Kulturako kontseilaria laguntzen banaketa "orekatu eta bidezkoaren" alde agertu da
UPNren jabeldura bati erantzunez, non antzematen baita "irizpide aldaketa bat, birplanteatu behar litzatekeena, asmo onak bai, baina egintzarik ez delako ikusten"
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak, Ana Herrerak, gaur Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran adierazi du bere departamentua lanean ari dela laguntzen banaketa "bidezkoa eta orekatua" egiteko sektore guztien artean.
Horrela erantzun dio Cristina Altunari (UPN), azken horrek jabeldura aurkeztu baitu Gobernuaren kultura politikari buruz. Bertan ezbaian jarri ditu Gobernuaren jokabidea eta irizpideak laguntzei dagokienez, eta birplanteatu daitezela eskatu du.
"Gobernu hau aldaketarena da, baina bere irizpideetara egin nahi du aldaketa", adierazi du, eta horren atzean "asmo onak bai, baina egintzarik" ez duela ikusten gaineratu du, eta dagoeneko "murrizketen" lehenengo biktimak azaldu direla, hain zuzen ere AGAO desagertu daitekeela murrizketaren ondorioz.
Kontseilariak ohartarazi du elkarte horrek 201ko kopuruekin egin duela konparazioa, eta ez 2015ekoekin. Azpimarratu du Gobernuak ez diola utziko lirika babesteari, eta, halaber, elkarte horrek bere proiektuak aztertu beharko dituela.
Herrerak esan du Kulturako aurrekontua —19,5 milioi euro, langileen gastuak kontuan hartu gabe— "ia bere osoan" mantentzen dela, eta Gobernuaren kultura-ildoengatiko "kezka arintzeko" eskatu du.
Esan du, horren harira, "guztien onurarako" lan egitea eta kulturaren arlo guztiei "laguntza plurala eta zuzena" eskaintzea dela bere asmoa.
Herrerak nabarmendu du aurrekontuaren gaia "garrantzitsua" dela, baina "lan egiteko moduen aldaketa" ere bai. Kulturako sektoreen arteko oreka handiagoa eta plangintza errazteko urte anitzeko ikuspegia eskatu ditu.
Horrez gain, apustu egin du kulturako profesionalen alde eta toki erakundeekin nahiz kultura eragileekin komunikazio eta lankidetza handiagoa izatearen alde. "Parte hartze handiagoa funtsezkoa da", Herreraren esanetan. Apirilean kulturako sektoreekiko parte-hartze prozesua hasiko dela aurreratu du.
Lehentasunezko helburutzat ditu, besteak beste, deszentralizazio handiagoa lortzea, bildumak eguneratzea, irisgarritasuna erraztea, lurralde osoko museoen arteko urteko programazio bateratua, arkeologia kanpainei berriro ekitea, ondarea zaharberritzeko kofinantzaketa sustatzea eta ondare ez materialari buruzko politikak indartzea.
Irabazteko asmorik gabeko erakundeentzako laguntzen deialdiei dagokienez, laster argitaratu direla iragarri du, eta zehaztu du urte anitzekoak direla, ziurgabetasuna sortzen duen urteko sasoi hori saihesteko.
Consuelo Satrusteguik (Geroa Bai parlamentu-taldea) adierazi du "orain arte egindako lan ona txalotu" egin dela, eta UPNri aurpegiratu dio Gobernuan zegoenean ez zuela kulturari buruz horrelako kezkarik agertzen.
Miren Aranoak (EH Bildu parlamentu-taldea) esan duenez, kontseilariari eta UPNko eledunari entzun ondoren, kultura arloan "hobera egiten" ari dela egiaztatu du. Gero azpimarratu egin du kultura arloko politika "funtsezkoa" dela.
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) adierazi du kultura ez dela "negoziotzat" hartu behar, aitzitik, "egiteko modua, erkidegoan nork bere burua eraikitzeko modua" dela esan du, eta arlo hori "lidergoaren" eta kudeaketa-ereduaren aldaketaren beharrean egon dela baieztatu du.
Departamentuaren jardunean "asmo ona eta emaitza urriak" ikusi ditu Carlos Gimenok (PSN parlamentu-taldea). Kontseilariari aurpegiratu dio aurreko Gobernuaren aurrekontua kritikatu izana eta orain aurrekontu txikiago batekin etortzea.
Kontu horri buruz mintzatu da Javier García ere (PP foru parlamentarien elkartea). "Murrizketa orokorra" aipatu du, eta departamentuaren politika gaitzetsi du, Vianako Printzea saria bezalako jarduketa zehatzak kritikatuz.
José Miguel Nuinek (I-E foru parlamentarien elkartea) aitortu du ez dutela akordio programatikoan agindutakoa betetzerik lortu lehenbiziko aurrekontu honetan, beste lehentasun sozial batzuk zeudelako. Hala ere, lan egiten eta erabakiak hartzen ari direla baieztatu du.