Publicada el Viernes, 8 de Abril de 2016

'Navarra -1936- Nafarroa' erakusketa inauguratu dute

Hilaren 20ra arte zabalik egonen den erakusketa horrek ematen dio hasiera Parlamentuak Nafarroako errepresioaren 80. urteurrenerako antolatutako egitarauari

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak Navarra – 1936 – Nafarroa erakusketa inauguratu du gaur. Horrenbestez hasiera eman zaie Nafarroako Legebiltzarrak Nafarroako errepresioaren 80. urteurrenerako antolatu dituen jarduerei.


Nafarroako Parlamentuko lehendakariak adierazi duenez, programatutako ekitaldietan “saiatuko gara ibilbide laburra egiten Memorian zehar, letra larriz idatzita, biktimei lagun egiten, pixka bat bederen kontsolagarri izanen zaielakoan; eta, horrekin guztiarekin, herria ordezkatzen duen erakundea garenez, herritarren zerbitzurako eratutako Estatu baten zilegitasuna defendatu zuten pertsona haiei omenaldia eginen diegu”.


Bere hitzaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela omenaldia egitea “hautetsontzietatik sortu zen eta herriak hautatutako ordezkariak izan zituen demokrazia hura amaitzeko indarkeria baliatu zuen estatu-kolpe baten biktimei. Haietako askok bizia eman zuten, herriak bere bidea erabakitzeko zilegitasuna zuela defendatzeko”.


“Gaur inauguratzen ari garen erakusketak –esan du– orduko gertaerak berritzen dizkigu; gogoan izan, hor azaltzen diren basakeriak, izugarrikeriak eta itsuskeriak 3.452 nafarren kontra egin ziren. Eta orduko gertaerak ezagutzeak, haietara hurbiltzeak ez gaitu beldurtu edo lotsatu behar, aitzitik, gure historiako pasarte hura, sekula gertatu behar ez zuena eta sekula gehiago gertatu behar ez duena, irakurtzeko balio behar digu”.


Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, azkenik, eskertu egin du “gure Foru Komunitateko oroimenaren aldeko elkarte guzti-guztien lan etengabea”, eta adorea eman die erne segitzeko, lanean jarraitzeko orain arte bezala eta erakundeei eskatzeko konpromiso handiagoa, aurrekontua eta gogoa, egiaren, justiziaren eta ordainaren bila”.


Erakusketan José Ramón Urtasun Recalderen 36 margolan bildu dira, 1936 eta 1939 bitartean gertatu zenaren adierazgarri. Oroimenaren Autobusa elkarteak sustatu du erakusketa, eta apirilaren 20ra arte egonen da zabalik jendearentzat.


Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin batera, erakusketa inauguratzeko ekitaldian izan dira Carlos Martínez Moreno, Oroimenaren Autobusa elkarteko kidea, eta José Ramón Urtasun Recalde, margolanen egilea, bai eta Josefina Lamberto ere. Egileak esan duenez, margolanak “biktimen senideek helarazitako esperientzia eta kontakizunetan oinarrituta daude”, eta hori dena “esateko premia zegoen”. Bestalde, Carlos Martinezek apustu egin du “historia memoria bizi” bilakatzearen alde. “Gobernuei, ordea, ahaztu egiten zaie biktimak aintzat hartzea eta ordaina ematea”.


Halaber inaugurazio ekitaldian izan dira biktimen senideak eta biktimentzako oroitzapena, aintzatespena eta ordaina eskatzeko lanean ari diren elkarteen ordezkariak. Parlamentuko hainbat kide izan dira, besteak beste Asun Fernández de Garayalde, Arantxa Izurdiaga, Miren Aranoa (EH Bildu Nafarroa), Laura Pérez, Fátima Andreo, Mikel Buil, Carlos Couso, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).


Nafarroako Parlamentuko lehendakariak erakusketa inauguratzeko ekitaldian aurkeztu du Foru Legebiltzarrak Nafarroako errepresioaren 80. urteurrenerako antolatutako jardueren egitaraua.


Apirilaren 12an (asteartea), 19:00etan, Nafarroako Parlamentuan Jon Abril Olaetxea beratarraren Neskatoak dokumentala emanen da, 1940tik 1970era bitartean Frantziara neskame joan ziren emakumeen bizipenak kontatzen dituen filma.


Apirilaren 14an (osteguna), 19:30ean, Emilio Majuelo Gil eta Fernando Mendiola Gonzalo irakasleak, NUPeko Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoko ikertzaileak, Nafarroako Parlamentuan mintzatuko dira. Hona hitzaldiaren gaia: Errepresioa Nafarroan (1936-1939), egungo ikuspegia.


Azkenik, igandean, apirilak 17, eguerdiko 12etan, Nafarroako Parlamentuko atarian omenaldia eginen zaie 1936ko matxinada militarraren ondorioz erail zituzten herri ordezkariei.


Programatutako ekintzetako batean, Nafarroako kargudun hautetsien omenezko plaka tokiz aldatuko da "Parlamentuaren egoitzako atalondoko leku nabarmen batean" kokatzeko, Oroimen Historikoari buruzko Legeak agintzen duen bezala.


Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, zazpigarren xedapen gehigarrian dioenez, “hiru hilabeteko epean, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako herriaren ordezkari gorena denez, bere egoitzako atalondoko leku nabarmen batean plaka bat jarriko du, altxamendu militarraren ondorioz eraildako hautetsi nafar guztien omenez eta haien errekonozimendurako. Testuak Nafarroako bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du, eta eraildako pertsonen izenak eta kargua aipatuko ditu, bai eta herriaren izena, herrietako hautetsiak zirenen kasuan”.


Gaur egun plaka hori Parlamentuko 0 solairura doazen eskaileretan dago, berari begira lasai gelditzeko modurik ez dagoen igaroleku batean. Legea betearazteko hainbat eskaera jaso dira Parlamentuaren beraren erregistroan nahiz elkarteen bidez. Hala, bada, oroimenezko ekitaldietan programatu da plaka hori atariko leku nabarmen batera eramatea, erakunde-aretoaren ondora. Gainera, fusilatutako beste hautetsi batzuen berri jakin da plaka jarri zenetik hona, eta haien izenak gehituko dira.