Publicada el Jueves, 5 de Noviembre de 2015

Nafarroako Gobernua hezkidetzarako eta genero indarkeriaren prebentziorako plan bat presta dezan premiatu dute

Esaten da Nafarroako hezkuntza sistemak ez dauka inolako tresnarik banaketa sexistak ezabatzeko eta pertsonen balioen berdintasunetik hezteko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “urgentziaz presta dezan hezkidetzarako eta genero indarkeriaren prebentziorako plan bat, Nafarroako hezkuntza sisteman aplikatzeko. Planak hezkidetza-eskolaren ereduan sakonduko du, estereotipoak baztertzeko lan eginen du, hezkuntza afektibo-sexuala nahiz prebenitzeko beharrezkoak diren baliabideak –baina baita biktimei laguntzeko beharrezkoak diren ere- jasoko ditu, eta hezkuntza erkidego osoa inplikatuko du”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek gehitze-zuzenketa bat aurkeztu dute, ekimenaren titular den PSNk onetsi duena. Bertan zehazten zenez, plan hori “INAIren eta berdintasuneko politiketan eta generoko indarkeriaren prebentzioan espezializatutako elkarte eta pertsona profesionalen aholkularitzarekin egingo da, eta sei hilabeteko epean Parlamentuan aurkeztuko da”.

Zioen azalpenean, PSNk bultzatu duen ebazpenak egungo eskola mistoa “eraldatzea” defendatzen du, banaketa sexistak alde batera utzita, hezkidetzako eskola bat ezartzeko “pertsonen balioen berdintasunetik heziko dena”.

Proposatu duen taldearen arabera, “une honetan gure hezkuntza sistemak ez dauka inolako tresnarik emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza amai dadin lan egiteko eta genero indarkeriarekin nahiz jatorrian sexismoa daukaten indarkeria guztiekin amaitzen laguntzeko”.

Ildo horretan, Genero indarkeriaren pertzepzioa nerabezaroan eta gaztaroan izeneko txostena aipatzen du. Izan ere, bertan baieztatzen denaren arabera “hiru gaztetik batek uste du ekidinezina edo onargarria dela egoera batzuetan bikotekidearen ordutegiak kontrolatzea, bere familia edo lagunak ikus ditzan eragoztea, lana edo ikasketak egin ditzan debekatzea edo hari zer egin dezakeen eta zer ez esatea”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-10-09koa)