Publicada el Viernes, 1 de Julio de 2016

Parlamentuak harrera egin die Nafarroara uda pasatzera etorritako haur sahararrei

Benamarrek esan du Nafarroaren laguntzak haientzat anaitasunaren eta elkartasunaren zentzua irudikatzen duela eta gogorrago eta eraginkorrago egiten dituela

Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarezek, ostegunean harrera egin dio Foru Komunitatera uda pasatzera etorritako 7 eta 12 urte bitarteko 19 haur sahararren ordezkari talde bati. Nafarroako Sahararen Lagunen Elkartearen (ANAS) ekimenak ekarri ditu haurrak gurera.


Erakunde-aretoan egin da ekitaldia. Lehendakariak haurrak agurtu ditu, eta udako hilabeteetan etxean edukiko dituzten familiei eskerrak eman dizkie “elkartasunaren” eredu direlako eta lan garrantzitsua egiten dutelako, Saharako haurrei hezkuntza eta laguntza eskainiz.


Ildo horretan Ainhoa Aznarezek esan duenez, “ekitaldi xume, eder eta hunkigarri honek argi erakusten du bai Nafarroako Parlamentuak bai Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentari taldeak erakunde-babesa eskaintzen dutela, hala laguntza lanari dagokionez nola zuen eskakizunak aldarrikatuz”.


Ondoren, Europako Parlamentuko talde horretako lau kidek, Ainhoa Unzu, Consuelo Satrustegi, Esther Korres eta Fátima Andreok, agurtu egin dituzte haur sahararrak, duela gutxi Tindufeko kanpamentuetara egindako bidaia gogoratu dute, eta honako hau erantsi dute: “lanean jarraituko dugu Nafarroara etortzen segitu ahal izan dezazuen. Guri eskaini zeniguten bezalako harrera abegitsua jasoko ahal duzue. Zuek hemen izatea urteko unerik berezien eta hunkigarrienetako bat da”.


Baladi Benamar Mendebaldeko Saharako eta Fronte Polisarioko ordezkaria da Nafarroan. Umeei harrera egiten lagundu duten familien eskuzabaltasuna eta Nafarroako Parlamentuak saharar herriari ematen dion babesa eskertu ditu. “Oraintxe ia gerrarako prest gaude, Maroko bake prozesua oztopatzen tematu delako. Nafarroak guretzat elkartasunaren eta anaitasunaren zentzua irudikatzen du. Zuen sostenguak oinazea arintzen digu, eraginkorrago eta gogorrago egiten gaitu”.


Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteak (ANAS) haur sahararrak Nafarroako familietara ekartzeko lana eta saharar herriaren egoerari buruzko “sentsibilizazio ekintzak” uztartzen ditu.


ANAS duela 19 urte hasi zen Saharako umeak udako oporretan Foru Komunitatera ekartzen. Haurrek “familien bizitzan parte hartzea” da helburua, baina taldeko jarduerak ere antolatzen dira, hala nola Parlamentua eta beste erakunde batzuk ezagutzeko bisitak, txangoak edo amaierako festa.


Harrera ekitaldian izan dira, halaber, Unai Hualde lehen lehendakariordea, eta Nafarroan Mendebaldeko Saharako eta Fronte Polisarioko ordezkaria den Mohamed Gailani, bai eta parlamentari hauek ere: Koldo Martínez, Isabel Aranburu, Virginia Alemán, Patxi Leuza (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Miren Aranoa, Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garaialde, Dabid Anaut (EH Bildu), Fátima Andreo, Tere Saéz (Podemos-Ahal Dugu) eta Nuria Medina (PSN).