Publicada el Viernes, 28 de Octubre de 2016

Eztabaidatutako 23 erabakietatik 17 onetsita, Komunitatearen egoerari buruzko 2016ko eztabaida amaitu da

Parlamentuak zergen eta finantzen arloan autogobernuarekin duen konpromisoa berresten du eta Estatuko erakundeei begirunea eta leialtasuna eskatzen die, esparru horri dagokionez

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen egoerari buruzko 2016ko eztabaidan jorratutako 23 erabaki-proposamenetatik 17 onetsi ditu (UPNren 2, PSNren 4, Geroa Bairen 2, EH Bilduren 2, Podemos-Ahal Duguren 2, I-Eren 2, sigla guztiek sinatutako bat eta laukoak sinatutako 2).


Hau da ONETSITAKO erabakien zerrenda:


“1.- Parlamentuak zergen eta finantzen arloan Nafarroaren autogobernuarekin duen konpromisoa berresten du eta Estatuko erakundeei autogobernuaren esparru horrekiko begirunea eta leialtasuna eskatzen die.


2.- Nafarroako Parlamentuak gobernu zentralari eskatzen dio 2015-2019 bosturtekorako Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa eguneratzeko negoziazioari premiaz heltzeko.


3.- Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoa negoziatzeko Nafarroako ordezkaritzari, Nafarroako Foru Komunitatearentzat bidezkoa eta orekatua izanen den akordioa lortzeko.


4.- Nafarroako Parlamentua hitzarmen ekonomikoa eguneratzeko Nafarroaren eta Estatuaren arteko negoziazio-prozesua leialtasun eta elkartasun printzipioak aintzat hartuz eta horiekiko konpromisoz egitearen alde agertzen da.


5.- Nafarroako Parlamentuak hitzarmenaren eta horren negoziazioen edukia ezagutaraztea eta jakinaraztea sustatzeko borondatea erakusten du, haren defentsan eragile sozial, politiko eta instituzionalak engaiatzeko”.


UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, PSNk, PPNk eta Izquierda-Ezkerrak AURKEZTUA.


Aho batez ONETSIA.


“1.- Nafarroako Parlamentuak justizia sozialarekin duen konpromisoa adierazten du, lan duinerako, kalitatezko zerbitzu publikoetarako eta pertsonen eskubide-berdintasuna bermatzen duten gizarte-politiketarako eskubidea erabiltzea ahalbidetzeko politika ekonomiko eta sozial guztiak egituratzeko printzipio gisa.

2.- Horretarako, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du aurrekontuak birbideratzeko jarraitzen ari den ildoari eusteko eta helburu horiei behar adina baliabide pixkanaka esleitzeko, gizarte kalitaterik handiena duten Europako herrialdeetan horretarako erabiltzen dena erreferentzia hartuta.

3.- Halaber, konpromisoa hartzen du bidezko zerga-politika ezartzen jarraitzeko. Zerga-politika horrek gehikortasunean aurrera egin, pertsonen eta enpresen kontribuzio-ahaleginak parekatu eta kalitatezko zerbitzu publikoei eusteko behar adina diru-sarrera bermatu behar du”.


Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; PSN eta PPN abstenitu egin dira; eta UPNk kontra bozkatu du.


“1.- Nafarroako Parlamentua pozik dago Euskararen Plan Estrategikoa egiteko prozesuagatik. Horren ildo estrategikoak funtsezkoak dira hizkuntza-politika proaktibo eta positibo baterako. Horregatik, borondatea dauka hura ezartzeko behar diren baliabideez horni dadin.

2.- Nafarroako Parlamentuak arauen estaldura egokiaren alde egiten du, hizkuntza-eskubideak betetzen aurrera egiteko, nahi duten herritarrek Administrazioarekin euskaraz komunikatu ahal izatea bermatuz, Nafarroako errealitate soziolinguistiko guztiak kontuan hartuta.

3.- Nafarroako Parlamentuak, gizarte eremuari dagokionez, elementu estrategikotzat jotzen ditu pertsona helduen alfabetizazioa eta euskalduntzea eta euskarazko hedabideak, baita aisiari lotutako jardueretan haren erabilera indartzea ere”.


Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; UPNk, PSNk eta PPNk kontra bozkatu dute.

“1.- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du Nafarroaren autogobernuarekin, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian jasotako eskubide historikoekin, eta Foru Komunitatearen beraren sinboloekin”.


UPNk AURKEZTUA.


UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin ONETSIA; Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra abstenitu egin dira eta EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk kontra bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentua kezkatuta dago aniztasunak eta bizikidetzak jasandako erasoengatik, hala nola irailean Altsasun gertatu zirenengatik, Nafarroako Gobernua premiatzen du ikastetxeetan legezkotasunarekiko begirunearen, askatasunaren eta tolerantziaren balio demokratikoak susta ditzan, eta talde erradikalek segurtasun-indar eta -kidegoetako kideak eta haien senideak jazartzeari uzteko eskatzen du”.


UPNk AURKEZTUA.


UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin ONETSIA; Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak kontra bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekoizpen ereduaren aldaketa moderno eta dinamikoa irmotasunez koordina dezan eta maila orokorreko aurrerapen teknologikoak kontuan har ditzan, gutxienez 20 urteko helmugari begira, gure Foru Komunitatearen eta etorkizuneko belaunaldien ongizatearen jarraipena bermatuz. Helburu horiek lortzeko, Nafarroako Gobernuak ekintza hauek baliatuko ditu:


- Garapen ekonomikoko ekintza politikoaren erdigunean berrikuntza, industrializazioa, prestakuntza eta kalitatezko enplegua jarri, epe ertain eta luzerako estrategia bat sortuz, garaiei aurre hartuko dieten planak, helburuak eta tresnak ezarrita.


- Ekintzailetzari sostengu irmoa eman, batez ere oinarri teknologikoa daukanari, baita beren lanean berrikuntza dosi handia duten ekintzaileei ere.


- Enpresen taldekatzea sustatu, dauden enpresen hazkundeari lagunduz, enpresa ertainak eta handiak Nafarroako Foru Komunitatera erakarriz, hemen koka daitezen, eta Nafarroan klusterrek behar duten eboluzioan bitartekaritza eginez, batez ere automobilgintzan eta 4.0 industriara egokitzen laguntzen dutenetan.


- Berrikuntzaren arloko hizkuntza-politiken eguneratzea egin eta ezarri, zenbait arlo, hala nola robotika edo programazioa, Lehen Hezkuntzatik agertzea normalizatuz, eta derrigorrezko hezkuntza osoan beste batzuk gehituz, Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintza egoera teknologiko global berrira egokituz”.

PSNk AURKEZTUA.


Aho batez ONETSIA.


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:


1.- Hezkuntzarako eskubidea zabaldu eta indartu, Konstituzioan duen zentzua eta giza eskubide unibertsalaren izaera berreskuratuz. Hura eskuratzeko aukera-berdintasuna ez ezik, ikasteko aukeren bidezko banaketarako eskubidea eta guztien eskola-arrakasta ekar ditzan.


2.- Ekitatean oinarritutako hezkuntza-sistema egonkorra eraiki, bikaintasunari begira. Hezkuntza-sistema horrek ikasteko aukera-berdintasuna eta hezkuntza-emaitza hobeak lortzea bermatu behar ditu, gelako ikasle ratioak pixkanaka jaitsaraziz, banakako arretarako eta eskola inklusiboa bermatzen duen eskola-arrakastarako eragile gisa.


3.- Politikoki eta instituzionalki balio demokratikoekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin, kultura-artekotasunarekin, hezkidetzarekin, dibertsitatearen arretarekin, elebitasunarekin, bizi estilo osasungarriekin engaiatutako eskolaren alde egin. Eskolak hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze aktiboa sustatu behar du eta hezkuntzarako eskubidearen benetako erabilerak eta hobekuntza-prozesu etengabean dagoen hezkuntza-sistema ireki batek dakarten eskakizunekin bat datorren irakasleen profesionalizazio-eredu bat definitu”.


PSNk AURKEZTUA.


Aho batez ONETSIA.


“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez eta beste departamentuekin lankidetzan zeharka jardunik, gizarte hezkuntzan eta esku-hartzean oinarritutako Bizikidetza Plan Integral bat egin dezan.


2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berdintasun eta errespetuaren, eta balio demokratikoekiko, eskubideekiko eta askatasunekiko begirunearen balioak zabaltzen lagunduko duten kanpaina instituzionalak egin ditzan.


3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du etika publikoaren eta nafar guztien arteko bizikidetza baketsuaren aurkako jokabide oro anbiguotasunik gabe gaitzets eta arbuia dezan”.


PSNk AURKEZTUA.


Aho batez ONETSIA.


