Publicada el Jueves, 19 de Mayo de 2016

Parlamentuak Industria Ministerioaren jokabidea gaitzetsi du EITBren emisioa dela eta

Aurreko Gobernuaren interes politikoarekin lotu du zehapen espedientea, eta emisio normalizatua ahalbidetuko duen lege esparru egoki eta egonkorra eskatu du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, gaur onartu duen erabaki batean, Legebiltzarrak “Industria, Energia eta Turismoko Ministerioaren jardunbidea errefusatzen du, eta honakoa eskatzen dio Espainiako Gobernuari: aipatutako zigor-espedientea bertan behera utz dezala, ekipoak eta instalazioak prezintatzeko urratsak egiteari uko egin diezaiola, eta, horretaz gain, ETBk Nafarroan multiplex bidez emititu ahal izan dezan eman beharreko urratsak eman ditzala”.

Onartutako erabaki horren bigarren puntuan Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “eman ditzala, ahalik eta eperik laburrenean, marko legal egoki eta egonkor bat ezartzeko urratsak, ETBren kanalak legez eta normaltasunez jaso ahal izateko bidea emanen dutenak, eta beharrezkoak diren bitarteko teknikoak jar ditzala kaptazioa behar bezalako kalitatearekin eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan gauzatu dadin”. Puntu hau aho batez onetsi da.

Bestalde, hirugarren atalean honako hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Erabaki proposamen honen bigarren puntuan aipatutako marko legal egokia eta egonkorra nahiz beharrezko bitarteko teknikoak ezartzen diren bitartean, ahalik eta eperik laburrenean eta berandu gabe ETBren seinalea jaso ahal izan dadin behar diren urratsak eman ditzan, une honetan eskura dauden baliabide teknikoen bitartez”. Atal hau UPN eta PPNren aurkako botoekin onartu da.

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, Nafarroako aurreko Gobernuaren “jarrera temati, interesatu eta erabat politikoarekin” lotzen da Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzak abian jarritako zehapen espedientea, ETBren emisioak etetea ekarri duena, Foru Gobernuak 2015eko martxoaren 16an jarritako salaketaren ondorioz.

Proposatzaileek bere egiten dute EITBko zuzendaritza nagusiaren kexa. Haien iritziz, Ministerioak hartutako neurriak “esparru erradioelektrikoaren okupazio baketsuaren oinarria hautsi du, hogei urte baino gehiagoren ostean”. Gogorarazten dute emisioak 2009ko uztailaren 3an sinatutako Lankidetza Protokolo Orokorraren babesa duela, eta Nafarroako Parlamentuak hainbat adierazpen egin dituela euskal telebista publikoaren emisioa normalizatu, arautu eta digitalizatu dadila eskatzeko.

Hala, bada, kontuan izanik, gainera, ETBren emisioak gizartearen babes zabala duela, euskara sustatu eta garatzeko bitartekoa dela eta ez diola inori kalterik egiten, Nafarroan ETBren emisioa galarazteko saioak bertan behera uzteko eskatzen da.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (68. NPAO, 2016-05-13koa)