Publicada el Jueves, 22 de Octubre de 2015

Indarkeria matxistaren biktimentzat etxebizitza bermatzeko plan bat prestatzera premiatu dute

Hornidura guztiak dituen etxebizitza sarbidea ziurtatuko duena, gehienez ere hilabete bateko epean

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk, PPNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta PSNren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “etxebizitza berehala bermatzeko plan bat presta dezan, gizarte edo/eta berdintasun zerbitzu espezializatuek balorazioa egin ostean, indarkeria matxistaren biktima izaera duten emakume guztientzat, babes-agindua dagoen ala ez alde batera utzita”.

Etxebizitza bermatzeko plan horrek “jasoko du Nafarroako Komunitateak behar diren hornidura guztiak dituen etxebizitza baterako sarbidea erraztuko duela, gehienez ere hilabeteko epean, kasuko gizarte edo/eta berdintasun zerbitzu espezializatuek eskabidea egiten dutenetik aitzina”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen aplikazioa bermatzea emakumearen aurkako indarkeria-mota orotarako, Emakumearen kontrako diskriminazioa desagerrarazteko Batzordeak bere 19. gomendio orokorrean eta Emakumearen kontrako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean –hots, Istanbulgo Hitzarmenean, zeina Espainiak berretsi egin baitzuen- exijitutakoarekin bat”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “plan estrategiko bat berehala garatzera, behar adina baliabidez hornitua, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legea aplikatzeko. Hartara, lan-mahai bat eratuko da (mugimendu feministak, tokiko eragileek eta genero indarkerian aditu direnek parte hartzeko tresna egonkor eta eraginkor gisa), orain arteko politikak ebaluatzeko eta proposamen berriak egiteko (programa-akordioaren 11. puntua)”.

Azkeneko bi idatz-zatiak aho batez onetsi dira.

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Duguk bultzatu duen ebazpenak salatu du “aurrekontu-murrizketek berdintasunaren arloko politika publikoak arian-arian eraitsi direla”, NBEk alor honetan ematen ari den “atzerakada argia eta garbiari” aurre egiteko eman dituen “gomendioak” aipatu ditu eta eskatu du biktima diren emakume guztiei laguntzak eman dakiekeen, babes-agindua egon ala ez.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-10-09koa)