Publicada el Jueves, 15 de Septiembre de 2016

Ez da aintzat hartu irakasleen autoritateari buruzko Foru Lege proposamena

gehiengoak uste du Estatuko araudian lehendik ere badaudela jasota autoritate publikoa edo egiazkotasun-presuntzioa bezalako printzipioak, PPk bere ekimenean jaso dituenak

Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, ez du aintzat hartu irakasleen autoritateari buruzko Foru Lege proposamena. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek lege proposamenaren aurkako botoa eman dute eta PPNk aldeko botoa eman du.

PPNko foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako foru lege proposamenak xede zuen“irakaslearen autoritatea aitortzea eta irakasleei, beren eginkizun eta erantzukizunetan dihardutenean, zor zaizkien aintza eta errespetua sustatzea; horren helburua da ikastetxeetan bizikidetasun giro egokia bultzatzea eta ikasle guztien hezkuntzarako eskubidearen baliatze erabatekoa bermatzea”.

Horretarako, “Foru Komunitateko irakasleek merezi duten duintasuna eta errespetua babesteko, eta berariazko lege propiorik ezean”, arauaren bidez “zenbait diziplina-tresna” ezarri nahi ziren, “horrela, autoritate publikoaren izaera oinarri hartuta, egiazkotasun-presuntzio eta guzti, irakaslearen figura aintzat hartu eta indartzeko, irakasleen aurkako erasoak, hitzezkoak nahiz fisikoak, larriagotu diren garai honetan”.

Lege proposamena atzera bota da, Legebiltzarreko gehiengoak iritzi diolako bai LOEk bai LOMCEk dagoeneko irakaslearen figura bermatzen dutela eta Estatuko araudiari Foru Komunitatekoa gaineratzeak “nahasbidea baino ez lukeela sortuko”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proposamena (84. NPAO, 2016-06-10ekoa)