Publicada el Martes, 25 de Noviembre de 2014

Parlamentuak hirugarren aldiz luzatu ditu 2012ko Aurrekontu Orokorrak

Sozialistek, Bilduk, Aralar-Nabaik, I-Ek eta 2015erako NAOren Foru Legearen proiektura atxikita ez daudenek osoko zuzenketa onartu ondoren

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Sozialistek, Bilduk, Aralar-Nabaik, I-Ek eta 2015eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legearen proiektura atxikita ez daudenek defendatu duten osoko zuzenketa onartu du gaur, SNren, Bilduren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxikirik gabekoen aldeko botoekin eta UPNren eta PPNren kontrako botoekin.

Lege proiektua Gobernuari itzuli zaio, Bilduren eta Aralar-Nabairen osoko zuzenketa bozkatu ondoren, aurkeztutako lau zuzenketen lehenengoa izan dena (ez da SNk, I-Ek eta atxikirik gabekoek aurkeztu dituztenak bozkatu behar izan). Beraz, oraingoarekin hiru aldiz atzeratuak izan dira 2012rako Aurrekontu Orokorrak. Izan ere, 2012ko aurrekontuak 3.711 milioikoak dira, Gobernuak 2015erako aurreikusi zuena baino 84 milioi gutxiago ( 3.797.258.293 euro).

Esan bezala, 2015eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legearen proiektua 3.797.258.293 eurokoa da. Horietatik, 3.417.853.385 euro finantza-gastuak ez denari dagozkio (Nafarroako Gobernuaren departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua) eta gainerakoa, 379.404.908 euro, finantza-gastuetara bideratu dira. Aurrekontua azaroaren 3an izapide gisa onartua izan zen eta egun bat geroago Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Nafarroako Sozialisten osoko zuzenketak argudiatzen du 2015erako Aurrekontuen proiektuak “hezkuntzako eta osasun eta gizarte zerbitzuetako murrizketen inertziari jarraitzen diola eta jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzen dituzten tresnak falta zaizkiola”.

Hori guztia irabazien politika “oker” baten fruitua dela pentsatzen dute, bai “dirua biltzeko” iturriei bai “zerga iruzurrari eta Gobernuaren negoziazioaren helburua diren gaiei” dagokienez. Horri buruz, eta egoera “larriagotu” den arren, faltan botatzen da “defizitaren xedeari, zorpetze mailari eta BEZaren bilketaren doikuntzari dagokienez, anbizio gehiago”.

Talde sozialistak defendatzen du “etsipena eta ekintza-eza” transmititzen duen aurrekontu bat dela, eta hori “defizitarekin tematuta, ongizate mailaren eta herritarren eskubideen atzerapenean interesatuta eta biktima izaten jarraitzeko ukapenaren alde dagoen Gobernu baten “nekearen” ondorioa dela.
Zentzu horretan eta amaitzeko, atzeratu diren 2012rako aurrekontuak funtsean Gobernuak 2015erako diseinatu duen proiektua baino “hobeak direla” esan dute, euren ustez proiektuak “ez baitu ezta PPren Gobernuak auzitan egoteko duen gogoa eta mespretxua baretzeko ere balio”.

Bilduk eta Aralar-Nabaik, bere aldetik, adierazi dute Parlamentuari heldu zaion Proiektuarekin Nafarroako Gobernuak “murrizketen politika betikotzen duela, zerbitzu publikoen hondaketa azpimarratzen duela eta ahultasun ekonomiko eta soziala larriagotzen duela” frogatu dutela, UPN-PSNren zerga-diseinuak gastuaren mugaren definizioan Estatuarekin dituen paktuak balioztatzen besterik ez duelako egiten”.

