Miguel Laparrak "etxebizitza negozio izateari utzi eta eskubide izatera igaro dadin" defendatu du
UPNren interpelazio bati erantzun dionean, Gizarte Eskubideen arduradunak jakinarazi du babes ofizialeko etxebizitza erosteagatik zerga arintzea mantenduko dela
Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen lehendakariordeak, Miguel Laparrak, baieztatu du Nafarroako Gobernuak “etxebizitza negozio izateari utzi eta eskubide izatera igaro dadin” ekarriko duen politika bat ezarri nahi duela.
Miguel Laparrak UPNk Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen interpelazio bati erantzun dio eta esan du alokairua eta etxebizitza zaharberritzea lehenestearen aldeko apustua egingo duela. Aldi berean, azaldu du babes ofizialeko etxebizitza erosteagatik zerga arintzea mantenduko dela.
Laparrak adierazi duenez, “sektorearen eragin ekonomikoaz gainera, guretzat etxebizitzaren politika sozial batean funtsezkoa da etxebizitzarako eskubidea bermatzea, eta hor UPNrekin alderatuta alde handia dago, ez dakit hori berdin interesatzen ote zaizuen”.
Gobernuko lehendakariordeak ziurtatu duenez, “alokairuaren sustapen publikoa lehentasun bat da” eta azaldu du gauzatuko den “intentsitatea eta erritmoa” “eskuragarri dauden baliabideen eta departamentuan topatu ditugun beharren analisi zehatz baten araberakoa” izango dela.
Era berean, Laparrak aurreratu du alokairuan diru-laguntzak ehuneko 10 baino gehiago areagotuko direla eta zaharberritzeari “lehentasuna” emango zaiola.
Erosketaren kasuan, Miguel Laparrak baieztatu duenez, “Gobernuak ez du babes ofizialeko etxebizitzen zerga arintzerik kendu nahi. Mantenduko dira, beti errenta baxuko sektoreentzat soilik, babes ofizialeko etxebizitzen funtzio soziala berreskuratzen saiatzeko. Horrekin guztiarekin, 18.000 euroraino irits daitekeen zerga arintzeaz hitz egiten ari gara eta 18.000 euro baino gehiagoko diru-laguntza maximoaz”, baita babes ofizialeko etxebizitzaren moduluko prezioa ehuneko 4,06 murrizteaz ere.
Halaber, Laparrak aitortu du babes ofizialeko mila etxebizitza saldu gabe egoteak “kezkatzen” duela eta azaldu du beste erabilgarritasun batzuk bilatzen ari direla, esaterako alokatzeko kalifikatzea.
Luis Zarraluquik (UPN) esan du babes ofizialeko alokairuko etxebizitza sustatzea “lantzen jarraitu beharreko ikasgai bat” dela, “gizarteko kapa eta estratu zabaletara iristeko, ezin baitugu jarraitu egoera onenean daudenentzako produktu gisa hartzen. Departamentuan etxebizitzari buruzko azterlan estrategikorik ez bazegoen, merkatua desegina zegoenean azterlan gutxi egin zitezkeelako da, eta erraza da ulertzen. Ezin gara hausnarketa sakonen eta azterlan estrategikoen zain egon, zeren eta gainera Ahal Dugu-koek, ziur aski, ados ez daudela esango dietelako. Zerbait egin behar dugu”.
Isabel Aranburuk (Geora Bai) azpimarratu duenez, etxebizitza “pertsona guztien eskubide bat da eta oinarrizko sarbide funtsezkoa da”, Gobernuak sustatu behar duena babes ofizialeko etxebizitza eta alokairua delako, bere ustez modulua % 4,06 murriztuko duena.
Asun Fernandez de Garayaldek (EH Bildu) adierazi duenez, “babes ofiziala orain luxu bat da, jada ez du funtzio sozialik betetzen” eta hori da bere taldearen “kezka”, “pertsona guztiok etxebizitza duin bat izateko aukera izan dezagun” nahi du-eta, “alokatua edo erosia”.
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) esan duenez, modulua merkatzea “beharrezkoa da” eta “berandu iritsi da, ez da nahikoa eta ez du familiek galdu duten erosahalmena lehengoratzen, orain 4.000 pertsona baitaude alokatzeko zain eta 1.000 erosteko zain”.
Ainhoa Unzuk (PSN) etxebizitza “eskubide” gisa definitu du eta pendiente dauden babes ofizialeko etxebizitzen eskaerak aipatu ditu, argi uzten baitute “eredua jada ez dela baliogarria. Etxebizitzak funtzio soziala izan behar du”.
Javier Garciak (PPN) esan du gazteek etxebizitza eskuratzea errazteko modulua murrizteak “harrera ona” izan duela, baina bere taldearentzat “lehentasunekoa” dela erreforma bat egitea eta alokairuko etxebizitzarako sarbidea erraztea “errenta egokituz eta zaurgarritasun egoerak lehenetsiz”.
Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) nabarmendu du boterean dagoen Nafarroako Gobernuak duen ikuspuntua, “eskubide gisa eta ez negozio gisa” eta azpimarratu du kredituaren galeraren aurrean alokairua sustatu nahi dela eta “ez etxebizitza askeentzako zerga arintzeak mantendu”.