Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du LGTBI pertsonak ez baztertzeko arlo berariazko bat sor dezan
Erakundeetan nahiz gizartean jarduketa inklusiboak sustatzeko, kolektibo horren erabateko parekatze legala eta soziala lortzen lagunduko dutenak
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “LGTBI kolektiboari arreta emateko berariazko arlo bat sor dezan”.
Arlo horren eginkizuna izanen litzateke, besteak beste, “jarduketak egitea LGTBI pertsonek bazterkeriarik paira ez dezaten, kolektibo horren erabateko parekatze legala eta soziala gerta dadin laguntzeko, eta bazterkeriazko edozein jarduketa, arautze eta jarrera ekiditeko”.
Eskatzen da, halaber, “departamentuarteko plan bat prestatzea, bazterkeriarik ezerako”, eta “planaren exekuzioa gainbegiratzea”; horretarako behar diren harremanak ezarri behar dira “departamentuekin eta beste erakunde pribatu eta publiko batzuekin, planaren garapena bermatzeko”.
Ildo beretik, “Nafarroan LGTBI kontseilu edo batzorde iraunkor bat” sortzea eskatzen da, “parte-hartze sektorialeko aholku-organo eta eztabaidarako plataforma egonkor gisa. Aipatu kontseiluak bilatuko du gay, lesbiana, gizon-emakume bisexual, transexual eta intersexualen eskubide berdintasuna, askatasunak eta errekonozimendu soziala sustatzea”.
LGTBI kolektiboarentzako berariazko arlo horrek, gainera, “hezkuntza, gizarte zein kultura arloko jarduketak, programak eta proiektuak” garatu behar ditu “LGTBI-fobiaren aurka egiteko trabeskako moduan eta erakunde guztietan”, eta lege bat egin behar da “lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen eskubideak bermatzeko eta homofobia, bifobia eta transfobia desagerrarazteko”.
Azkenik, ikerketa bat sustatu behar da, “diagnostiko bat egin eta Nafarroako LGTBIren errealitatea ezagutzeko, dituen beharrak identifikatzeko balioko duena”. Eta “sexu-joerarekin eta genero-identitatearekin lotutako gaiei buruzko Informazioa eta Arreta Emateko Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuaren sorrera” ere bultzatu behar da.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal-Dugu eta PSN parlamentu-taldeek eta I-E foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean adierazten da Nafarroako Gobernuak bere gain hartu behar lukeela “LGTBI pertsonei tratu berdina emateko eta ez baztertzeko arlo bat sortzeko ardura”, sexu-joeragatiko eta genero-identitateagatiko bazterkeriaren aurkako ekintzak bidera ditzan. “Errealitate hori ez da inondik ere gainditu, oraindik badirau eta”.
Arlo horren egitekoa litzateke, proposatzailearen hitzetan, “Nafarroako politika publikoetan eta gizarte zibilean tratu berdina ematearen eta ez baztertzearen printzipioaren presentzia bultzatzea, asmo horrekin diskurtso eta praktika inklusiboak sustatuz, erakundeetan zein gizartean, eta eragileak eta baliabideak aktibatuz, egingarri bihur dadin”.
Xede horri begira, laguntzailetzat hartu behar lituzke “antena gisa jokatuz bazterkeriazko egoerak atzematen dituzten eta pertsona nahiz taldeei laguntza ematen dieten erakundeak, Nafarroaren lurralde osoan aurkitzen direnak, ahalik eta herritar gehienengana iristeko”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (53. NPAO, 2016-04-18koa)