Publicada el Jueves, 13 de Marzo de 2014

Foru Komunitateko Ogasunaren egoerari buruz Ikerketa Batzordeak egin duen irizpena Osoko Bilkuran berretsi da

SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek Barcinak eta Goicoecheak dimititzea eta hauteskundeak aurreratzea eskatzen dute, UPNk eta PPNk aldiz ustelkeriarik eta legezkontrakotasunik ez dela egon azpimarratzen dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Foru Komunitateko Ogasunaren egoerari buruz Ikerketa Batzordeak egin duen irizpena berretsi du gaur.


UPNren boto partikularra SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka emandako botoekin eta PPNren abstentzioarekin bazter geratu da. PPNk aurkeztu duen boto partikularrak ere ez du aurrera egin, kasu honetan UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik eta atxiki gabekoek haren aurka emandako botoekin.


Nafarroako Foru Ogasunaren egoerari buruzko Ikerketa Batzordeak otsailaren 28an haren lana amaitu zuen, irizpen bat onetsi zuenean, zeinetan “Yolanda Barcinaren, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren, eta Lourdes Goicoechearen, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren, jarrera gaitzesten duen” eta haiei eskatzen dien “erantzukizun politikoak hartzeko”, “dimisioa” eta “2014ko maiatzaren 25erako Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak deitzea” barne.


Hala ez egitekotan, jarraitzen du irizpenak, “ondorio hauek parlamentu-talde guztiak behartzen dituzte beharrezkoak diren neurriak har ditzaten herritarrei hitza itzul dakiekeen eta egoera kritiko honi amaiera eman dakion”.


Babes berdinekin, ondorio, dokumentu eta grabazio guztiak Ikerketa Batzordetik Zergen Ministeriora bidaltzea adosten da, hala “ezagut daitezen, ea erantzukizun penalen bat eragin daitekeen”.


Irizpenak ziurtatzen du Barcinak eta Goicoecheak egindakoak, alegia, Administrazioko “baliabideak erabiltzea” “probetxu politiko eta partidistarekin” RAEk “ustelkeria” hitzarako ematen duen definizioarekin bat datorrela.

Halaber, batzordearen ustez kontseilariak “injerentzia eta esku-sartzeak” egin zituen datu fiskalak lortzeko eta hainbat zorduni “mesedeko tratua” eman zien, eta lehendakariak gertakari “horien berri zuen eta haien arduradun zen”.

Batzordearen arabera frogatua dago 13 lege agindu urratu zituztela eta baieztatzen da ez Barcinak ez ekonomiako kontseilariak ez zutela interes orokorraren alde jokatu, “politikaren eta alderdiaren alde” baizik.

Ogasuneko zuzendari ohiak egindako “ia akusazio guztiak egiaztatu” direla azpimarratu ondoren, batzordeak gainerakoak “sinesgarriak” direla esan du.

Horrela, dio 11 “ekintza egiaztatu” daudela, horien artean defizitarekin betetzeko eta PPren politika “asebetetzeko” BEZa itzultzea atzeratzea; kontseilariak Ogasunean egindako “injerentziak” haren zerga-aholkularitzaren bezero ohi baten eta Nafarroako Unibertsitatearen alde; eta Nafarroako Kutxaren Ikuskaritza Plana eta datuak eskatzea, azken horiek “ziurrenik” Yolanda Barcina lehendakariak “eskatuta”.


Irizpenak UPNk eta PPNk egindako boto partikular bana jasotzen ditu, biak ala biak batzordeak egindako lanean jaso diren testigantza eta probetan “ustelkeriarik, legezkontrakotasunik eta injerentziarik ziurtatu ez” dela idatzita uzteko helburuarekin.


UPNk azpimarratu du ziur dagoela ez dela frogatu Nafarroako Foru Ogasunean “ustelkeriarik ez legezkontrakotasunik” egon denik, “agertu direnetatik inork ez baitu ez kontseilaria eta ez gobernuko beste kargurik ustelkeriaz akusatu”.


Horregatik, UPNk uste du Lourdes Goicoecheak “legearen arabera eta dagozkion funtzioen arabera jokatu zuela”, bai BEZa sei hilabete baino beranduago itzultzeari dagokionez, “legeari guztiz atxikitzen baitzaio”, bai ustezko “mesedezko tratu eta esku-sartzeei” dagokienez, prozesu guztiak “Foru Ogasunaren irizpide, prozedura eta erabakien arabera bukatu baitira, eta ez baita inoiz espedienterik oztopatu”.


