Publicada el Jueves, 12 de Marzo de 2015

Parlamentuak unibertsitate-irakaskuntza ofizialen antolamendu berria geraraz dadin eskatu du

Dioenez, arrakala soziala areagotzen du, goi mailako irakaskuntzaren kalitatea andeatzen du eta gradu titulua degradatzen du, horrekin enplegurako sarbidea zailago eginez eta irakasleak kaltetuz

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “indarrik gabe utz dezan otsailaren 2ko 43/2015 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baitira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen duena, eta urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua, Doktoretzako irakaskuntza ofizialak arautzen dituena; izan ere, Espainiako desberdintasunen arrakala soziala areagotzen du, goi mailako irakaskuntzaren kalitatea andeatzen du eta gradu titulua degradatzen du, horrekin zailago eginez ikasleek enplegurako sarbidea izan dezaten eta irakasleen interesak kaltetuz”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, oraingoan ere UPNren babesarekin, Gobernu zentrala premiatzen den “Unibertsitate Kontseiluaren baitan susta dezan txosten bat egin dadila unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamendu indardunaren emaitzei buruz, txosten horretan sartuta nazioaren, Europaren eta nazioartearen esparruetako baloraziorako garrantzitsua den adierazle multzo bat”.

Era berean, hirugarren idatz-zati batean, Espainiako Gobernua premiatzen da “susta dezan, Unibertsitate Politikari buruzko Konferentzia Orokorrean, Unibertsitateen Kontseiluan eta Estatuko Unibertsitate Ikasleen Kontseiluan, Batzorde Misto bat era dadila, zeinak helburutzat izanen baitu txosten bat egitea Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sustatutako erreformak unibertsitateen finantzaketa publiko eta pribatuan, aukera-berdintasunean eta unibertsitate-tituludunen enplegurako sarbidean dauzkan eraginei buruz”.

Azkenik, Gobernu zentrala premiatzen da “behin txosten horiek dauzkanean, eta Unibertsitateen Kontseiluak eta Batzorde Mistoak hala gomendatzen badute, unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamenduaren erreforma berri bat aurkez dezan, non, betiere, Estatu Kontseiluak bere irizpenean egindako ohartarazpenetatik eratortzen diren aldaketak sartuko baitira, bai eta aurrez aipatutako azterlanetatik heldu direnak ere”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak dioenez, erreforma honek “ez du zorroztasun, elkarrizketa eta egokitasunik eta zerikusi txikia du, edo inongo zerikusirik ez, goi ikasketen kalitatea hobetzearekin, eta, bestela ere, ekarriko dituen ondorioek eragin argia izanen dute gure unibertsitate-ikasleen aukera-berdintasunean”.

Ildo horretan, proposatu duen taldeak ohartarazten duenez, ez dago koherentziarik “deklaratutako helburuen eta hartutako neurrien artean” eta azpimarratzen duenez, ez dago “Hezkuntza Ministerioak erreforma hau dela-eta dauzkan asmoak babestuko duen diagnosi zorrotzik”; baina poztu egiten da Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak “2017ra arte dekretu hori geraraztea” erabaki duelako.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 32. zk., 2015-02-27koa)