Publicada el Viernes, 10 de Junio de 2016

Nafarroako Parlamentuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana aurkeztu du

Ikuspegi barne-hartzaile eta zeharkako batetik egina, planak antolaketari berari zein legebiltzarrerako proiekzioari begirako neurriak biltzen ditu

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak gaur Nafarroako Parlamentuko 2016-19 urteetarako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana aurkeztu du. Bost ardatz estrategiko dituen dokumentua da, erakundearen antolaketari berari zein jarduera edo funtzio publikoaren antolaketari begirako 53 ekintza zehatzekin.


Sentsibilizazio eta prestakuntza jarraitua, denborak bateragarri egitea eta haien kudeaketa berria, generoaren inpaktu soziala, barne eta kanpo komunikazioa eta ordezkaritzaren arloko ekitatea dira ikuspegi barne-hartzaile eta zeharkako batetik egindako planaren funtsezko gunea.


Erakundearen barneari begira, helburua da parlamentu-administrazioaren barne prozesuak ezagutu eta hobetzea, antolaketaren kultura horizontalagoa eta orekatuagoa sustatzeko, bai ordainsariei dagokienez, bai laneko zamei dagokienez ere; hori guztia, berdintasunezko begirada batetik, bateratzea, prestakuntza eta gardentasuna bideratzeko, baita komunikazioaren mailan ere, non proiektatu baita hizkuntzaren eta irudien erabilera egokitzera bideratutako oinarrizko eskuliburu bat egitea.


Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lerrokatutako balioak transmititu nahian, eta Nafarroako Parlamentuan sexu-jazarpeneko eta jazarpen sexistako balizko egoerak prebenitzeko eta detektatzeko eta haietan jarduteko protokoloaz haratago, Legebiltzarrak berezko dituen lanak biltzen ditu Murgibe enpresak egindako planak.


Testuinguru honetan eta, halaber, lan giroan eta plantillaren motibazioan hobekuntza bat bilatuz, aurreikusi da parlamentu-jardueraren ordutegiak berrikustea, eta aurreikusten da eguerdiko atsedenaldia gutxitu eta lanak (batzordeak, bisitak) 17:00etarako amaitzea.


Horretarako, Berdintasun Plana “bizirik” mantentzeko, planeatu da berdintasun lantalde bat sortzea, zeina, txandaka, arduratuko baita hura ezarri eta jarraitzeaz eta horren gaineko ebaluazioa egiteaz. Erakundearen urteko aurrekontuak berariazko kontusail bat jasoko du programa honen garapena eraginkor egiteko, Nafarroako Parlamentuaren ekitate-politika optimizatzera, partekatzera eta zabaltzera zuzendua.


Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznárezen esanetan, Berdintasun Plana sartuta dago duela ia urtebete karguaren jabetza hartu zuenetik iragarri zuen aldaketen dinamikan, bai eta “erakundeari tresna eraginkor, efiziente eta ebaluagarri bat emateko beharrean ere”; hain zuzen ere, berdintasun formalerako eta berdintasun errealerako trantsizioa erraztuko duen tresna”.


Ildo horretatik, Kontsulta-etxearen zuzendari kudeatzaile Begoña Murguialdayk, bera izan baita laguntza teknikoa emateaz arduratu dena, hitz egin du “errealitatetik eta Parlamentuaren beharretatik oso hurbil dagoen ibilbide-orri bati buruz, prozesu parte-hartzaile baten bitartez berdintasunari heltzeko. Ekintzen erdiak ez du inongo zuzeneko kosturik, eta guztiak bideratuta daude erakundearen kulturan aldaketak egitera”.


Murguialdayk Parlamentuari buruz esan du "gizartea gidatzen duen desberdintasun zeharkakoaren beste isla bat dela. Hemen ere, lanaren banaketa nagusitu diren rol sexisten araberakoa da. Gizonezkoek ospe eta ikusgarritasun handieneko lanpostuak dauzkate eta, parlamentu-taldeen mailan, beste hainbeste gertatzen da. Mahaian, lau gizonezko eta emakumezko bat dago, eta batzordeetan gaien araberako banaketa bat gertatzen da, non gizonezkoak ekonomia, ogasuna eta foru araubide bezalako arloetan dauden, eta emakumezkoak, berriz, eskubide sozialetan, osasunean edo politika sozialetan biltzen diren".


Estu hartuta, eta Murguialdayk esan duenez, berdintasuna "maila kuantitatiboan gertatzen da; izan ere, Parlamentuaren plantilla 56 pertsonak osatzen dute, eta horietatik 33 emakumezkoak, eta 50 parlamentarietatik 26 emakumezkoak dira".


Nafarroako Parlamentua berdintasun plan bat duen lehenengo legebiltzarra da. Lau hilabetez erakundearen barnean egindako lanaren emaitza da, eta denbora horretan zenbait prozesu parte-hartzaile jarri dira abian; besteak beste, plana bultzatzeko lantalde bat sortu da, sentsibilizazio-ekintzak egin dira edo prestakuntza-tailerrak egin dira langileekin, parlamentu-taldeekin eta hedabideekin.


Planak arau bidez heldu den eskakizun bati erantzuten dio. Hura dela eta, administrazio publikoek berariazko politikak erabili behar dituzte pertsonen berdintasuna errazteko; kasu honetan, plantillan eta parlamentu-taldeetan. Azken helburua da berdintasuneko politiken erreferente bihurtzea gizartea osatzen duten gainerako erakundeentzat.


Nafarroako Parlamentuko 2016-19 urteetarako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planak 12.750 euroko kostua (BEZik gabe) izan du, eta zenbateko horretan lau urtetako jarraipena jasota dago.