren bidez, uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legean xedatutakoari jarraiki izendatu beharreko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseilurako bost kideak hautatu ditu gaur.

Honatx hautatutako hautagaitzak: María Kutz Peironcely (UPNk proposatua, 45 boto), Félix Taberna Monzón (Socialistas de Navarra, 45 boto), Verónica Ferreira Pinto (Bildu, 43 boto), eta Camino Paredes Giraldo (PPN, 44 boto).

Patxi Tuñón San Martíni, Aralar-Nabaik eta Izquierda-Ezkerrak proposatutakoari, jaso dituen18 botoak ez zaizkio nahikoa izan hautatua izateko, parlamentuko kideen botoen gehiengo osoa izatea exijitzen baita.

María Kutz Osasuneko kontseilari ohia da; Félix Taberna Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) zuzendari kudeatzailea izan da; Verónica Ferreira irakaslea da; eta Camino Paredes Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoko zuzendaria da eta Kulturako zuzendari nagusi ohia.

Gizarte Kontseilua gizarteak, haren sektoreen bidez, gobernuan eta unibertsitatearen administrazioan parte har dezan kide anitzek osatutako organoa da.

Gizarte Kontseiluak ekonomiaren alorrean funtzio garrantzitsuak betetzen ditu. Horrela bada, hari dagokio unibertsitatearen aurrekontua eta urte anitzeko programazioa onestea, unibertsitatearen jarduera ekonomikoak eta zerbitzuen eraginkortasuna ikuskatzea. Kontseiluari dagokio, halaber, gizarteak unibertsitatea finantzatzen lagundu dezan sustatzea.

Hemeretzi kidek osatzen dute: hamahiru gizartearen alorrekoak dira eta sei unibertsitatearen alorrekoak. Azken horiek dira errektorea, idazkari nagusia, kudeatzailea eta Gobernu Kontseiluko hiru kide. Gizartearen alorrekoak dira Nafarroako Parlamentuak izendatutako bost kide, Nafarroako Gobernuak izendatutako lau eta gainerakoak sindikatu- eta enpresa-erakunde nagusiek izendatutakoak.

www.parlamentodenavarra.es/castellano/boletines.asp
• Kideak hautatzeko arauen argitalpena (NPAO, 122. zk., 2013-10-25ekoa)