Publicada el Jueves, 26 de Febrero de 2015

Iruñeko Adierazpena

Catalanek Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarrean onetsi zen testua irakurriz eman dio hasiera osoko bilkurari

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalanek, hilaren 21ean onetsi zen Iruñeko adierazpena irakurriz eman dio hasiera gaurko osoko bilkurari. Iruñeko adierazpena Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarrean onetsi zen. Hamaika erkidegotako parlamentuen ordezkarien parte-hartzea izan zuen eta Nafarroako Parlamentuaren egoitzan egin zen.


Adierazpenak honakoa dio:


2015eko otsailaren 21ean Iruñean, Nafarroako Parlamentuko egoitzan, “Bakea eta Askatasuna Saharan” parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarrean elkartuta gauden honetan, etorkizunean saharar herria askatasunez bizi dadin gure posizio politikoa eta konpromisoa berresten dugu eta honakoa adierazten dugu:


Aurreko parlamentu taldeen arteko biltzarretako hitzarmenak oroitzen eta berritzen ditugu eta onetsitako adierazpenak berresten ditugu, batez ere 2014an Meridan onetsi zena. Haietan, besteak beste, Nazio Batuen ebazpenetan oinarrituta eta nazioarteko zuzenbidea zorrotz errespetatuta aldarrikapen zuzen bat egiten zen saharar herriak erreferendum bidez autodeterminaziorako eskubide legitimoa izan dezan, hamarkadatan jasaten ari den deskolonizazio prozesuaren azkeneko urrats gisa.


Beste behin, salatzen dugu ez dela legezkoa marokoarrak Mendebaldeko Saharan egotea eta ezin duela sahararren autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea kaltetzen duen eragin juridiko edo politikorik izan.


Parlamentuko saioetako lana oroitzen dugu, non Nazio Batuen ebazpenek eta giza eskubideekiko errespetuak bete daitezen exijitzen duten lurralde okupatuetan dauden saharar biztanleen adierazpen, bilera, elkartze eta manifestazio eskubideak larriki urratu direla baieztatu dugun.


Frente Polisarioa saharar herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra dela baieztatzen dugu, eta horrela aitortzen dute bai NBEk bai nazioarteko erkidegoak.


Parlamentuen arteko taldeen biltzar honetan landutakoarekin bat eta exijentzia mailarik altuenean, honakoa adosten dugu:


-Oroitzea Mendebaldeko Sahara ez dela inoiz Marokoko Erresumarena izan eta horregatik eskatzen dugu Mendebaldeko Sahara era ilegalean okupatzeari utz diezaion eta sahararrek autodeterminaziorako eskubidea erabili ahal izan dezaten.


-Marokoko Erresumari exijitzea saharar preso politikoak eta kontzientzia-presoak berehala aske utz ditzan eta espetxeetan giza eskubideak urratzeari utz diezaion, kontrolatzen dituen espetxeetan presoen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatuta.


-Nazio Batuak premiatzea gehiago luzatu gabe Mendebaldeko Sahararen gatazkarentzako behin betiko konponbide justua susta dezan. Horretarako, beharrezkoa da saharar herriak erreferendum bidez duen autodeterminaziorako eskubidea praktikan jartzea.


-Marokoko Gobernua Mendebaldeko Saharan burutzen ari den baliabide naturalen espoliazioa salatzea eta bertan jarduten duten enpresei nazioarteko eskubidea zein saharar herriaren eskubideak errespeta ditzaten exijitzea.


-Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera larria ikusita, beharrezko jotzea MINURSOk bere funtzioak eta zereginak areagotzea. Hori dela-eta, Nazio Batuak premiatzen ditugu Misioari okupatutako eskualdeetako sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko ahalmena eman diezaion.


-Nazio Batuei Marokoko Erresumarekin sinatu zen Lehentasuneko Hitzarmenean xedatzen den giza eskubideen errespetuari buruzko klausula eraginkor egin dezan exijitzea.


-Saharar emakumeen egoera bakardade eta deserrotze egoera dramatikoari dagokionez dei egitea, giza eskubideen urratzearen biktima baitira. Herritarrek ez dute horri buruzko informazio nahikorik. Okupatuetako eskualdeetan desagertutako emakumeei aipamen berezia egitea.


- Espainiako erakunde publikoak premiatzea Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatuta dauden herritarrei eta okupatuta dauden eskualdeetako sahararrei babes solidario eta humanitarioa ematen jarraitzera eta, ahal bada, areagotzera.


