Publicada el Jueves, 26 de Marzo de 2015

Nafarroako Gobernua Aste Txuriaren iraupena berma dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Ohartarazten denez, oraingo kanpainak, arestikoek ez bezala, ez du eduki Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren finantzaketarik, eta horrek eragozpen ugari eta ziurgabetasuna eragin du

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Gobernua “Aste Txuriaren iraupena berma dezan, kasuko aurrekontu-zuzkiduraren bidez” premiatzen duen ebazpena aho batez onetsi du gaur.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek eta atxiki gabekoek bultzatu duten ebazpenak oroitarazten duenez oraingo kanpainak, arestikoek ez bezala, ez du eduki Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren finantzaketarik, eta horrek “eragozpen ugari eta ziurgabetasuna eragiten du, maila askotan, ibarrean. Kanpainaren bideragarritasuna dago kolokan etorkizunari begira”.

Ildo horretan, proposatu duten taldeek azpimarratzen dutenez, indarrean egon den 30 urteetan iraupen-eskiko kanpaina “esperientzia oso positiboa izan da”. Izan ere, kirol sustapenaz harago, gazte askorentzat familia-ingurunetik kanpo egun batzuk egiteko lehen aukera da”.

Horrez gain, Aste Txuria “pizgarri ekonomiko bat da eskualdearentzat; hartara, familia-ekonomia eta negozio ugari mantentzen laguntzen du, bestela itxi egin beharko luketenak beharbada, bestelako jarduera ekonomikorik gabeko eskualde horretan”.

www.parlamentodenavarra.es