Arbizuko Udalari 158.000 euroko kreditu berezia ematea onetsi da
Utzubar industrialdearen ondoko hegal baten lerratzea geldiarazteko lanak finantzatzeko, bertan kokatutako enpresek kalterik jasan ez dezaten
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen foru legearen bidez Arbizuko Udalari 158.000 euroko kreditu berezia ematen zaio, Utzubar industrialdearen ondoko hegal baten lerratzea geldiarazteko egin behar diren lanen ondoriozko gastuetarako, bertan kokatutako enpresek kalterik jasan ez dezaten.
Kreditu berezi horren zenbatekoa obra-proiektuaren aurrekontuaren % 80 adinakoa da, eta honako kontu-sail honen kargura finantzatuko da: Jarduera ekonomikoen udal industrialdeetarako laguntzak.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du foru lege bidez arautuko direla Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Hori horrela, 2016ko aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarra eginda.
Osoko bilkuraren hasieran minutu bateko isilunea egin da, indarkeria matxistaren azken biktima, Celia Navarro Miguel, atzo Palma de Mallorcan eraila, eta duela gutxi lan-istripuz hil den Mariano Cardona Aznar atarrabiarra oroitzeko.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (133. NPAO, 2016-11-11koa)