Arartekoak 2014. ekitaldiari dagokion urteroko txostena aurkeztu du
Jaso diren 2.742 kexetatik gizarteratze errentarekin zerikusia dutenak nabarmentzekoak dira, bai ukatu izanagatik, bai zenbatekoarengatik, bai, enbargaezina izan arren, enbargatu izanagatik
Nafarroako Arartekoak, Javier Enerizek, 2014ko ekitaldiari dagokion urteroko txostena aurkeztu du gaur Osoko Bilkuran. Txostenak 4.029 esku-hartze jasotzen ditu, 2013an baino 1.583 gehiago, alegia, % 30 inguruko igoera eman da.
2014an egin den lan handiari esker, Nafarroako Administrazio Publikoek 115 iradokizun, 233 gomendio eta 84 legezko betebeharrei buruzko oroigarri jaso dituzte (432 erabaki osotara). Hori guztia, 11.494 herritarrek erakundera jo dutelako, besteak beste, ia 1.223 kontsulta egiteko eta 2.742kexa aurkezteko (1.045 espediente kudeatu dituzte), horien %78,5a izapidetzeko onartuak eta % 74,6a funtsatua. 2001ean erakundea abian jarri zenetik kexa gehien egon den urtea izan da eta 631 ikerketa egin dira (2013an 736).
Hurrenez hurren, honako hamar alorretan jaso dira kexa gehienak: memoria historikoa, euskara, funtzio publikoa, gizartearen ongizatea, hezkuntza, osasuna, ingurumena, ogasuna, herritarren segurtasuna eta hirigintza.
Lehenengo alorrari, memoria historikoari, dagokionez, Amerika 66 Mendiko Ehiztarien Erregimentua. 1764-2014. 250 urte Espainiaren zerbitzura erakusketari buruzko 1.618 kexa aurkeztu ziren, zeina Iruñeko Udalaren areto batean egin zen eta Babeseko Ministerioak antolatu zuen, izan ere, irizten zen urratzen zituela Gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta haien aldeko neurriak hartzeari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, eta Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legea.
Bigarren postuan euskarari dagozkion kexak daude. Horien artean, nabarmentzekoak dira Basaburuako herritarrek (eremu euskalduna) osasuneko Administrazioak Ultzamako oinarrizko osasun-eremuan erizain lanpostu baterako euskararen nahitaezko ezagutza betebehar gisa ez ezartzeagatik aurkeztu dituzten 239 kexak.
Hirugarren postuan funtzio publikoari buruzko kexak daude, zeinak gehienak osagarri edo laguntza jakin batzuk ez aitortzeari edo ordaintzeari edo ordaindutako lizentzien edo baimenen baldintza jakin batzuekin bat ez etortzeari dagozkion. Kexa horietatik asko irakasle funtzionarioek eta Osasunbideako langileek aurkeztu zituzten.
Laugarren postuan, gizartearen ongizateari, gizarte gaiei edo gizarte politikei dagozkien kexak daude. Gehienek Gizarteratze Errenta ukatzearekin, haren zenbatekoarekin eta, Nafarroako Parlamentuak “enbargaezin” izaera eman zion arren Administrazio publikoek diru-laguntza enbargatu izanarekin zerikusia dute. Horiez gain, ezgaitasunak dituzten pertsonen babesa eta gizarteratzearekin eta haurrak eta nerabeak babestearekin zerikusia dutenak daude.
Bosgarren tokian hezkuntzaren alorreko kexak daude. Horien artean, zenbait udaletako haur eskolen tarifei buruzkoak nabarmentzen dira, izan ere, bertakoa izan edo ez tarifok ezberdinak dira. Era berean, ikasteko diru-laguntzak ukatzeari buruzko kexak aurkeztu dira, bai eta Nafarroa-Nazioarteko Praktiketarako Bekak direlakoen zenbait betebeharrekin bat ez etortzeari buruzkoak, eta Nafarroa Master Bekak ez deitzeari buruzkoak.
Aurten ere gurasoek lehen aukera gisa aukeratu duten ikastetxean onartua ez izatearekin lotuta dauden kexak aurkeztu dira.
Seigarren postuan osasunarekin zerikusia duten kexak daude. Alor honetan, aurten ere itxaron zerrendekin zerikusia duten kexak aurkeztu dira, batez ere traumatologian eta oftalmologian. Halaber, pazienteak jasotzen duten arreta klinikoarekin eta berehalako osasun laguntza faltarekin konforme ez daudela agerian geratu da.
