Publicada el Viernes, 13 de Junio de 2014

Plan Hidrologikoa errefusatzera premiatzen zuen mozioa bazter utzi dute

Zalantzan jartzen ditu isurialdatzearen eta uraren pribatizazioaren filosofak eta Esako handitzearen edo Nafarroako Ubidearen handitzearen gisako errentagarritasun zalantzagarriko obrak sartzea

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNK haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur, zeinaren bidez Parlamentua premiatzen zen errefusatzera “Ebroren arroko 2010-2015 Plan Hidrologikoa, etorkizuneko isuraldatze hidraulikoen oinarri arau-emailea baita, zeinek ingurumen-desoreka handiak ekarriko baitituzte Ebro ibaiaren arro osoan, ibaiaren emari ekologikoak ez errespetatzeagatik”.

Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Parlamentuak bere “kezka” agertzen zuen “Alderdi Popularraren Gobernua behin eta berriro ari baita saiatzen arroen arteko isuraldatze handietan eta ura bezalako ondasun publiko baten pribatizazioan oinarritutako politika hidrauliko bat gauzatzen”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Legegileak adierazten zuen “isuraldatze-politikaren eta ura pribatizatzeko neurrien bultzada ororen aurka dagoela”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten mozioak baieztatzen du ezen, Nafarroari dagokionean, Ebroren Plan Hidrologikoak “erkidegoaren guztizko azaleraren ehuneko 90i eragiten dio, eta obra garestiak aurreikusten ditu, hala nola Esako urtegiaren handitzea edota Nafarroako Ubidearen zabalpena. Obra horiek zalantzazkoa dute errentagarritasun ekonomikoa, zama kezkagarria dira diru-kutxa publikoentzat, herritar asko dituzte kontra, eta, gainera, segurtasun-problema larriak eragiten dituzte”.

Proposatu dutenek plana zalantzan jartzen dute, “dekretu soil batez isurialdatzea eta uraren pribatizazioa begiz jota” izateagatik. Ildo horretan, esaten denez, “Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak berak adierazpenak egin ditu uraren zerbitzu publikoen pribatizazioaren alde, eta hori argi eta garbi doa Uraren Esparru Zuzentarauaren lehenbiziko printzipioaren aurka: ‘ura ez da gainerako merkataritza-ondasunen modukoa, baizik eta ondare bat, zaindu, babestu eta halakotzat tratatua izan behar dena’”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 59. zk., 2014-04-30ekoa)