Publicada el Jueves, 21 de Enero de 2016

Gobernuak lehentasunezkotzat jotzen ditu Kantauri-Mediterraneo arteko trenbide korridorea eta salgaien garraioa

I-Eren jabeldura bati erantzunez, Ayerdi lehendakariordeak esan du Nafarroak "bere trenbidean apustu handiak" egin behar dituela Europako oinarrizko sarera egokitzeko

Foru Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik esan du Nafarroa Kantauri-Mediterraneo arteko trenbide korridorean egotea "lehentasunezkoa eta erabateko interesekoa" dela Foru Komunitatearentzat, eta "epe luzera begira" erantsi du Nafarroak "bere trenbidearen aldeko apustu handien beharra" duela Europako sarearen baldintzetara egokitzeko.


Izquierda-Ezkerraren jabeldura bati erantzunez, Ayerdik adierazi du, gainera, "salgaien garraioari arreta handia" jarri behar zaiola, eta "hil edo biziko lehentasun" gisa kalifikatu du.


Ildo horretan azaldu du Europar Batzordeak apustu egin duela trenbide sare mistoaren alde, hau da, bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko sarearen alde. "Nafarroak Kantauri-Mediterraneo ardatzaren barnean egon behar du, bidaiarientzat eta salgaientzat izan behar du, eta salgaiena hil edo biziko lehentasuna da. Bidaiarientzako 300 km/h-ko abiadurarekin tematzeak ez du batere zentzurik", esan du. Halaber 'Euskal Y-aren' eta Iruñaren arteko lotura korridore atlantikotzat hartu ahal izateko aukera baloratzen ari da.


Manu Ayerdik esan du Nafarroak gaur egun ez dituela betetzen Europak definitu duen oinarrizko trenbide sarearen baldintzetako asko. Zehazki, baldintza bat baino ez du betetzen, trenbide linea erabat elektrifikatua egotea alegia.


Aldiz, Nafarroak ez ditu betetzen ardatz bakoitzeko 22,5 tonako kargaren gutxieneko baldintza, ez linea bakoitzeko ehun kilometro orduko abiadurarena, ezta 740 metro luzeko trenak ibili ahal izateko edukierarena ere. Trafikoa kudeatzeko Europako sistemarik ere ez du Nafarroako sareak, ez Europako trenbide-zabalerarik, ez trenbide bikoitzik ere, eta ez ditu betetzen gehieneko maldei buruzko baldintzak.


Manu Ayerdik zehaztu duenez, Europan estatuek zabalik dute trenbide proiektuen inguruko deialdi bat, eta, beraz, Nafarroako Gobernuak Gobernu zentralari eskatu dio Foru Komunitateari dagozkion bi kontu plantea ditzala. Lehenbizikoa, trafikoa kudeatzeko sistema ezar dadila Iruña-Gasteiz tartean. Bigarrena, Noaingo eremu intermodala egokitu dadila 740 metroko trenek maniobrak egin ahal izateko. "Estatuari ez zitzaion ikusten honelako ekimenetarako gogo handirik", adierazi du.


Lehendakariorde ekonomikoak azaldu duenez, Foru Gobernua "lanean ari da Europako zabalerarekin bat egiteko behin-behineko konponbideen bila, akordio programatikoak dioen bezalaxe".


Behinola Nafarroak eta Estatuak abiadura handiko trenari buruz sinatu zuten hitzarmena aipatu du, esanez hitzarmen horri gaina hartu diola "orientazio berri batek, hots, Europako joerak eta zentzu onak".
"Hitzarmen hori ez doa inondik inora, eta bera finantzatzeko formula zailtasunak sortzen ari da; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak baino baldintza txarragoak ditu, eta horrek ez du inolako zentzurik. Errealitateak guztiz gainditu duen hitzarmena da", berretsi du Ayerdik.


