Nafarroako ijitoen erakundeei harrera ofiziala egin zaie Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela eta
Ainhoa Aznarezek aurreiritziak baztertzeko eskatu du, "benetako bizikidetza" lortu behar baita historiak, tabuek eta krisi ekonomikoak zigortu duten ijito herriarekin
Apirilaren 27an, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela eta, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak harrera ofiziala egin die Foru Komunitateko ijitoen erakundeei. 2007an hasi zen egun hori ospatzen, 1435eko apirilaren 27an sartu zirelako ijitoak lehenengo aldiz Nafarroako lurraldean. Horrela frogatzen du Artxibo Nagusian gordeta dagoen aztarna dokumental batek.
Parlamentuko atalondoan egin da harrera ekitaldia. Ainhoa Aznarezek azpimarratu du “ia sei mendez baketan bizi izan garela ijitoekin, nahiz eta beti aurreiritzirik gabe begiratzeko gauza ez izan. Bada garaia gure gizartean oso erroturik dauden estereotipoak eta karikaturak ezabatzeko eta tolerantzia eta elkar ulertzea bultzatzeko, elkarrekin onez bizi ahal izateko”.
Horretarako, “sinbiosia” xede hartuta “bereizkeria oro ezabatzeko eta, jakina, funtsezko eskubide baten urraketa alde batera uzteko”, Parlamentuko lehendakariak aldarrikatu du “herrien arteko anaitasunaren eta elkartasunaren bidean aurrera egitea. Gaurko ekitaldian goraipatzen ari garen ijitoen balioak, hots, kideen arteko elkartasuna, familia, askatasuna eta moldatzeko gaitasuna, denok hartu behar genituzke aintzat”.
Ondoren Ainhoa Aznarezek krisiaren erruz ijitoak pairatzen ari diren egoera latza aipatu du. Hain zuzen ere, Foessa fundazioak Gizarte bazterketa eta garapena Espainian gaiaren inguruan egindako txostenaren arabera ijitoen komunitatea da “Estatuan zigorrik handiena jasan duena… eta aldi berean bere kulturaren funtsa zaintzen arduratsuen jokatu dutenetako bat. Gaur, Nafarroan modu ofizialean sartu zineteneko 581. urteurrenean, zuen jasangarritasuna eta moldatzeko gaitasuna goraipatu nahi ditugu”.
Ricardo Jiménez Nafarroako ijitoen erakundeen eledunak hauxe esan du: “gaur Parlamentuan egiten ari garen ekitaldia ijitoen kulturaren hilabetea amaitzeko modu ona da. Apirila elkarbizitzaren hilabetea da, elkar ezagutzeko sasoia; izan ere, batzuetan ematen du oraindik ez dakigula ondo elkarren berri. Garrantzitsua da ijitook behingoz hastea geure ahotsa goratzen erakundeetan ere, egoera normala den seinale baita. Nolanahi ere, Parlamentuak hilaren 4an onetsi zuen erakunde-adierazpena gogoan hartuta, badugu itxaropen bat: bete daitezela botere publikoek hartutako konpromisoak”.
Ondoren apirilaren 27a adierazpena eta Parlamentuak hilaren 4an onetsi zuen erakunde-adierazpena irakurri dira, eta gero hiru doinu jo dira: Txoria txori (Mikel Laboa), Nafarroako Gorteen ereserkia eta ijitoen nazioarteko ereserkia (Jelem, jelem), azken hori Bruno Jimenezek eta Lorena Jimenezek.
Ekitaldian izan dira talde guztietako hainbat parlamentari, Miguel Laparra, Ana Ollo eta Isabel Elizalde kontseilariak, eta Iruñeko, Zangozako eta Azkoiengo udalen, Nafarroako ijito elkarteen eta Nafarroako gizartearen eta kulturaren ordezkariak.
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna eta Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna direla eta Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak apirilaren 4an aho batez onetsi duen adierazpen instituzionalak honela dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak uste du Nafarroako ijitoen erkidegoa lehentasun gisa hartu behar dela agenda politikoan, Europako erakundeen eta Ijitoak Gizarteratzeko 2012-2020 Estrategia Nazionalaren gomendioari jarraituz, lehentasunezko xedetzat ezarriz besteak beste osasunaren, hezkuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako desberdinkeriak murriztea eta arreta berezia jarriz gazte eta emakume ijitoengan, tratu berdintasunetik eta diskriminazio-ezetik abiatuta.
2. Nafarroako Parlamentuak deritzo behar adina baliabidez hornitu behar direla ijitoentzako planak eta estrategiak, beharrezkoak eta nahikoak diren intentsitatearekin eta iraunaldiarekin ezarri ahal izan daitezen. Plan eta estrategia horiek, halaber, ijitoen erkidegoaren parte-hartze aktiboa erraztu behar dute.
3. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Europako Parlamentuaren ohartarazpen batekin, zeinak baitio ezen, ijitoen auziari heltzeko, beharrezkoa izanen dela ukitutako alde guztiek mentalitate berri bat izatea eta tratamendu politiko berri bat ematea, zorrotza, kontsekuentea, iraganeko akatsak ekidinen dituena eta manipulaziorik onartuko ez duena”.