Publicada el Martes, 21 de Julio de 2015

Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia eginen da Parlamentuan asteazken honetan

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan izanen da, 11:30ean, eta Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez ere mintzatuko da

Uxue Barkos Berruezo andrea Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia eginen da Nafarroako Parlamentuan bihar, hilak 22.

Ekitaldirako deia Nafarroako Parlamentuko lehendakariak egin du, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 25. artikuluari jarraituz. Bertaratuen artean Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministro Isabel García Tejerina andrea egonen da, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministro Cristóbal Montoro jaunaren ordezkari gisa.

Karguaren jabetza hartzeko ekitaldia 11:30ean hasiko da, Tronpeta eta Tinbal Bandak Nafarroako ereserkia jotzearekin. Jarraian, Legebiltzarreko Mahaiko lehen idazkariak, Maiorga Ramírez jaunak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izendatzeko Errege Dekretua irakurriko du.

Gero, lehendakariak bere karguaren gaineko hitzematea eginen du Parlamentuko lehendakariaren aurrean, honako formula hau erabiliz:

 

Prometo respetar, mantener y mejorar el Régimen Foral de Navarra, acatar la Constitución y las Leyes y cumplir fielmente las obligaciones de mi cargo de Presidenta del Gobierno de Navarra”.


Hitzematen dut Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala, Konstituzioari eta legeei men eginen diedala eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguari dagozkion betebeharrak leialki beteko ditudala”.

 

Hitzematearen ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez andrea, eta Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos andrea, mintzatuko dira, hurrenkera horretan.

Musikaz Iruñeko Orfeoia arduratuko da, zeinak bi obra kantatuz parte hartuko baitu legegintzaldi-hasiera honetan: Jaurrietako Axuri Beltza herrikoia, eta Raimundo Lanas-en Navarra mía . Saioa Duguna dantza-taldearen aurresku batekin bukatuko da.

Ekitaldira gonbidatuta daude Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako (Euskadi, Aragoi, Errioxa) eta haien Parlamentuetako lehendakariak, merindade buru eta 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietako alkateak eta lehendakari hautetsiaren familiarteko nahiz lagunak.

Halaber, aurreikusita dago Foru Komunitateko agintari nagusiak eta nafar gizarteko talde zibiko, sozial, ekonomiko, hezkuntza-arloko eta kultural guztien ordezkariak bertaratzea.

Zehazki, ekitaldira ofizialki gonbidatuta daudenen zerrendan daude, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakari ohiak, jarduneko gobernua, Gobernuaren Ordezkaria, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, Legebiltzarreko parlamentariak, Nafarroaren diputatu eta senatariak, Europako diputatua, Nafarroako Kontseiluko eta Kontuen Ganberako lehendakariak eta Arartekoa, bai eta erakunde zibikoak eta enpresa-, sindikatu-, unibertsitate- eta lankidetza-arlokoak ere.