Parlamentuak Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Astea ospatu du eta 300 ikaslek parte hartu dute
Ainhoa Aznarezek aukera-berdintasunarekin eta "herritartasun librea, parte hartzekoa eta gizartea aldatzeko duen ahalmenaz jabetua" sustatzearekin lotu du hezkuntza
Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako hirurehun bat ikasle, San Ignacio, Hijas de Jesús, La Presentación-Atarrabia, Carlos III, Eunate BHI, San Ignacio eta Zizurko BHI ikastetxeetakoak, Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Asteko ekitaldi nagusian izan dira gaur. Hezkuntzak babestu egiten gaitu, babes dezagun haren finantzaketa lemaren pean Nafarroa osoko 50 ikastetxetako 10.000 ikaslek eta 450 irakaslek parte hartu dute ekintza horretan.
Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak, ongietorria emateko hitzaldian, konpromiso hitzaren garrantzia azpimarratu du: “oraingoan hezkuntzaren 2030 Agendarekiko eta, horrenbestez, Milurteko Helburuekiko hartutako obligazioa, zeinak laugarren puntuan adierazten baitu hezkuntza bermatu behar dela “giza garapenaren arloko beste 17 xedeak lortzeko bitartekoa den aldetik”.
“Garapen ekonomiko eta kulturala” helburu, “aukera-berdintasunaren printzipioa” herritar guztientzat duela indarra aipatu du Aznarezek, eta, horren haritik, deia egin du “doako hezkuntza unibertsal eta kalitatezkoa” eskubide instrumental bilaka dadin, “kritikarako ahalmena indartzeko eta herritartasun libre eta autonomoa sustatzeko” gai izanen den eskubidea, horixe baita, haren iritziz, “gizarte hobea eraikitzeko tresnarik egokiena”.
Aurrekoari dagokionez, lehendakariak esan du beharrezkoa dela “irakaskuntzaren erreforma koherente eta eraginkorra egitea, hezkuntza prozesu osoa hartuko duena, haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, hezkuntza ez-formala barne”. Hori guztia, “giza nortasunaren garapen betea lortu ahal izan dadin, bizimodu duin eta zoriontsuarekin batera”.
Hala, “oraingo eta geroko ikasle eta ikertzaileak gizarte berriaren zutabeak” direla esan ondoren, Ainhoa Aznarezek hau eskatu du: “hezkuntzari aterkia jartzea, ongi prestatutako hainbeste gazteren ihesa eragin duten murrizketen antzekorik berriro gerta ez dadin”.
Ildo berean, eta amaitzeko, lehendakariak esan du krisia aitzakiatzat erabili izan dela, “egitura ahulenetan eta kritikoagoak izaten laguntzen diguten beste batzuetan murrizketak egiteko. Babes dezagun, beraz, XXI. mendeko hezkuntzaren finantzaketa. Jar dezagun irakaskuntza Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalari begira. Bultza dezagun herritartasun aktiboa eta parte hartzekoa, gizartea aldatzeko duen ahalmenaz jabetua”.
José Luis Mendoza Hezkuntzako kontseilariak konpromisoa agertu du “hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoaren alde, guk horrela ulertzen baitugu hezkuntzaren muina. Hezkuntza balio multzo bat da, eta beraren bidez gorpuzten dugu gure jarrera, ingurune pribilegiatu batean, zorionez, gure laguntzaren beharra duten beste gizarte batzuen aldean”.
Aurretik, atalondoan bildutako zazpi ikastetxeetako ikasleen ordezkariek performance bat egin dute eta ikasgeletan egindako gogoetak edo ateratako ondorioak irakurri dituzte.
Hainbat parlamentari bildu dira ekitaldira, besteak beste María Solana, Consuelo Satrustegi, Isabel Aranbubu, Virginia Alemán (Geroa Bai parlamentu-taldea), Miren Aranoa, Esther Korres (Bildu parlamentu-taldea), Fátima Andreo, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Carlos Gimeno, Nuria Medina (PSN parlamentu-taldea).
Alboan erakundeko Ani Urretabizkaiak zuzendu du saioa. Alboan erakundeak ekitaldia antolatzen lagundu du, FISC-Nafarroa, ISCOD-UGT, Medicus Mundi, Ekintzaz Lagundu, Mugarik Gabeko Hezkuntza, Madre Coraje eta Tuterako UNEDekin batera.
Munduko Ekintza Astea 2003tik ospatzen da, 100 herrialdetan aldi berean. Hezkuntzaren Aldeko Munduko Kanpainaren barruko ekimena da, eta xedetzat du “biztanle guztiak eta, bereziki, politikariak sentikortzea, pertsona guztiei kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko”.