Publicada el Martes, 12 de Abril de 2016

'Neskatoak' filma Parlamentuan proiektatu da

Jon Abril beratarraren dokumentalak euskaraz jasotzen du 1940 eta 1970 bitartean Frantziara neskame joan ziren emakumeen esperientzia

Nafarroako Parlamentuan gaur Neskatoak proiektatu da, Jon Abril Olaetxea beratarrak zuzendutako dokumental bat, 1940 eta 1970 bitartean Frantziara neskame joan ziren emakumeen esperientzia kontatzen duena. Gehienak nerabeak eta neska gazteak ziren. Bizimodu hobe baten bila alde egin zuten etxetik, familia atzean utzita.


Ainhoa Aznárez Igarza Parlamentuko lehendakaria eta Jon Abril zuzendaria aurkezpenean izan dira, eta bigarrenak bere lanaren testuingurua azaldu du. Esan duenez, Neskatoak dokumentaleko emakumeak etxe aberatsetan neskame ibilitakoak dira, edo hotel eta jatetxeetan zerbitzari eta sukaldari.


“Oso baldintza gogorretan lan egiten zuten, 12-14 orduko lanaldiarekin, sarritan kontraturik gabe; haietako askok ezkutuan pasatu behar izan zuten muga, ez zutelako pasaporterik”.


Dokumentalak 15 emakumeren esperientzia erakusten du 70 minutuan. Euskaraz eginda dago, gaztelaniazko azpitituluekin.


Hauek dira dokumentaleko protagonistak: Ramoni eta Mari Carmen Tapia Goñi, Anttoni eta Juanita Altzugarai Mitxelena, Lesakakoak; Joxepa eta Carmen Altzugarai Lazkano, Arantzakoak; Crucis Apeztegia Gortari, Maittere Arribillaga Danboriena eta bere lehengusu Mikela Goienetxe Danboriena, Etxalarkoak; Pakita Burguete Iratzoki, Pakita Iratzoki Beratsain eta Sagrario Goñi Mitxelena, hirurak ere Berakoak; Carmen Indaburu Larrondo eta Inma Uranga, Zugarramurdikoak, eta Felixa Irungarai, Amaiurkoa.


Hainbat parlamentari izan dira filmaren emanaldian, besteak beste Virginia Alemán, María Solana (Geroa Bai parlamentu-taldea), Fátima Andreo, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea).


Nafarroako errepresioaren 80. urteurrena dela-eta Nafarroako Parlamentuak antolatu duen jarduera egitarauaren barnean proiektatu da Neskatoak.


Apirilaren 14an, ostegunez, 19:30ean, erabilera anitzeko aretoan, NUPeko Oroimen Historikoari buruzko Dokumentazio Fondoko bi ikertzaile, Emilio Majuelo Gil eta Fernando Mendiola Gonzalo irakasleak, Nafarroako Parlamentuan mintzatuko dira. Hona hitzaldiaren gaia: Errepresioa Nafarroan (1936-1939), egungo ikuspegia.


Igandean, apirilak 17, eguerdiko 12etan, Nafarroako Parlamentuko atarian omenaldia eginen zaie 1936ko matxinada militarraren ondorioz erail zituzten herri ordezkariei. Ekitaldi horretan lekuz aldatuko da Nafarroako kargudun hautetsien omenezko plaka, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko Foru Legean ezarritakoa betetzeko. Izan ere, lege horrek dioenez, Parlamentuak “bere egoitzako atalondoko leku nabarmen batean” jarri behar du plaka hori.