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hauek egin ditzan:


1.- Plantilla organikoan beren izaeragatik iraunkorrak eta egonkorrak diren plaza guztiak sartu.


2.- 2016ko irailaren 14ko epaian Nafarroako Foru Administrazioko aldi baterako langile guztientzako kalte-ordainei buruz xedatutakoa bete, zein ere den haien izaera, 2017ko aurrekontuetan horri aurre egiteko aurrekontu-ildo bat ezarriz.


3.- Espainiako Gobernuari berritzeko tasek ezarritako mugak ordenamendutik kentzeko eskatu, Nafarroako Foru Administrazioko plantilla organikoei egonkortasuna emanen dien lan-eskaintza publiko bat deitu ahal izateko”.


PSNk AURKEZTUA.


UPN, PSN, Podemos-Ahal Dugu, PPN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira.


“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure Komunitateak duen nazioarteko kokapenean sakontzen jarrai dezan, besteak beste, neurri hauek bultzatuz:


- Espainiar eta frantses Estatuetako lurralde-erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza, gizarte zibila ematen dituen aukeretan inplikatuz.


- Harremanak Nafarroa Behereko udalerriekin batzen gaituzten lotura historiko, sozial eta kultural bereziak estutuz.


- Europako Ekintza Planean Europan Nafarroaren ahots propioa benetan izateko eta Europako erakundeetan dagozkion eskumenak defendatzeko benetako presentzia izateko jasotako neurriak.


- Akitaniako Eskualdearekiko eta EAErekiko Lankidetza Protokoloaren eremuko ekintza. Duela gutxi Nafarroa berriz sartu da protokolo horretan, Europako eremuan gure aukerak hobetzeko; izan ere, ekoizpen, banaketa eta kontsumo sistemako aldaketak eta nazioz gaindiko harremanen biziagotzea direla-eta, baterako politikak egin behar dira ondoko eskualdeekin.


- Europako eskualdeen arteko beste asoziazionismo instantzia batzuk, Nafarroarentzat interesa dutenak, garatzea, hala nola Atlantiko-arroko Hego Europako Eskualdeen Biltzarra (SEA) edo Pirinioetako Lan Komunitatea.


- Sektore publiko eta pribatuaren joerak eta politikak arretaz aztertzea, bereziki enpresa transnazionalenak, gure komunitatearentzako aukerak hauteman eta arriskuak minimizatzeko, unibertsitateekin, enpresekin, ikerketa-zentroekin eta gure inguruneko gizarte zibilaren erakundeekin lankidetzan.


- Nafarroaren ekarpena Europa solidarioa, gizarte justiziarantz abiatzen dena eraikitzeko. Horretarako, Europako eta nazioarteko beste administrazioekin –batez ere Espainiako Gobernuarekin, hari baitagozkio alderdi horretako azken eskumenak– koordinatuta lan egitearen alde egiten dugu, Nafarroako gizarteak errefuxiatuekiko adierazi duen elkartasuna gauzatu dadin, eta Nafarroak, bere ahalbideen neurrian eta bidezko banaketa baten arabera, dagozkion guztiak hartu ahal izateko”.


GEROA BAIk AURKEZTUA.


UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin onetsia; PPNk kontra bozkatu du.


“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu legebiltzar honek onetsitako legeen aurka sistematikoki jarritako errekurtsoak eta Auzitegi Konstituzionala erabiltzea Nafarroako gehiengo politiko eta sozialaren borondatearen gainetik pasatzeko eta gehienbat hemengo herritarren ongizateari eragiten dieten erabakiak hartzea galarazteko.

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako legeen eta arauen aurka jarritako errekurtsoak, behin betiko ebazteko daudenak, ken ditzan eta hemengo ordezkari legitimoek eta hemengo erakundeek hartzen dituzten erabakiak errespeta ditzan”.


GEROA BAIk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin onetsia; UPNk eta PPNk kontra bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentuak, gizarte jasangarri bat bere ikuspegi guztietan eta bere ondorio guztiekin sortzeko eta finkatzeko ideiak duen gizarte babesa bere eginez, bere egiten du erronka hori eta babestu egiten du.