- Crans Montana Foroa gauzatzea arbuiatzea, eta antolatzaileei Dajlan aurreikusten den topaketa burutzeko erabakia berriro kontuan har dezaten eskatzea, legez kontra eta nazioarteko eskubidea urratuta okupatu den eskualdea baita.


Parlamentu taldeen arteko biltzarra Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen egoerarekin erantzukizun historikoa, legala eta politikoa duenaz kontzientea da. Hori dela-eta, Espainiako Gobernua honakoetara deitzen du:


-Marokoko Erresumari Mendebaldeko Saharan okupatutako eskualdeetan giza eskubideak zorrotz errespeta ditzan eta saharar herriak pairatzen dituen eskubide urratzeak eten ditzan exiji diezaion. Era berean, Nazio Batuen barruan era aktiboan lan egin dezan premiatzen da, MINURSOk bere funtzioak areagotu ditzan eta horrela Mendebaldeko Saharan giza eskubideak betetzen direla ziurta eta babes dezan.


- Hassanna Aaliaren egoera berrikus dezan, ekintzaile sahararrari eskatzen duen babes politikoa eman diezaion; ildo horretan, estatu espainoleko hainbat parlamentuk eman dituzten ebazpen eta adierazpenak oroituta.


- Frente Polisarioak Espainian duen Ordezkaritzari estatus diplomatikoa eslei diezaion, saharar herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra baita, NBEk aitortu zuten moduan. Halaber, RASD aitor dezan premiatzen da.


- Behar diren ekimen politikoak bultza ditzan, behin betiko konponbide justu bat lortze aldera, zertarako eta saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubide legitimoa babesteko, erreferendum libre eta erregular baten bidez, amaitu gabe dagoen deskolonizazio prozesuaren azkeneko urrats gisa.


-Nazio Batuen Seguritaterako Kontseiluaren kide den aldetik, Mendebaldeko Sahararentzako Bakearen Plana betetzeari dagozkion kontuak lehenets ditzan eta eskualdean giza eskubideak berrikusteari dagokionez Minursok dituen eskumenak bultza ditzan. Eta ildo berean jardun dezan Lagun Taldean egiten duen parte-hartzean.


-Saharar herriarekin elkarlana eta laguntza humanitarioa indartu dezan, bai errefuxiatuen kanpamentuetan, bai okupatuta dauden eskualdeetan.


Azkenik, parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarrak honakoa adierazi nahi du Espainiako gizarteari dagokionez:


Komunikabideak Mendebaldeko Sahararen istilua gizarteak ematen dion garrantzia berdinarekin gonbidatzen ditugu. Eta pertsona solidarioak Mendebaldeko Sahararen egoera sare sozialen bidez zabaldu eta sala dezaten animatzen ditugu.


Gure parlamentuek Saharako Parlamentuarekin harreman instituzionalak eta politikoak izan ditzan errazteko konpromisoa hartzen dugu.


Esparru unibertsitarioak, judizialak eta administratiboak animatzen ditugu Mendebaldeko Saharan jazo diren giza eskubide urraketa ekintzak argitzeko lan egiten jarrai dezaten.


Eskerrak ematen dizkiegu egunero saharar herria laguntzeko lan egiten duten elkarte, federazio eta kolektibo solidario eta sozialei, haien azkeneko helburua etorkizunean herri hori askatasunean bizi dadin lortzea baita. Ildo horretan, Juristen Nazioarteko Batzordearen lana goraipagarria dela deritzogu.


2015ean deituko diren hauteskunde munizipal, autonomiko eta orokorren aurrean, eta Mendebaldeko Sahararen istilua larria denez gero, alderdi politikoei haien hauteskunde programetan Mendebaldeko Sahararen legezkotasuna defendatzeko konpromiso irmoa har dezaten eskatzen diegu.


Eta elkarte eta erakunde guztiak udazkenean Madrilen antolatuko den EUCOCO 2015 biltzarrak arrakasta izan dezan lagun dezaten dei egiten ditugu
Parlamentuen arteko taldeen koordinatzaileak Diputatuen Kongresuak dagokion batzordean parte har dezan eskatuko du, Iruñeko adierazpen hau aurkezteko helburuarekin.


Parlamentuen arteko taldeek okupatuta dauden eskualdeetako sahararrak babesteko lana lehenesten dugu. Hori dela-eta, 2015ean ikuskapen misioak bidaltzen jarraituko dira.


Iruñeko adierazpena Nazio Batuen Seguritateko Kontseiluaren ordezkariari, Espainiako Gobernuari, Europako Batzordeari, Frente Polisarioaren Espainiako Delegazioari, Marokoko Gobernuari eta Espainiako Kongresuari zein Senatuari igorriko zaie.