Publicada el Jueves, 7 de Abril de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da Félix Urabayen Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleei prestakuntza osagarria eskaintzeko

Lan-munduaren ezagutza ahalbidetu eta lana lortzen lagundu behar zaie, behar berrietara egokitutako plan baten bidez

Parlamentuaren Osoko bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “plan bat azter, gara eta ezar dezan Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuen bidez Félix Urabayen Helduen Bigarren Hezkuntzako Nafarroako Institutuko ikasleei prestakuntza mota bat eskaintze aldera, prestakuntza akademikoaren osagarri, lan-munduaren ezagutza ahalbidetu eta lana lortzen lagunduko diena”.

Onetsi den ebazpenak bigarren puntuan zehazten du, halaber, plan horrek jaso beharko lituzkeela, “besteak beste, ikasleen lan-orientabidea, institutuan bertan prestakuntza-jarduerak egitea eta beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea”.

UPN parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean ohartarazten denez, langabezia, immigrazioa eta Félix Urabayen institutuko ikasleen parte handi baten ezaugarri diren beste faktore batzuk (ikastetxeko langileen eskarmentuarekin batera) ikusita egiazta daiteke “beharrizanak aldatuz joan direla eta beharrizanak ezin direla soilik mugatu ezagutza akademikoak lortzera”.

Hori dela eta, proposatzaileak azpimarratzen du Nafarroako hezkuntza sistema aitzindaria izan dela “bere ikasleen inklusioa, garapena eta hezkuntza- nahiz lanbide-arloko barneratzea ahalbidetuko duten hezkuntza-neurriak aplikatzean”. Aniztasunerako arretak “argi eta garbi erakusten du gure erkidegoak prestakuntzari eta aukera-berdintasunari dagokienez daukan konpromisoa”.

Félix Urabayen Helduen Bigarren Hezkuntzako Nafarroako Institutuak Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko helduentzako ikasketak eskaintzen ditu, bi modalitatetan: presentzialean eta urrutikoan. Azken hamarkada honetan, ikasle kopuruak nabarmen egin du gora, lan-merkatuaren egoeraren eraginez. Ikasle gehienak 30 urtetik beheitikoak dira (1.150 ikasletik, 700 gutxi gorabehera; eta 700 horietatik erdiak 20 urtetik beheitikoak dira) eta enplegua bilatzen dute, edo lanbide heziketa arautuan sartzea.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (16. NPAO, 2016-02-12koa)