2.- Nafarroako Parlamentuak dei egiten die Nafarroako gizartea osatzen duten estamentu guztiei, bai ekonomikoei, instituzionalei nahiz sozialei, euren politika guztietan eta euren jardunbide guztietan jasangarritasuneko irizpideak aplika ditzaten, global eta orokorrenetatik berezi eta zehatzenetaraino, beharrezkoa eta egokia den eremu guztietan. Bereziki kontuan hartu behar dira politika publiko hauek, Garapen Jasangarriaren 2030 Agendan sartzeko:

o Txirotasunaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako borroka
o Enplegua
o Etxebizitza
o Osasuna
o Hezkuntza
o Genero-berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria modu guztien aurkako borroka
o Nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien segurtasuna
o Ekonomia-garapena eta berrikuntza
o Industria eta turismoa
o Merkataritza
o Kontsumoa
o Lurralde antolamendua: bizitzeko egokitasuna eta lurralde-oreka
o Garraio publikoa
o Energia, ura eta hondakinak
o Klima-aldaketa eta biodibertsitatea
o Nazioarteko harremanak (nazioartekotzea eta garapenerako lankidetza)”.


EH BILDUk AURKEZTUA.


UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; PPNk kontra bozkatu du.


“1.- Nafarroako Parlamentua bere konpromisoa agertzen du herritarren parte-hartzean sakontzearekin eta Nafarroako herritarren erabakimena aitortzeko neurriak ezartzearekin.

2.- Nafarroako Parlamentuak bere gain hartzen du Parlamentuan parte-hartze prozesu bat zabaltzeko Hobekuntza erreformatzeko, Nafarraren estatus politikoa definitzeko, eskumen berriak sartzeko eta gizarte eskubideen onarpenean aurrera egiteko, ahalik eta lege mailarik handiena emanik, eraginkortasunez betearaziz, eta erreforma bera herritarren erreferendumaren pean jarriz.

3.- Helburu horrekin, Akordio Programatikoan jasota, Nafarroako Parlamentuak bere borondatea agertzen du Nafarroako Gobernuak, sei hilabeteko epean, egungo esparru juridikoaren eta eskumen-esparruaren azterketa juridiko eta ekonomikoa egin dezan, eskaintzen dituen mugen eta aukeren arabera, baita etorkizunerako proposamenak ere, Hobekuntzaren erreformari dagokionez”.


EH BILDUk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; UPNk, PSNk eta PPNk kontra bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, urtebeteko epean, Foru Administrazioa software librera migratzeko plan bat egin dezan”.


PODEMOS-AHAL DUGUk AURKEZTUA.


UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; PPN abstenitu egin da.


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren bidez, hauek egin ditzan:


1. Komunikazio eta laneko loturak identifikatu eta ezarri alor horretan arrakasta izan duten esperientziekin, Nafarroan topaketa bat berehala egiteko, gure Komunitatearen errealitatera egokitu litezkeen “jardunbide egokiak” aztertu ahal izateko han.

2. Elkarrizketa prozesu bat ezarri gure Komunitatean eremu horretan diharduten alderdi guztiekin (elkarteak, taldeak, sortzaileak, etab.), haien iritziak ezagutu eta gaiari buruzko lantalde bat eratzeko.

3. Bere jabetzako eraikin edo lokal hutsen edo erabili gabeen aukerak teknikoki balioetsi, herritarren, eta batez ere gazteen, erabilera soziokulturalerako gaitzeko.

4. Udalekin eta beste toki-erakunde batzuekin mota horretako espazioak erabiltzeko lankidetza-hitzarmenak negoziatu.

5. 2017an, Sorkuntza Artistiko eta Kulturaleko eta Gizarteak parte hartzeko espazio kogestionatuak eta autokudeatuak sortzeko eta koordinatzeko lehenengo plan pilotua egin, eta 2018an abiarazi”.

PODEMOS-AHAL DUGUk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin onetsia; UPNk eta PPNk kontra bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentuak interes orokorraren eta herritarren gizarte eskubideen aurkako erasoa deritzo 2011n onetsitako Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreformari, aurrekontu-politikaren lehentasun absolututzat ezartzen duelako zor publikoa ordaintzea, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du.

2.- Nafarroako Parlamentuak interes orokorraren eta herritarren gizarte eskubideen aurkako erasoa deritzo Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoari, murrizketa zorrotzak ezartzen dizkiolako administrazio publikoen aurrekontu-politikari, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du.

3.- Nafarroako Parlamentuak langileen eskubideen aurkako eraso larri eta bidegabea deritzo lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko3/2012 Legeari, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du.

4.- Nafarroako Parlamentuak interes orokorraren eta zerbitzu publikoen kalitatearen aurkako erasoa deritzo lan-eskaintza publikoak deitzeko ahalmena zorrozki mugatzen duen Estatuko oinarrizko araudiari, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du”.

