Publicada el Jueves, 9 de Enero de 2014

Nafarroako 2012ko Kontu Orokorrei buruzko legea bazter utzi dute

Diru-sarrera arruntak gutxitzeak zorra finantzatzera bideratutako baliabideak areagotzea eragin du, era horretan, inbertitzeko gaitasunaren murrizketa kontsolidatuz

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek haren aurka emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren alde emandako botoekin, Nafarroako 2012ko Kontu Orokorrei buruzko legea bazter utzi du gaur, zeinak 3.625 milioiko gastuak eta 3.624 milioiko diru-sarrerak jasotzen dituen.


Oroitarazi beharra dago Parlamentuak 2012. ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legea 2011ko abenduaren 22an egin zen bilkuran onetsi zuela UPNk eta SNk haren alde emandako botoekin, PPNren abstentzioarekin eta Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek haren aurka emandako botoekin.


Bere garaian Kontuen Ganberak helarazitako txostenaren arabera, 2012ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren ekonomia- eta finantza-egoerari buruzko ikuspegi orokorra ematen dute. Txostenean Nafarroako Gobernuaren eta haren menpeko organoen kontuak jasotzen dira, hau da, Kontuen Ganberarena eta Arartekoarena.


3.625 milioi gastuetatik, % 45 transferentziei dagokio, % 30 langileei, % 15 ondasun arruntei eta zerbitzuei, % 4 inbertsio errealei eta % 4 finantza-kargari. Diru-sarrerei dagokienez, 3.624 milioi, % 85ak tributu jatorria du, % 12 zorpetze bidezkoak dira eta gainerakoa transferentziei (% 2) eta ondareei (% 1) dagokio.


Gastuaren xedeari dagokionez, osasuna (% 26) lehengo postuan dago eta urtean biztanleko 1.456 euro ditu (2011n baino 14 gutxiago); 1.166 euro beste administrazio publikoei egindako transferentzietara bideratzen dira (33 gutxiago), estatuaren kupoa eta Nafarroako toki enteei bideratutakoak barne. Gastuaren hirugarren kapitulu garrantzitsuena hezkuntzara doa (% 15), biztanleko 855 eurokoa (130 gutxiago); ondotik politika sozialak (% 11), 619 eurokoa (101 gutxiago); industria, energia eta berrikuntza, 166 eurokoa (2012 gutxiago); eta etxebizitza eta hirigintza, 149 eurokoa (184 gutxiago). Zor publikoak biztanleko 309 euro ordaintzea eragin zuen (2011n baino 78 gehiago).

2011. urtearekin alderatuta, gastua % 1,3 murriztu da. Murrizketa hori batez ere inbertsioetan eman da, % 26 gutxitu baita, eta langileetan, % 7 gutxitu da. Finantza-gastuak, aitzitik, % 61 handitu ziren.

Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, diru-sarrerak ere % 3 murriztu dira. Beherakadarik handiena tasetan eta prezio publikoetan (% 19), transferentzia arruntetan (% 24). Zergen alorrean, zerga zuzenak handitzea (% 8) zeharkakoek izan duten antzeko murrizketarekin orekatzen da.

Kontuen Ganberak azpimarratzen du Foru Ogasunaren aurrekontu balantzak negatiboa izaten jarraitzen duela (313 milioi), baina hobetu dela 2011koarekin alderatuta % 2,9 murriztu baita.

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, Foru Ogasunak defizita du. Izan ere, gastuak finantzatzeko dauden baliabideak ez dira nahikoak eta horrek diruzaintzan tentsioak eragiten ditu. Hain zuzen, 240 milioi gutxiagokoa izan zen gastu orokorretarako zegoen diru soberakina, hortaz, 2012an Nafarroako Gobernuak 100 milioiko epe motzeko kreditua behar izan zuen finantzaketa beharrak asetzeko (2011n baino 216 gutxiago), batez ere urteko lehenengo seihilabetekoan.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren zorra 2.231 milioikoa da, alegia, aurreko ekitaldian baino % 16 gehiago.

Gainera, txostenak enpresa-sektore publikoaren egoera aztertzen du, zeina 1.330 pertsona ingururi (2011n baino 118 gutxiago) lana ematen dieten 21 enpresaz osatuta dagoen. Azpimarratzekoa da langile kopurua jaitsi egin dela Burnizkon (37), Ganasan (34) eta CEINen (18) eta, aitzitik, Tracasan handitu egin dela (7).

Oro har, 2012an sektore publikoak 116 milioiko emaitza negatiboa izan zuen (60 gehiago). Galerarik handiena Sodenan eman zen, nahiz eta Moderna Planaren proiektuen finantzazioa dela-eta haren pasiboa 100 milioi handitu den; eta Nasuvinsan, zeinak Gobernuari eta bestelako sozietate publiko batzuei aktiboak erosita zorra 40 milioitan handitu duen. CPENek, ordea, 105 milioitan murriztu du zorpetzea, Gobernuak zenbateko horretan mailegu handi bat kapitalizatzearen ondorioz. Enpresa publikoek epe luzerako duten zorra 340 milioiraino iristen da, 2011n baino % 5 gehiago (24 milioi).

Aurrekontua nola bete zen aztertu ondoren, Kontuen Ganberak dio, salbuespenak salbu, 2012ko kontuek ondarearen eta haren finantza egoera islatzen dutela.

Gainera, Kontuen Ganberak dio Foru Administrazioaren finantza-jarduera, oro har, legalitate printzipioari jarraiki egiten dela.

Aurrekontu orekaren xedeak betetzeari dagokionez, 2012an Foru Ogasunak 311 milioiko finantzaketa beharra izan zuen (2011n baino 57 gutxiago), hau da, Nafarroako BPGdaren % 1,72. Beraz, ez zen Estatuak autonomia erkidegoentzat markatutako % 1,5ko xedea bete. Nafarroako Gobernuak nazioko kontabilitatearen irizpideei egozten die alde hori, zeinak finantzazio beharrak 40 milioitan handitzea eragin zuen.

Zorpetzearen bolumenari dagokionean, 2012ko abenduaren 31n kontuak berrorekatzeari buruzko planean jasotzen zena baino 313,5 milioi gutxiagokoa da, alegia, Nafarroako BPGd-aren % 15,85a, ia erkidego autonomoen Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren aurreikuspenak baino puntu bat gehiago. Zorra biztanleko 4.458 eurokoa da.

Azkenik eta Kontuen Ganberak emandako aholkuei dagokienez, txostenak positibotzat jotzen du Nafarroako kontu orokorrak ixteko eguna irailaren 15etik uztailaren 1era aurreratzea. Halaber, baieztatzen du 2012ko amaieran fakturen erregistroa ezarri zela eta 2012ko aurrekontuei buruzko legeak, lehenengo aldiz, goi-kargu guztien eta kabineteetako aldi bateko langileek ordainsari guztiak jaso zituela.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 2. zk., 2014-01-08koa)