Publicada el Lunes, 24 de Octubre de 2016

Lo que esconde tu móvil/Zure mugikorrak ezkutatzen duena erakusketa inauguratzeko ekitaldia

Iván Benítezen argazkiek giza eskubideen urratzea salatzen dute Kongoko Errepublika Demokratikoko mineralen erauzketa eta legez kontrako salerosketa direla eta

Parlamentuko lehendakariordeak, Unai Hualdek, gaur inauguratu duen erakusketaren bidez, Alboan GKEak sustatutako Gatazkarik gabeko Teknologia kanpainaren barnean, salatu egin nahi da giza eskubideak urratzen ari direla Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean, mineralen erauzketari eta legez kontrako salerosketari lotuta. Oraingo honetan Iván Benítez kazetariaren 29 irudiren bidez gauzatzen da salaketa.

Legebiltzarraren egoitzako atarian egin da ekitaldia, eta bertan izan diraMaiorga Ramírez Mahaiko lehen idazkaria, Koldo Martínez, Patxi Leuza (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz (EH Bildu parlamentu-taldea), Fátima Andreo (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Mary Tere Guzmán ALBOANeko Ekintza Publiko eta Partaidetza arloko arduraduna, eta Guillermo Otano, Azterlanetako eta Prestakuntza Proposameneko teknikaria.

Erakusketaren helburua da, inaugurazioko hitzaldian Unai Hualdek azaldu duenez, “gure mugikor, tablet, smartphone eta egunero erabiltzen ditugun gainerako tresna teknologikoen osagaietako batzuen atzean dagoen giza dramaren berri ematea”.


Horri dagokionez, Parlamentuko lehendakariordeak dei egin du “kontzientzia hartzera Kongon eta beste eskualde batzuetan jasaten dituzten lan baldintzez eta miseria gorriaz, odolezko mineralak kontrolatzen dituzten talde armatuen esplotazioak eta legez kontrako trafikoak areagotuak, aparatu horiek fabrikatzeko gaien erreserben % 80 Kongon baitago”.


Unai Hualdek, amaitzeko, eskertu egin du Alboanek eta Iván Benítezek berak “egoera onartezin horren berri zabaltzeko” egindako ekarpena. “Horri guztiari buruz, duintasunari eta lankidetzari buruz, gatazkarik gabeko teknologiei buruz mintzo da erakusketa hau. Mila esker zuen engaiamenduagatik”.


Guillermo Otanok, bestalde, eskertu egin du Parlamentuko talde eta elkarte guztiek emandako babesa, iragan apirilean laguntza eskatu zietenean, gatazka armatuak dituzten eskualdeetatik ekarritako mineralez hornitzerakoan enpresek arduratsu jokatzea bermatu behar duen Europako araudi baten alde egiteko. Oraindik eztabaida fasean dagoen araudi horren errespetuaren mende daude milioika pertsonaren biziak”.

Iván Benítezek, erakusketaren egileak, ohartarazi du Gomatik 70 kilometrora dagoen Rubayako meategian hartutako irudietan ikusten dena ez dela “ur tanta bat ere infernu hartako errealitatean, non NBEk 18.000 kasko urdin dauzkan, ia deus ere egiten ez dutenak. Meategiak sator zuloak dira, izugarria da hango itomena. Mineral horiengatik bortxatu egiten da, hil egiten da eta haurrak erabiltzen dira. Mugikorra suntsipen handiko arma bat da, gure haurrei eta nerabeei ere eragiten diena, beste modu batean”.


Lo que esconde tu móvil/Zure mugikorrak ezkutatzen duena erakusketaren bidez “gure teknologia-kontsumoak gizartean eta ingurumenean sortzen dituen ondorioen berri” zabaldu nahi da, 29 irudi direla medio, agerian uzten dutenak mugikor, ordenagailu eta horrelakoak fabrikatzeko ezinbestekoak diren materialak nola erauzten diren erdi esklabotzako baldintzetan. Nabarmen gelditzen dira material horien legez kontrako salerosketaren ondorioak ere, eskualdean gerra iraunarazten duten talde armatuak finantzatzen baitira salerosketa horren bidez.

Iván Benítez (Zaragoza, 1972) bere lan profesional gehienetan aritu da gatazken, hondamendi naturalen eta goseteen berri ematen hainbat herrialdetatik: Jugoslavia ohia, Libano, Palestina, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Bolivia, Peru, Kolonbia… Hainbat sari jaso ditu, tartean Nafarroako kazetarientzako Teobaldo saria 2010ean, Argazkirik Onenaren saria 2014an eta ONCE-Nafarroa sari solidarioa 2015ean.

Erakusketa jendearentzat zabalik egonen da Parlamentuaren egoitzako atarian urriaren 28ra arte, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara bitartean.