Nafarroako Kutxaren bukaera ikertuko duen batzordea eratu da
Unai Hualde batzordeburu hautatu ondoren, maiatzaren 18ra arteko epea ezarri da batzordekideek dokumentazio gehigarria eskatu ahal izan dezaten
Gaur goizean eratu da Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren ekimenez Parlamentuak hilaren 7ko osoko bilkuran onetsi zuen ikerketa batzordea, “Nafarroako Kutxak, haren enpresa korporazioak eta lotutako gainerako erakundeek beren sorrerako printzipioei lotuta jardun zuten zehazteko eta utzitako ondare osoaren egungo egoera argitzeko”. UPN eta PPN batzordea sortzeko proposamenaren aurka agertu ziren.
Batzordea eratzeko bilkuran buru izan da Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakaria. Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) hautatu dute batzordeko buru, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin.
Hualde izendatu ondoren, ikerketa batzordea atea itxita bildu da bere lan plana taxutzeko. Erabaki du, besteak beste, maiatzaren 18ra arteko epea ezartzea dokumentazio gehigarriaren eskaerak bidera daitezen. Ordutik aurrera beste epe bat egonen da, oraindik zehaztu gabea, agerraldietarako proposamenak egiteko.
Unai Hualderekin batera ikerketa batzordean izanen dira Luis Casado, Luis Zarraluqui (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea), Ana Beltrán (PPN foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea).
Ikerketa batzordearen lana beharrezkoa da “egungo egoeraren kausak eta erantzuleak sakonean ezagutu behar ditugulako, aurreko legegintzaldiaren amaieran izan genuen ikerketa batzordeak ez baitzuen balio izan planteatutako zalantza gehienak argitzeko, fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza ezaren erruz”.
Horren haritik, proposatzaileek gogora ekarri dute nola aurreko batzordeak bere lanen azken ondorioei buruz eman zuen irizpenean –2015eko martxoaren 26ko osoko bilkuran atzera bota zen UPNren aurkako botoarekin eta gainerakoen abstentzioekin– konpromisoa jaso zen “hurrengo legegintzaldian beste ikerketa batzorde bat sortzeko”. Foru Gobernuari eusten dioten alderdiek sinatutako Akordio Programatikoan ere inguruabar hori jaso da.
Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxeko Administrazio Kontseiluaren eta zuzendaritzako kideen jardunaren inguruko erantzukizunak argitu behar zituen aurreko ikerketa batzordea 2015eko urtarrilaren 15ean onetsi zen. Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, PPN eta I-E parlamentu-taldeek eta atxiki gabeko parlamentariek aldeko botoa eman zuten eta UPNk aurkakoa.
Aldez aurretik beste hiru saio egin ziren, baina huts egin zuten, lehenbizikoak (2012-10-26) UPN, SN eta PPNren aurkako botoekin, eta hurrengo biek (2012-12-21 eta 2013-6-14) UPN eta SNren aurkako botoekin. Hiru kasuetan Bildu, Aralar-Nabai eta I-Ek erregistratu zituzten ekimenak, eta atxiki gabeko parlamentariek azkena baino ez zuten sinatu.
Parlamentuko Mahaiak hilaren 18an onetsitako arauek diotenez, Batzordearen xedea izanen da “Nafarroako Kutxak, Nafarroako Kutxa Enpresa Korporazioak eta hari lotutako gainerako entitateek egindako jarduketa guztiak ezagutzea eta Nafarroako Kutxaren amaieran zuzeneko eraginik izan duten zehaztea. Halaber, batzordearen ardura izanen da entitateko ordezkari politikoen eta kudeatzaileen erantzukizuna aztertzea, Nafarroako Kutxaren sorrerako printzipioei lotuta aritu ziren ebaztea, eta Nafarroako Kutxak utzi duen ondare osoaren gaurko egoera argitzea”.
Batzordeak (parlamentu-talde bakoitzeko bi batzordekide eta parlamentari elkarte bakoitzeko batzordekide bat) boto haztatuaren sistemaz hartuko ditu erabakiak, hau da, talde bakoitza zenbat parlamentarik osatzen duten, hainbeste boto izanen ditu taldeko eledunak.
Informazio eta dokumentazio eskaerei erantzuteko epea kasu bakoitzean zehaztuko da. Informazioa edo dokumentazioa batzordeko buruari emanen zaio, berak berehala bidal diezaien batzordeko parlamentariei.
Batzordearen aurrean agertzeko eskaerak Parlamentuko lehendakariak eginen ditu, zitazio sinesgarriaren bidez, hiru egun lehenago gutxienez. Zitazioan argibide hauek jarriko dira:
a) Batzordeak zein egunetan erabaki duen agerraldia eskatzea.
b) Agertu behar duenaren izen-deiturak.
c) Zein toki, egun eta ordutan agertu behar duen.
d) Agertzen ez bada Zigor Kodearen 502.1 artikuluan jasotako desobedientzia delitua eginen duela ohartaraziko zaio.
e) Zeri buruzko agerraldia izanen den.
f) Berariaz adieraziko da errespetatu eginen direla Konstituzioak onartutako eskubideak eta, batez ere, pertsonen intimitaterako eta ohorerako, lanbide-sekreturako eta kontzientzia-klausularako eskubideak.
g) Agerraldiko bilkura hedabideentzat irekia izanen dela ohartaraziko da. Hala ere, agertu behar duenak bilkura sekretua egiteko eskatu ahal izanen dio batzordeari. Arrazoiak azaldu beharko ditu.
Agertu behar duenak pertsona bat izendatu ahal izanen du berarekin joateko. Batzordean adierazpena egin aurretik, batzordeburuak gogora ekarriko dio Zigor Kodearen 502.3 artikuluan zer zigor ezartzen den, Parlamentuko ikerketa batzorde baterako deialdia jaso duen norbaitek lekukotza faltsua ematen badu.
Ikerketa batzordea bere eginkizunak amaitu arte arituko da lanean. Irailaren 30a baino lehen lana amaitu eta txostena eman beharko du, baina epe hori luzatu ahal izanen da.