IZQUIERDA-EZKERRAk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; UPNk eta PPNk kontra bozkatu dute.


“Nafarroako Parlamentuak hezkuntza publikoa lehenetsi, sustatu eta indartzearen alde egiten du, herritar guztiek hezkuntza berdintasuneko baldintzetan eskuratzearen bermea baita, eta, beraz, hauek garatzearen alde dago:

1.- Hezkuntza Sistema Publikoa, Nafarroan hezkuntza-eskaintza egituratzeko.

2.- Ikastetxe publikoak, sozializazioa, bizikidetza, inklusioa, hezkidetza eta laikotasuna bideratuko dituzten hezkuntza-testuinguru demokratiko eta parte-hartzaileen bidez guztien eskola-arrakastarako kalitatezko hezkuntza bermatuko dutenak”.


IZQUIERDA-EZKERRAk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ONETSIA; UPNk eta PPNk kontra bozkatu dute.


Hau da BAZTERTUTAKO erabakien zerrenda:


“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta biziagotzeko politika bat gara dezan, helburua kalitatezko enplegu egonkorra sortzea izanik, familia-enpresen fiskalitatea hobetuz, autonomoen eta ETE-en industria egitura babestuz, besteak beste, Nafarroako kanala eta AHTa handitzea bultzatuz eta lehenetsiz, Foru Komunitatearen lurralde-oreka egituratzeko jarduera gisa”.


UPNk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin EZETSIA; UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Foru Komunitatean Hezkuntzaren aldeko Itun bat lortu ahal izateko epe egokiak jasoko duen egutegi bat ezar dezan.


Horregatik, parte-hartzen utziko zaie hezkuntza-komunitatean inplikatuta dauden eragile guztiei (gurasoak, sindikatuak, irakasleak, zuzendaritza-taldeak, ikasleak, parlamentu-taldeak, gizarte ekimeneko zentroen arduradunak eta abarrekoak).


UPNk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin BAZTERTUA; UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute.


“1.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko harremanek Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa bete behar dutela, zeinak Nafarroaren eskubide historikoak babesten eta errespetatzen baititu, baita Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa ere, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoa guztiz errespetatuz, Nafarroako zerga- eta finantza-araua izanik.


2.- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du Foru Komunitatearen ikur propio eta ofizialen alde.


3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako errealitate instituzionalarekiko begirunea eskatzen du, eremu guztietan: hezkuntzan, telebistan, kulturan eta kirolean.


4.- Nafarroako Parlamentuak irmotasunez eta hausturarik gabe kondenatzen ditu ETA banda terroristak egindako hilketak, bahiketak, zauriak eta estortsioak, eta kondenatu egiten ditu Altsasuko guardia zibilek jasandako erasoak”.


PPNk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin BAZTERTUA; UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute.


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako garapen ekonomiko eta industriala sustatuko duten neurriak ezar ditzan, hala nola:

1.- Enpresak finkatzeko zerga-egoera erakargarria sortzea, Nafarroako enpresak Espainia osokoen egoera berean egon daitezen eta beste komunitateekiko konparaziozko bidegabekeriarik gerta ez dadin.


2.- Ondarearen gaineko zerga kentzea, enpresa- edo lanbide-jarduera bati atxikitako ondasun eta eskubideen zerga-trataerari dagokionez; izan ere, zerga-zama hori Nafarroan baino ez da jasotzen, galga jartzen dio enpresen jarduerari, eta lehiakortasuna galtzeko arriskua dakarkie, batez ere, familia-enpresei.


3.- Enplegua sortzea bultzatu eta talderik ahulenak kontratatzea erraztuko duten planak garatzea.


4.- Gazteentzako informazio eta aholkularitza zerbitzuak indartzea, bereziki lan-munduan sartzeari lotutakoa, baita prestakuntzako eta laneratzeko eta Europako mugikortasunerako beste programa batzuk ere, hala nola Gazteen Berme Funtsa, zeinak haien aukerak zabaltzea bilatzen baitute.


5.- Pitillas eta Buñuel arteko ubidearen bigarren fasearen eraikuntza-proiektuaren idazketa kontratatzea eta Nafarroako Erriberara kalitatezko ura eramatea ahalbidetuko duen eraikuntza-proiektua amaitzea, hiri-hornidurarako, lur ureztatuetarako eta nekazaritza-elikagaien industria-sektorearen garapenerako.


