Hezkuntza Batzordeak bisita egin du Sunbillako ikastetxe publikora
Ikastetxe berria egiteko eskaera babesten du, egungoa zaharberritu eta handitzeko aukerak agortu direlako; egungoa bi eraikinetan banatuta dago eta biak arauditik kanpo daude
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak gaur bisita egin du, EH Bildu parlamentu-taldeak eskaturik, Sunbillako ikastetxe publikora. Zentro hori bi eraikinetan banatuta dago eta biak ere araudiz kanpo daude. Guztira 93 ikasle ditu (29 Haur Hezkuntzan eta 64 Lehen Hezkuntzan), zortzi unitatetan banaturik.
Batzordeko kide hauek joan dira bisitan: Cristina Altuna (UPN parlamentu-taldea), Nuria Medina (PSN parlamentu-taldea), Virginia Alemán (PSN parlamentu-taldea), Miren Aranoa eta Esther Korres (EH Bildu parlamentu-taldea).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Marta Mariezkurrena eskolako zuzendariak eta Amets Inda herriko alkateak.
Bisitaren xedea, Miren Aranoak hasierako hitzetan zehaztu duenez, “instalazioak in situ ezagutzea” izan da, “garai hauetarako ikastetxe egoki baten eraikuntzari lehenbailehen ekiteko premia dagoela egiaztatzeko”.
Ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eraikinetatik (bata bestetik 250 metrora daude), eta, zuzendariak eta alkateak lagundurik, bertatik bertara egiaztatu dituzte irakaskuntza lanerako oztopo diren “egiturazko akatsak (irisgarritasuna, isolamendua, segurtasuna) eta toki falta”.
“Hirugarren legegintzaldi batez” ikastetxe berria eskatzeko oinarri gisa aurkeztu den txostenean hainbat gabezia aipatzen dira, besteak beste, sarbide “arriskutsuak”, ez patio estalirik, ez ekitaldi aretorik, ez gimnasiorik ez jantokirik ez izatea, edo zutabe, eskailera eta material erregaien ugaritasuna.
Hori dela eta, Maite Mariezkurrenak adierazi du gorputz hezkuntza pilotalekuan ematen dela, “dutxatu gabe eta aldagelak erabili gabe, ez dituztelako arauak betetzen. Guraso elkarteak kudeatzen ditu bazkariak. Trinketeko taberna zaharrean prestatzen eta zerbitzatzen dira, eta joaten diren 47 haurrentzako apenas dagoen lekurik. Eta patioak estalkirik ez duenez, atsedenaldian haurrak ikasgelan gelditu behar izaten dira, horrek dakartzan ondorioekin”.
Hala, eskola “zaharberritu eta handitzeko aukera guztiak agorturik”, eta lehengo Hezkuntza Departamentuak Sunbillan ikastetxe berriaren beharra dagoela “aitortu” ondoren, egungo Hezkuntza Departamentuko arduradunek “berretsi” zain dago aurreikuspen hori. “Lehenbailehen erantzunen dutela agindu digute, baina atzerapenak kezkatu egiten gaitu, zalantzak sorrarazten dituelako eta azkenean gerta litekeelako herriko jendeak Doneztebera eramatea haurrak”.
Amets Indak, bestalde, afera “bizkortzearen” garrantzia azpimarratu du. Izan ere, herriak ez du dotazioetarako lurrik, eta herriak iradoki dituen bederatzi kokapenetatik egokiena —bai eta garestiena ere— gauzatu ahal izateko desjabetze-prozesua hasi behar da, lurren jabeak ez daudelako ados. Udal plan berria taxutzen ari gara, baina deus egin aurretik ziur jakin behar dugu hau aurrera joanen dela, Udalak zor garrantzitsua eginen baitu”.
Beren hitzaldietan EH Bildu, UPN, Geroa Bai eta PSNko eledunek ikastetxe berri baten premia berretsi dute, eta, horri dagokionez, Foru Gobernua Sunbillako herriaren eskaera onar dezan premiatuko duen mozioa izapidetzeko konpromisoa hartu dute.