Azkenik eta kontseilariaren jokabidea “haren zuzendaritza eta zaintza betebeharren araberakoa” izan dela azpimarratu ondoren, UPNk adierazi du “ezin izan dela frogatu Goicoecheak Idoia Nievesi Ikuskaritza Planaren kopia bat eskatu zionik, ez eta Nafarroako Kutxaren datuei buruzko informaziorik eskatu zionik”.


Ildo berean, PPNren boto partikularrak ziurtatzen du “ez dela ziurtatu” Lourdes Goicoecheak “ustelkeriaz ez injerentziaz” jokatu duenik, eta haren jokabidea Ekonomia eta Ogasun arloko kontseilaria den aldetik “dituen eskumenen araberakoa” izan direla.


Alabaina, PPNk irizten du “argi dagoela Nafarroako Gobernuan aurrekontuei dagokienez ez dagoela zehaztasunik ez kontrolik”. Ildo horretan, gaitzesten dute “neurriak berandu hartu izana, hain zuzen ere, BEZa itzultzea atzeratzeak adibidez, enpresen likidotasunean eta ehunkeran eragin baitzuten”. Horri dagokionez, adierazten dute “aurrekontuen kontrolerako irizpideak, izan gastuak kontrolatzeko edo diru-sarrerak handitzeko, ekitaldiaren hasieran hartu behar direla beti, eta ez bukaeran, kasu honetan gertatu den bezala”.


Parlamentuko Osoko Bilkurak eztabaidatu eta onetsi ondoren, batzordeak atera dituen ondorioak, auzitegientzan lotesleak ez direnak eta ebazpen judizialetan eragiten ez dutenak, Parlamentuko Aldizkari Ofizilean argitaratuko dira eta Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaizkio.


Ikerketa Batzordearen ondorioak ez dira lotesleak auzitegientzat eta ez dute ebazpen judizialetan eragiten. Batzordea parlamentu-talde bakoitzeko bi kidek osatu dute: Carlos García Adanero, Sergio Sayas (UPN), Juan José Lizarbe (P), Pedro Rascón (Socialistas de Navarra), Maiorga Ramírez, Bikendi Barea (Bildu), Patxi Zabaleta, Txentxo Jiménez (Aralar-Nabai), Ana Beltrán, Enrique Martín (PPN), José Miguel Nuin, Txema Mauleón (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi (atxiki gabea).


Batzordearen xedea Nafarroako Kutxaren kontuen egoera argitzea, hark 2011tik aurrera izan duen garapena aztertzea eta defizitaren xedea betetzeko politikak aplikatzearekin zein erlazio duen aztertzea izan da. Batzordeak erabaki guztiak boto ponderatu bidez hartu ditu.

Gainera, batzordeak honako gaiak ere aztertu ditu:


1.- Nafarroako Gobernuko lehendakariak BEZa itzultzea atzeratzeko emandako aginduak, era horretan, legez ezarritako epeak urratuz eta Nafarroako ekonomian eraginez.


2.- Foru Komunitateko zuzendari kudeatzaile ohiak egindako akusazioak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Foru Komunitateko Ogasunaren independentziaren kontra behin eta berriro egnidako injerentzia saiakerari buruzkoak.


3.- Foru Komunitateko zuzendari kudeatzaile ohiak egindako akusazioak, kontseilariak eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak legez babestutako informazio pertsonala eskatzeari buruzkoak.


Ikerketa Batzordearen aurrean egin diren agerraldiak otsailaren 21ean hasi ziren Idoia Nievesekin, Foru Komunitateko Ogasuneko zuzendari kudeatzaile ohiarekin. Ondoren, 24ean agertu ziren Pedro Ugalde, Ekonomia eta Ogasuneko idazkari nagusi teknioa, Juan Francon, Aurrekontuko zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros, Politika Ekonomikoko zuzendari nagusia, Manuel Arana, Ogasuneko zuzendariorde ohia eta Lourdes Goicoechea, gobernuko lehendakariorde ohia eta Ekonomia, Ogasun, Enplegu eta Laneko kontseilaria. 25ean amaitu ziren Nafarroako Gobernuko lehendakari Yolanda Barcinaren testigantzarekin.


Komunikabideek sarbidea izan dute agerraldietara; Ikerketa Batzordearen hausnarketak, ordea, isilpekoak izan dira.