PPNk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin BAZTERTUA; UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute.


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Hezkuntzaren aldeko Itun bat bultza dezan, hezkuntzaren ikuspegi soziala indartuko duen pertsonen aldeko (ikasleak, familiak, irakasleak eta irakasle ez diren langileak) itun bat. Hortaz, askatasunaren, berdintasunaren, ekitatearen eta inklusibitatearen alde egin dezan, enplegura bideratuta, hezkuntza-komunitatearekiko, gizarte-eragileekiko eta administrazio publikoekiko elkarrizketa eta lankidetza esparru batean, haren barnean neurri hauek sartuta:


1.- Ingelesezko Ikaskuntza Programa (PAI) ikasturte honetan hala eskatu duten eta hura ezartzeko behar adina eskari duten ikastetxe publikoetan, herritarren eskaerari erantzun dakion eta gurasoek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza askatasunez hautatzeko duten eskubidea berma dadin.


2.- Hezkuntza departamentutik eta nahastutako eragile guztiekin adostuta, tolerantzia, begirune, kidetasun eta dibertsitate balioak sustatzen dituen hezkuntza azpimarratzea Nafarroako ikastetxeetan, ikaskideen arteko nahiz ikasleen eta irakasleen arteko eskola-jazarpeneko kasuetan esku hartzeko mekanismoak bideratuz. Irakasleak Babesteko Berariazko Lege baten bidez arautuko da hori eta hari heldu ahalko diote erasoak edo larderiak jasan eta babesgabe senti daitezkeen irakasleek.


3.- NUPentzako urte anitzeko Finantzazio Plana ezartzea, baliabideen kudeaketa egokia eta eraginkorra bermatzeko.


4.- Lanbide Heziketa Duala sustatzea, ikastetxeko prestakuntza eta enpresan egotea bateratuta, ikasleei beren interes eta gaitasunetara ongien egokitzen zaien prestakuntza emateko”.


PPNk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin BAZTERTUA; UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute.


“Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gizarte politikak familiaren, desgaitasuna duten pertsonen, haurren eta genero-indarkeriaren biktimen aldeko ekintzak garatzeari begira jar ditzan, besteak beste neurri hauek hartuz:


1.- Gizarte Eskubideen Departamentuan Familiaren Zuzendaritza Nagusia ezartzea.


2.- Amatasuna babesteko Lege bat egitea, zio sozialak edo ekonomikoak direla-eta emakumeak haurdunaldia etetera behartuta gerta ez daitezen.


3.- Enplegu zentro berezietan ez ezik, merkatu arrunteko enpresetan ere desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa bultzatzea.


4.- Lismi legea betetzea, Administrazioan sartu behar duten pertsona desgaituen ehunekoa betez, azterketak eta oposizioak aukera-berdintasuna bermatzeko aldatuz, eta Nafarroako Kontratu Publikoen Legea betetzea, kontratu publikoen % 6 gizarte erakundeentzat bermatuz.


5.- Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko 5/2010 Legearen araudia garatzea, edo lege hori aldatzea behar diren eguneraketa guztiak eginez, onetsi zenetik iragan den denbora guztia kontuan hartuta.


6.- Haurren txirotasunaren aurka borrokatzea zenbait neurri hartuz, hala nola oporraldietan eskola-jantokiak irekitzea, Europar Batasunaren Gosari Osasungarrien programak ikasturte osora zabaltzea, edo 45 urtetik gorako langabeak kontratatzeko pizgarriak eskaintzea, haiek baitute familia-karga gehien.


7.- Nafarroako Haurren aldeko Itun bat garatzea, haurrei eragiten dieten politikak guztien arteko adostasunez egiten direla bermatzeko.

 
8.- Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak kontratatzeko pizgarriak, baliabide ekonomikorik eza dela-eta tratu txarrak salatu gabe gera ez daitezen.


9.- Informazio eta Laguntza Bulego Orokor bat sortzea, genero-indarkeriaren biktimek jakin dezaten zehazki zein laguntza eta diru-laguntzatarako duten eskubidea.


10.- Eta, NUPekin eta Auzitegiarekin lankidetzan, Nafarroa salaketa gehien kentzen den Espainiako Komunitatea izateko arrazoiak ikertzeko azterlan bat bultzatzea”.


PPNk AURKEZTUA.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin BAZTERTUA; UPNk eta PPNk alde bozkatu dute.