Publicada el Jueves, 29 de Septiembre de 2016

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Justizia Ministerioarekin lankidetza-hitzarmena sina dezan

Hasiera batean arruntzat kalifikatutako ezintasunak lanekoak direla onartzen duten epaien eta osasun sistema publikorako bideratzeen arteko erlazioa aztertzeko

Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “lankidetza-hitzarmen bat sina dezan, 30/1992 Legearen 6. artikuluan xedatutakoaren babesean, Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioarekin, lan arloan emandako epaiei buruzko informazio zehatza emateko bide aise bat taxutze aldera epai horiek langileen istripu edo gaixotasun baten lanbide-kontingentzia izaera aitortzen dutenean”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “epai horien azterlan estatistiko bat egin dezan, epai horiek neurri handienean ukitzen dituzten sektoreak eta enpresak identifikatuko dituena, egoera horiek zuzentzeko egokiak diren jarduketak gauzatzeko asmoz. Azterlan hori Justizia Ministerioarekin sinatuko den lankidetza-hitzarmenaren babesaz edo erabil daitezkeen beste baliabide batzuen bidez egin beharko da, epai guztiak jendaurrekoak direla kontuan hartuta”.

Jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “azterlan bat egin dezan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren laguntzaz. Bertan aztertuko da, zerbitzu horren arreta jasotzen duten pazienteei dagokienez, pertsona horiek langile dituzten enpresek kontratatutako mutualitateek zenbati eskaini dioten probak, diagnostikoak eta ebakuntza kirurgikoak aurreratzea, osasun sistema publikoak eskaintzen dituen epeak azkartzeari begira. Azterlan horren helburua izanen da mutualitateek egindako eskaintza horren eta sistema publikora behar ez bezala egindako balizko bideratzeen artean egon daitekeen harremana ezartzea”.

Honako hau ere eskatzen zaio Foru Gobernuari: “prestakuntza kanpaina egin dezan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez, oinarrizko eta espezialitateetako osasun-laguntzako medikuentzat, mediku horiek lagundu dezaten identifikatzen, beren ustez eta irizpide profesionalari jarraituta, jatorriz lanekoak diren patologiak tratatze aldera osasun sistema publikora jotzen duten pazienteak. Halaber, mediku horiei prestakuntza eman behar zaie, kontingentziari buruz duten iritzi profesionala adierazten duten txostenak zorroztasunez egin ditzaten eta zuzemen egokiak egin ditzaten bidezko erreklamazio-prozesuak ofizioz abiarazteko, pazienteei prozesu osoan lagunduta”.

Azkenik, Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari eska diezaion lanbide izaerako kontingentzien balorazio-irizpideak berrikusteko, arlo horretan galdu diren epaien kopuru handia ikusita”.

 

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek erabaki osoaren alde bozkatu dute. EH Bildu eta PSNk puntu guztietan bozkatu dute alde, laugarrenean izan ezik, horretan abstenitu egin baitira. UPNk lehen eta bigarren puntuen alde eta hirugarren, laugarren eta bosgarren puntuen aurka bozkatu du, eta PPk testu osoaren aurka.

Zioen azalpenean, bestalde, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak sustatutako erabaki horrek dio “epai judizialen andana batek” laneko kontingentziatzat jo dituela hasiera batean langileen kontingentzia arruntzat hartuak izan diren aldi baterako zenbait ezintasun, eta, horren harira, salatu egiten du lanbide jatorri nabariko patologiak dituzten pazienteak masiboki ari direla bideratzen osasun sistema publikora. Zalantzan jartzen du “kostu horiek gero mutualitateei jasanarazten ote zaizkien, nahiz eta, berez, beraiei zegokien paziente horiei zerbitzua hasieratik ematea”.

Hori guztia, erabakian azpimarratzen denez, “Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren oniritziarekin” egiten da; izan ere, horrek ere “sistematikoki eta modu interesatuan” baztertu ohi ditu (emandako arreta medikoaren kostua foru erkidegoaren funtsen konturakoa da) langileek administrazio bidean egiten dituzten erreklamazioak, beren patologien lanbide-kontingentzia izaera erreklamatzen dutenean.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (73. NPAO, 2016-05-20koa)