Lehendakariorde ekonomikoak gogora ekarri du Nafarroak oraindik ez diola Estatuari kobratu 30 milioi euro, trenbideko obren aurrerapenagatik 2015ean jaso behar zituenak, Foru Gobernuaren txosten juridikoek "argi eta garbi" frogatzen dutenez. Ayerdik zehaztu du Estatuak baduela "nolabaiteko borondate politikoa" egoera hori konpontzeko. "Egun batzuk hartu ditugu gogoeta-lanean aritzeko", erantsi du.


Marisa de Simonek (I-E FPE) adierazi duenez, abiadura handiko trenaren eragiketa "hondamendia izan da Foru Gobernuaren diru-kutxarentzat eta herritar guztientzat, Estatuak 30 milioi euro zor dizkigulako, nahiz eta aurreko Gobernuak itzuli eginen zirela ziurtatzen zuen". "UPNren Gobernuaren ontzi handi hura, PSNk ere babesten zuena, hondoratu egin da, aurreikusita zegoen bezala. Ayerdiren erantzunak asko poztu gaitu, Nafarroak trenbide eredu berri bat behar duela aitortzen ari delako".


Luis Zarraluquik (UPN PT) adierazi duenez, "ez dago Nafarroarentzako trenbide eredurik, guk ez dugulako eskumenik; Estatuak ezartzen du eredua Espainia osorako, eta gainera Europako trenbide ereduaren barruan egokitzen da. Ez dut uste inola ere alarmarako arrazoirik dagoenik; korridorea ez da, zenbaitetan esaten den bezala, inondik inora ez doan zerbait. Korridorea aprobetxatzeko modu bakarra trenak bertatik ibiltzea da".


Koldo Martinezek (Geroa Bai PT) hau azpimarratu du: "Akordio programatikoak sustatzen du Nafarroa ez dadila pertsonak eta salgaiak garraiatzeko prestazio handiko trenbideetatik bazter gelditu. Prestazio handiko trenbidean datza garraioaren etorkizuna, arlo horretan Europak eta munduak agertzen duten joerarekin bat. Eta azpiegitura horren bideragarritasuna zertan den badakien Gobernua dugu".


EH Bildu eta Podemos, ponentzia baten alde


Adolfo Araizek (EH Bildu PT) azpimarratu egin du bere taldea "abiadura handiko trenaren aurka" dagoela, eta ongi iritzi dio Parlamentuan garraioari eta mugikortasunari buruzko ponentzia sortzeari. "Gure gizartearen mugikortasun premien gaineko eztabaida sakonaren beharra dagoela uste dugu, eta, nola ez, aztertu egin behar da Nafarroak zer trenbide eredu behar duen".


Rubén Velascok (Podemos- Ahal Dugu PT) baieztatu duenez, "dela interes faltagatik dela diru faltagatik, AHTaren proiektua Nafarroan makalduz joan da". Azpimarratu egin du gerora begira ez dela horrelako proiekturik abian jarri behar "gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik analizatzeko azterlanik egin gabe". Foru Gobernuari gogorarazi dio akordio programatikoan aldirietako sarearen hobekuntza ere jaso dela, eta, EH Bildu bezala, Parlamentuko ponentzia baten alde agertu da.


Santos Cerdanek (PSN PT) adierazi du Manu Ayerdik esandakoa "ongi" iruditu zaiola, eta bere egin ditu trenbidearen nahiz Kantauri-Mediterraneo arteko korridorearen aldeko haren apustuak. "Badirudi Gobernuak argi daukala zein den bere apustu irmoa. Ez dut ulertzen Izquierda-Ezkerraren poza, beren eredua ez datorrelako inola ere bat Ayerdi jaunak esan duenarekin".


Ana Beltran (PPN FPE) ordaindu gabeko 30 milioi euroen inguruko eztabaidari buruz mintzatu da. Esan du Espainiako Gobernuak omen dituen txostenen arabera zenbateko hori ez dela ordaindu behar, "ez direlako obrak eskatu bezala burutu. Kontua da etorkizunean elkarrizketak izango direla eta badagoela akordioetara iristeko borondate politikoa", baldin eta Nafarroan obrek jarraitzen badute.