Ordain moralerako 30 agiri banatzeko ekitaldia, memoria historiari buruzko legearen esparruan
Catalanek Parlamentuak edozein motatako arrazoi ideologikoengatik bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsona guztiak aitortzeko konpromisoa duela azpimarratu du
Nafarroako Parlamentuan Ordain eta Aitorpen Pertsonalaren Adierazpena emateko ekitaldi berri bat egin da gaur arratsaldean, orain arte egin den bigarrena, 2011ko abenduaren 15ekoaren ondoren (69 eman ziren), kasu horretan Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkarteko (AFFNA) 30 kideri eman zitzaien, guztiak Gerra Zibilean eta diktaduran indarkeria eta jazarpena jasan zituzten herritarren ondorengoak.
Alberto Catalanek ekitaldiari hasiera eman dio, Memoria historikoari buruzko legeari jarraiki eta, esan duenez, Parlamentuak “egindako adierazpen eta agertutako borondatearen” esparruan. Gainera, egin duen parte-hartzean Kongresuko Konstituzio Batzordeak “indarkeriari” “ideia politikoak inposatzeko eta askatasunaren eta duintasunaren aurkako erregimen totalitarioak ezartzeko” bitarteko gisa “zilegitasuna kentzea” “berresten” duen testua onesterakoan agertu duen “adostasun osoa” nabarmendu du.
Horretan berean “oinarritzen” dira Foru Komunitateko Parlamentuak 2003ko martxoaren 10ean onetsi zuen ebazpena, Nafarroan 36ko biktimei eskainitako arreta aztertzeko batzordeak egin zuen txostena eta iragan azaroaren 14an onetsi zen aitorpen eta kalte-ordain morala emateari buruzko foru legea.
Catalanen hitzetan horiek guztiek argi eta garbi frogatzen dute Nafarroako Parlamentuak “edozein motatako arrazoi politiko edo ideologikoengatik bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsona guztien memoria ohoratzeko eta berreskuratzeko beharra mantentzen” duela, “bereziki bizitza galdu zuten edo espetxeratu, deportatu eta erbesteratu zituzten eta gatibu lanak egin behar izan zituzten horiek, baita haien familiak ere”.
Ildo horretan, lehendakariak memoria historikoari buruzko dokumentazio funts bat sortze aldera UPNArekin sortu den elkarlana aipatu du. Funtsaren helburua “herritarrak Nafarroan gerra zibilean eta diktaduran gertatutakoei buruz sentsibilizatzea” da. Kontzientziazio eta gizatiartze lan hori gaurkoan “Parlamentuan burutu nahi dugu, ideiak era baketsuan eztabaidatzeko, adierazpen askatasunerako eta aniztasuna errespetatzeko ohiko lekura, berriro ere aitorpenerako eta oroimenerako lekua izan dadin”.
Aitorpen hori “zuzenbidezko estatua, gizartea eta autonomia abiapuntu hartuta egiten dugu, konstituzioak xedatzen duen bezala, elkartasunerako oinarrizko printzipioa eta memoria kolektiboaren egiazko instituzionalizazioaren sinbolo den aldetik”, adierazi du lehendakariak.
Amaitzeko, Alberto Catalanek oroitarazi du, gaur egun, kargu hautetsiek eta herritarrak ordezkatzen dituzten karguek lanean dihardutela, hartara “zuzenbidezko estatuan zein sistema demokratikoan sinesten ez duten horien presioei, indarkeriari eta mehatxuei aurre eginda garapena eta giza eskubideak ziurtatzeko”.
Olga Alcega, AFFNAko lehendakaria, pozik agertu da “isiltasun ofizialeko urteak igaro ondoren, erakundeen ateak gutxika gutxika irekitzen ari direlako. Oraindik lan handia egin beharra dago memoria historikoaren puzzlea osatzeko, batez ere desagertuak bilatzen jarraitzea”.
Alcegak azpimarratu duenez, “demokrazia eta ahazteko 40 urte barkaezinak izan dira. Erakundeek bizkarra eman zioten min horri. Gaur dokumentu bat jaso dugu, arrazoi politikoengatik jazarritako, bortxatutako eta desagertutako pertsonen memoria konpontzeko eta, horrela, demokraziaren balioak berreskuratzeko paper-sorta bat. Berandu, baina iritsi gara”.
Ekimena bultzatu duen Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkartetik, Olga Alcegak adierazi du “borrokatzen, bilatzen eta gorpuak lurpetik ateratzen jarraituko” dutela, “Nafarroako memoria demokratikoa are aberatsagoa eta egiazkoagoa izan dadin eta eraildako 3.402 nafarrekin errespetu handiagoa izan dezan”.
