Publicada el Jueves, 2 de Junio de 2016

Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legea onetsi da

Aholku organoko kideen kopurua 7tik 5era murriztu da, gehienez 8 urteko agintaldi bakarrerako hautatuko dira, eta Parlamentuak hautatuko ditu gehiengo osoz

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako foru lege proposamenaren xedea da “Foru Komunitateko aholku-organo gorenaren araubide juridikoa eguneratzea (1999koa da), haren funtzionamendua hobetzea eta haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna bermatzea”.

Bere eginkizunetan diharduela, Nafarroako Kontseiluak “ordenamendu juridikoa betetzen dela begiratuko du” eta bere irizpenetan “abaguneari eta komenigarritasunari dagozkien alderdiak baloratuko ditu gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatzen duenean”, betiere xedetzat hartuta “Administrazioak eraginkortasun handiagoa izatea bere helburuak betetzerakoan”.

Legeak Arartekoa aipatzen du beren gaiak Nafarroako Kontseiluaren irizpenpean jartzeko ahalmena duten erakundeen artean; Arartekoaren kasuan, “herritarren eskubideak defendatu eta babesteko ikerketak” izanen dira.

Nafarroako Kontseiluaren osaerari dagokionez, “politikoki unean uneko gobernuaren alde dagoen” organoa izan ez dadin, Gobernuak izendatu beharreko bi kideak kendu egin dira, kideen kopurua zazpitik bostera murriztu da, eta guztiek zortzi urteko agintaldi luzaezina izanen dute, eta ez sei urteko agintaldia eta berrautapen baterako aukera.

Era berean, “organoaren barne nahiz kanpo askatasunari eraginen liokeen edo hura baldintzatuko lukeen menpekotasun hierarkikoaren izpirik” izan ez dadin, hautapen sistema aldatu egin da, halako moduan non kide guztien hautapenak Parlamentuaren gehiengo osoaren bermea beharko baitu. Karguak hutsik geratu ahala beteko dira, finkatutako prozedurari jarraituz. Hilabeteko epea ezarri da prozedura hori abian jartzeko.

Nafarroako Kontseiluaren osaera sakonago aztertuta, eta, berriz ere, “aniztasun eta askatasun handiagoak” lortze aldera, aurreikusten da aukera ematea bai NUPeko Gobernu Kontseiluak bai Abokatuen Elkargoak eta parlamentu-talde batek edo gehiagok hautagaiak aurkeztu ahal izateko.

Foru legeak indarra hartzen duenean, beren kargua utziko dute lehengo araudiaren pean eta Nafarroako Gobernuaren proposamenez izendatu ziren Nafarroako Kontseiluko egungo bi kideek, bai eta Nafarroako Parlamentuak hautatuta karguan denbora gehien egin duen kideak ere. Irizpide berari jarraituz (berdinketa badago ezkutuko bozketan), eragiketa hori bi urtean behin errepikatuko da harik eta Foru Parlamentuak behinola hautatu zituen bost ordezkarien karguak berritu arte.

Bestalde, Nafarroako Kontseiluaren erabakiak baliozkoak izan daitezen, kideen gehiengo osoa agertu beharko da bilerara, eta betiere lehendakaria eta idazkaria edo legez ordezkatzen dituztenak.

Azkenik, langileei dagokienez, maila bereko mugigarritasuna eta maila igoerako mugigarritasuna ez dira Nafarroako Kontseiluaren eta Foru Administrazioaren artean bakarrik aplikatuko, Nafarroako Parlamentura ere hedatuko baitira. Horretarako, Nafarroako Kontseiluko funtzionarioek parte hartu ahal izanen dute Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Parlamentuak egiten dituzten lanpostu-betetze lehiaketetan eta txanda murriztuaren bidez lanposturatzeko hautaprobetan, eta alderantziz.

Eginbeharrak banatzeko eta lana antolatzeko zenbait neurri tekniko jaso dira foru legean, Kontseiluaren “autonomia organiko eta funtzionala” hobetu eta “haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna” bermatze aldera.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proposamena (16. NPAO, 2016-02-12koa)
• Zuzenketak (68. NPAO, 2016-05-13koa)
• Irizpena (77. NPAO, 2016-05-26koa)