Ingurumenean izaera anitzeko jarduerek eragindako zaratekin eta gazteen etxabeek eta ostalaritzako negozioek eragindako kutsadura akustikoa dela-eta zenbait herritarrek haien etxebizitzetan jasaten dituzten eragozpenekin zerikusia dutenak nagusitzen dira. Baina badira faunaren eta ehizaren babesari eta hondakinei buruzkoak ere.
Zortzigarren postuan ogasuna dago, eta gehienak tributuei buruzko kexak dira, batez ere Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari (PFEZ) eta Balio Erantsiaren Gaineko Zergari buruzkoak.
Toki tributuei dagozkienen artean, aurten ere Hirilurren Balio Igoeraren Gaineko Zergarekin eta katastroko balioak berrikusi ondoren udalen batek Udal Zerga igo izanarekin zerikusia duten kexak aurkeztu dira.
Bederatzigarren alorra herritarren segurtasuna da. Kontzeptu horren barruan barne departamentuari buruzko kexak jasotzen dira. Esku-hartze polizial jakinekin, espetxeetako administrazioarekin izandako arazoekin eta joko eta ikuskizun publikoekin lotutako hainbat kexa aurkeztu dira. Beste batzuek zezen ikuskizunek dakartzaten animalien gaineko tratu txarrak gaitzetsi dituzte. Izaera partikularrago batekin, jaialdi antolatuetarako esposizioak adingabeei ekar dakiekeen arriskua salatu da.
Hirigintzan, hirigintzako informazioari buruzkoak nagusitzen dira, bai hainbat udalek herritarrek egindako eskaerei ez erantzuteagatik, bai Datuen Babeserako Lege Organikoa era okerrean jarraituta informazio hori ematea ukatzeagatik.
Kexak aztertu ondoren, 326 ebazpen egin dira, alegia, 2013. urtearekin alderatuta 76 gutxiago. Arartekoak hartutako erabakien onarpen maila % 62,85ekoa da (ia iaz baino zortzi puntu gutxiago); aurten inoiz baino arbuio gehiago egon dira.
Kontsultei dagokienez, gizartearen ongizateari buruzkoak nagusitu dira, zehazki zentro eta egoitzetan egoteko sarbideari eta baldintzei buruzkoak, hirugarren adinekoentzako laguntzei eta laguntzako pentsioei buruzkoak, ezgaitasunengatiko eta gaixotasun mentalengatiko laguntzei buruzkoak eta sartze erraztasun gaiei buruzkoak. Adingabeei dagokienez, adingabeek Behaketa eta Harrera Zentroetan jasotzen duten tratuarekin bat ez etortzeari edo babesgabetasun kasuak egoteari buruzkoak izan dira gehienak. Era berean, Gizarteratze Errenta ukatzearekin harremana duten kontsultak, esleitutako zenbatekoekin ados ez egoteari buruzko kontsultak eta berau enbargatu izanari buruzkoak aurkeztu dira.
Kontsulten bigarren taldea osasunari dagokiona da. Gehienak osasun arreta jasotzean atzerapena egotearekin (itxaron zerrendak) zerikusia dutenak eta emandako osasun arretarekin ados ez egotearekin eta arreta horrengatik erreklamazioak abiarazteko aukerarekin zerikusia dutenak izan dira.
Halaber, beste hainbat gairekin erlazionatutako kontsultak egin dira, informazio publikorako sarbidea izateko eskubidearekin, idatziz eta ezarritako epean erantzun bat jasotzeko eskubidearekin, Administrazioetan zerbitzura dauden langileen aldetik era egokian tratatua izateko eskubidearekin, etab.
Bestalde, herritarren 28 hobetze proposamen jaso dira (orain dela sei urte ekimen hau abian jarri zenetik 281 dira dagoeneko), gehienak ogasunari, gizartearen ongizateari, zerbitzu publikoei eta herritarrek Administrazio Publikoekin dituzten harremanetan haien eskubideak bermatzeari dagozkienak. 28 horietatik, Administrazioak 6 onetsi ditu zuzenean.
Azkenik, iaz kexen, kontsulten, ofiziozko jardueren, hobetzeko proposamenen eta txosten berezien bidez burututako jardueratik ondorioztatu daiteke herritarrek gero eta arreta eta informazio gehiago eskatzen dutela, bai eta haien eskubideak babestu daitezen gero eta gehiago eskatu ere, bereziki sozialak.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa, Parlamentuaren aginduz, herritarren eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den eta helburu horrekin Nafarroako Administrazio Publiko guztien jarduera ikuskatzen duen erakundea da.