Jarraian, “orain dela urte batzuk pentsaezina zen gertakari” baten aurrean daudela jakitun, Joaquín Arroyo, Arcadio Ibáñez eta Antonio Bartos, omenduetako batzuen senideak, oholtzara igo dira haien hurbilekoen figuraz mintzatzeko (irabazitako borroka bakoitza justiziaranzko eta egiaranzko aurrerapauso bat da) eta haien “basakeria horrekin ez kezkatzeko eta hura ahazteko erresistentzia nekaezina” oroitarazteko.
Haien testigantza eman ondoren, Parlamentuko lehendakari Alberto Catalanek eta Arartekoak, Javier Enerizek, Gerra Zibilean eta ondoren izan zen diktaduran errepresaliatuak izandako 30 pertsonen senideei agiriak eman dizkiete.
Agiriak banatu ondoren, Nafarroako Arartekoak, Francisco Javier Enerizek, parte hartu du eta senideek duten “justizia zentzuaren” balioa azpimarratu du, “mendekurik gabe, gorrotorik gabe, barkatuz, isiltasunean, irainak saihestuz, eroritakoen gorpuak eta duintasuna bilatuz gainerakoei mina zabaltzea saihestuz. Bakea eta gorpuak bilatzeko jarrera eredugarri eta baketsu hori da ekitaldi hunkigarri eta sentitu honetan ospatzen ari garena”.
Halaber, Enerizek 77ko amnistiari buruzko legea aipatu du, izan ere, “baketzerako eta barkamenerako horizonte berri bat ireki bazuen ere, ez zuen isiltasuna adierazi ez eta bilaketarako eskubidea eta biktimen izen ona eta duintasuna lehengoratzeko eskubidea ezabatu ere”.
Zelaida Biurrun biolinistak jarri du laguntzeko musika. Errepublikarako ereserkia, No te olvido zortzikoa, Maravillas eta Maitia nun zira abestiak jo ditu.
Ekitaldian honako kargu hautetsi eta autoritateak bertaratu dira: Enrique Maya, Iruñeko alkatea, Javier Morrás, lehendakaritza, justizia eta barneko kontseilaria, Txentxo Jiménez, Parlamentuko bigarren lehendakariordea, Maite Esporrín, lehenengo idazkaria, Koldo Amezketa, bigarren idazkaria, Coro Gainza, Javier Caballero (UPN), Juan José Lizarbe, Carmen Ochoa, Santos Cerdán, Pedro Rascón (SN), Víctor Rubio (Bildu), Patxi Zabaleta, Nekane Pérez (Aralar-Nabai), José Miguel Nuin, Txema Mauleón, Marisa de Simón (I-E), Patxi Leuza (atxiki gabea) eta María Chivite senataria.
Ordain moralerako agiri horiek abenduaren 26ko 52/2007 legearen 4. artikuluaren 1. paragrafoan xedatzen denari jarraiki egin da, “zeinaren bidez gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen diren, eta haien aldeko neurriak ezartzen diren”.
Memoria historikoari buruzko legearen artikulu horren arabera, “Gerra Zibilean eta Diktaduran aurreko artikuluetan aipatutako ebazpenen ondorioak pairatu zituztenek birgaitze eta errekonozimendu pertsonaleko Aitorpena lortzeko eskubidea dutela onartzen da. Eskubide hori guztiz bateragarria da aurreko arauetan kaltea ordaintzeko onartutako gainerako eskubide eta neurriekin, baita auzitegian aurrera eraman litezkeen ekintzak gauzatzearekin ere”.
Honakoak dira omendu diren pertsonak: Felipe Arrieta Ochoa, Carmelo Arrondo Irisarri, Agustín Joaquín Arroyo Alfaro, José María Arroyo Alfaro, Benito Baigorri Falces, Galo Biurrun García de Galdeano, Felipe Elizalde de Arano, Primo García Lanaspa, Ángel Ibáñez Sesma, Román Ibero Hualde, Victoriano Iturmendi Fernández, Roque Jarauta Chueca, Pedro Lacarra Alduán, Andrés Lafraya Soret, Ángel Lafraya Pilarte, Estanislao Las Bertol, Alfonso Marquina Vicente, Félix Miramón Sánchez, Genaro Ochoa Lorente, Julio Orta Simón, José Pérez Aznar, Antonio Pérez Ullate, Ramón Ramos García, Ricardo Rebolleo Antolín, Ricardo Rosel Aguirre, Germán San Juan Bervete, Mauricio Simón Arriazu, José Francisco Tapiz Pila, Marcelino Zaratiegui Martínez eta Nazarino Zúñiga Monreal.