Publicada el Viernes, 29 de Enero de 2016

Foru parlamentarien eta behin-behineko langileen ordainsariak %1 igoko dira

Bilkuretan parte hartzeagatiko dietek ere gora eginen dute, ez ordea parlamentu-taldeentzako diru-laguntzek, bidaia ofizialengatiko kalte-ordainek eta kilometrajeak

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, OSTIRALEAN, URTARRILAK 29, EGINDAKO BILKURAN HARTU DITUZTEN ERABAKIAK

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura izan dute gaur, ostiralean, urtarrilak 29, goizeko 10etatik aurrera, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

Izapidetzeko onartutako gaiak eta hartutako erabakiak:

Mahaiak parlamentu-taldeentzako diru-laguntzak onetsi ditu 2016ko ekitaldirako. Parlamentu-taldeentzako diru-laguntzak izoztu egin dira 2016rako eta ez dira batere igoko 2015erako onetsi zirenen aldean: diru-laguntza finkoa hilean 8.091 eurokoa izanen da parlamentu-talde bakoitzarentzat; diru-laguntza aldakorra, berriz, parlamentari bakoitzeko 1.462 euro hilean “funtzionamendu gastuengatik”, gehi parlamentari bakoitzeko 1.117 euro hilean “antolaketa gastuengatik”, gehi taldeak dituen bost parlamentariko edo zatikiko 4.172 euro hilean “langileria eta jarduera gastuengatik”.

Mahaiak foru parlamentarien asistentziagatiko ordainsariak (dietak) onetsi ditu; %1eko igoera izanen dute, eta igoerak 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Bidaia ofizialetarako eta joan-etorrien gastuetarako zenbatekoak izoztu eginen dira eta ez dira batere igoko.

Asistentziagatiko dietak 137,52 eurokoak izanen dira Iruñean edo Iruñetik gehienez 25 kilometrora dauden herrietan bizi diren parlamentarientzat, eta 162,61 eurokoak Iruñetik 25 kilometrora baino urrutiago dauden herrietan bizi diren parlamentarientzat. Mantendu eginen dira kilometrajea, 0,31 euro kilometroko, eta kalte-ordainak, 110 euro egunean Nafarroatik kanpora egiten diren bidaia ofizialetarako eta 175,24 euro egunean atzerrira egiten diren bidaietarako.

Mahaiak foru parlamentarien ordainsariak onetsi ditu 2016ko ekitaldirako, eta %1 igoko dira; igoerak 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Dedikazio osoa duten Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideek 56.157,08 euroko ordainsari gordina jasoko dute, eta dedikazio osoa ez dutenek, berriz, 42.117,74 eurokoa; dedikazio osoa duten foru parlamentarien ordainsari gordina 49.916,30 eurokoa izanen da, eta dedikazio osoa ez dutenek 37.437,12 euroko ordainsari gordina jasoko dute. Lehendakariaren ordainsaria ere %1 igoko da eta 56.686,28 eurokoa izanen da 2016an.

Nafarroako Parlamentuko behin-behineko langileen ordainsariak ere erabaki ditu Mahaiak; %1eko igoera izanen dute, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Lehendakaritzako Kabineteko buruaren ordainsari gordina 51.139,62 eurokoa izanen da; Lehendakaritzako idazkariarena 34.685,84 eurokoa; Mahaiko kideen idazkariarena, 27.892,34 eurokoa; eta parlamentu-taldeen eta parlamentari-elkarteen laguntzaileena, 27.892,34 eurokoa.

Azkenik, Mahaiak parlamentari ohientzako prestazioak onetsi ditu; urtean gehienez 152.300 euroko kredituak gordeko dira prestazio horiek ordaintzeko.