Aipatutakoaren ildotik, eta aurreko bi ekitaldietako kontuen "antzekoak" diren kontu batzuei dagokienez, Gobernuaren "arduragabekeria” eta “zorroztasun falta” argi utzi ondoren, Nafarroaren “desforalizazioa” gaitzetsi dute, CANen desagerpena gogorarazi dute, “gure ekonomiaren finantza beharrei erantzuteko tresna gisa”, eta “Compotos ganberak 2013ko Nafarroako Kontu Orokorretako ikuskatze txostenean nabarmendu zuen moduan, inbertsioak egiteko gaitasun praktikoa falta dela” ohartarazi dute.

Horregatik guztiagatik eta Komunitatearen “errealitate ekonomiko eta sozialarekin bat ez datorren” susperraldi apal bat bizi dugula dioten datu makroekonomikoei garrantzirik eman gabe, Bildu eta Aralar-Nabaik “gizarte justizian, aberastasunaren birbanaketan eta kalitatezko zerbitzu publikoak izateko beharrezkoa den finantzazioan sakonduko duen aurrekontu eta zerga politika bat garatzeko konpromisoa” agertu dute.

Izquierda-Ezkerrak baieztatu du Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektuak "AHT eta Nafarroako kanalaren kasuak salbu, krisia eta langabezia areagotuko duen inbertsio publikoaren gainbehera dakarrela (%52 2010arekin alderatuz). Epealdi horretan bertan, Hezkuntzan (%14) eta Osasun zerbitzuetan (%10) egindako murrizketek, 94 eta 102 milioikoak direnak hurrenez hurren, “Gobernuak defizita kontrolatzeko duen errezeta bakarra” irudikatzen dute.

I-Ek ere faltan botatzen du zerga sistemaren oinarriak orekatuko duen zerga erreforma bat. Izan ere, sistema “enpresen etekinak zaintzeko, lanaren errentetan (PFEZ) datza, diru-bilketaren %83,94 osatzen dutenak, %15,58koa den kapitalaren errentekin (sozietateen gaineko zerga) alderatua”.

I-Ek uste du, “geldialdiaren eta berreskurapen urriaren arteko bidean dagoen ekonomia batekin, Nafarroako Gobernuko aurrekontu politika negargarriak ez diola ez susperraldi ekonomikoari ez lanpostu-sorkuntzari lagunduko. Defizita kontrolatzeko errezeta bakarra, gastuen, inbertsioaren eta zerbitzu publikoen murrizketa da oraindik".

Ildo beretik, atxikirik gabekoek Gobernuaren aurreikuspenen "sinesgarritasuna” eta egungo egoerara “egokitzeko” modua berriz zalantzan jarri dituzte. Azken finean, “defizitaren helburuak betetzean eta partekatzen ez dugun zerga erreforma bati lotuta dauden irabazien aurreikuspenetan” oinarritzen diren "baldintzak" dituzten aurrekontuak dira.

Horregatik, eta “konfiantza politikoa izateko beharrezkoak diren baldintzen faltagatik", atxikirik gabekoek "une zehatz honetan aurrekontuen atzerapena egokiagoa" dela arrazoitu dute.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak, Lourdes Goicoecheak, bestalde, 2015erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua “zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko” helburua duten “irizpide orekatuek” zuzentzen dutela defendatu du.

Zentzu horretan, Goicoecheak Osasun zerbitzuek, Hezkuntzak eta Gizarte Politikak “finantza gastuak ez denaren %51,7 esparru horietara eta beste %40,5, industriaren sustapenera eta enplegua zein aberastasuna sortzera, Proiektuaren bigarren ardatza den jarduera ekonomikoa bultzatuz, bideratzen duten” kontuetan duten pisua azpimarratu du.

Goicoecheak, “susperraldi sendo eta iraunkor bati buruz hitz egiteko oraindik goizegi dela” onartu badu ere, nabarmendu ditu “azken bost hiruhilekoetan bizi den hazkunde etengabea, enplegua sortu duena, defizit publikoaren murrizketa nabaria eta Nafarroaren kreditu-gaikuntzaren hazkundea. Herritarrak oraindik ohartu ez badira ere, susperraldi ekonomikoa existitzen da eta nabari egingo da”.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Legearen proiektuaren argitarapena (NPAO, 119 zk., 2014-11-04)