Publicada el Jueves, 14 de Enero de 2016

Atzera bota dute Nafarroako Gobernuari TTIP tratatua babesteko eskatzen dion mozioa

PPNk uste du tratatu horrek berekin ekarriko dituela enpresak nazioarteratzeko aukera gehiago, esportazio gehiago eta lehiarako pizgarriak

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin, UPN eta PPNren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, mozio bat non Nafarroako Gobernua premiatzen baita “bere babesa eman diezaion Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko merkataritza askearen akordioari (TTIP), berekin ekarriko duelako esportazioak areagotzea, enpresa txiki eta ertainek aukera berriak izatea, lehia suspertzea eta enpresek nazioartekotzeko aukera handiagoak edukitzea”.

PPN parlamentu-taldeak aurkeztutako mozioak zioen azalpenean dioenez, TTIP tratatuaren bidez “esportazioak areagotu” eta “enpresentzako kostuak murriztu” eginen dira, eta, gainera, EBk “aurrerapauso bat ematen du nazioarteko merkataritza-harremanari buruzko etorkizuneko araugintzan”.

Proposatzaileak azpimarratu egiten du TTIPk merkataritzaren garapen eta bultzada handia ekarriko duela, bereziki sektore zehatz batzuetan, adibidez nekazaritzako elikagaien sektorean, energiaren sektorean, automozioan edo zapatagintzan; azken arlo horretako enpresak “200 milioi kontsumitzaile potentzialengana” iritsi ahal izanen omen dira.

Gardentasuna edo erregulazioa bezalako kontu “funtsezkoetan”, mozioak ohartarazi egiten du Europako Batzordea lanean ari dela “estatuen eta inbertitzaileen arteko desadostasunen arbitrajerako mekanismoa hobetzeko, arbitraje-organo objektibo, zalu eta independenteak, konfiantza sendotuko dutenak, ziurtatze aldera”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 25. zk. 2015-11-06koa)