Publicada el Jueves, 26 de Junio de 2014

Nafarroako Gobernua Emakumeen genitalen ebaketaren aurkako prebentziorako protokoloa abiaraz dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Eskatzen da ezarpen erreal eta eraginkorra ahalbidetuko duen aurrekontu-esleipena egin dezan, 2015erainoko egutegi zehatz batean oinarrituta

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “bultza dezan protokoloan zehaztutako esku-hartze maila guztiak osorik abian jartzea, bai eta Emakumeen genitalen ebaketaren aurkako prebentzio eta jardunerako Protokoloan jasotako departamentuarteko batzordea aurten sortzea ere”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “arlo horretan jarduteko egutegi zehatz bat presta dezan, 2014 eta 2015erako”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Emakumeen genitalen ebaketaren aurkako prebentzio eta jardunerako Nafarroako Protokoloaren ezarpen erreal eta eraginkorra ahalbidetuko duen aurrekontu-esleipen proportzional eta egokia egin dezan”.

Bestalde, Parlamentuak “Justizia Unibertsalaren Legearen aldaketa arbuiatzen du, eta Espainiako Gobernua premiatzen du aipatu aldaketa hori indargabetu dezan; izan ere, besteak beste, gure lurraldean bizi diren neskatoei Estatutik kanpo egindako ebaketen jazarpena desagerraraz dezake, eta egungo legediak daukan disuasio-efektua galtzea ekarriko du”. Idatz-zati horrek PPNren aurkako botoa jaso du.

Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuak eskatzen du “Indarkeria Matxistaren aurkako Lege berria taxutzean emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria-mota gisa jaso dezan emakumeen genitalen ebaketa; izan ere, haien oinarrizko eskubideak urratzen ditu –esaterako, osotasun fisikorako eskubidea-, eta ondorio larriak dakartza osasunerako –bai fisikorako, bai psikikorako-, heriotza eragiteraino hel baitaiteke”.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernua premiatzen da “nazioarteko lankidetzaren aurrekontuan zenbateko egoki eta proportzionalak jaso ditzan, jatorrizko herrialdeetan sentsibilizaziorako, prestakuntza emateko eta giza eskubideen urraketa-egoera guztiak ekiditeko politikak garatze aldera”.

Azkenik, eskatzen da “politika horiek Lankidetzarako Plan Estrategikoan jaso daitezen”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek eta atxiki gabekoek bultzatu duten ebazpenak Emakumeen genitalen ebaketaren aurkako prebentzio eta jardunerako Protokoloa garatzeko eta onesteko egin den lana azpimarratu du, “mugarria baita genero indarkeriaren adierazpide honi aurre egiteko moduan”. Hala ere, ari da “Nafarroako Gobernuak ekarpen ekonomiko urria egiten duelako eta Justizia Unibertsaleko Legearen erreformaren efektu negatiboak direla-eta, zigorgabetasun esparruak sortzen baititu”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 68. zk., 2014-05-23koa)