Fanny Carrillo foru-parlamentari karguaz jabetu da
Ekuadorren jaio zen, eta 16 urte daramatza Nafarroan bizitzen. Bada, Fátima Andreo ordezkatuko du Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldean
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak arratsalde honetan egin du Fanny Carrillo Suárez (Podemos-Ahal Dugu) foru-parlamentari kargu berriaz jabetzeko saioa.
Areto Instituzionalean egin dute ekitaldia, eta, bertan, parlamentari berriak bere kargua baietsi du Ainhoa Aznárez Kontuen Ganberako presidentearen eta Mahaiaren gainerako kideen aurrean. Honako formula hau erabiliz egin du:
“Nire kontzientziarengatik eta ohorearengatik agintzen dut:
Une oro errespetatzea Nafarroako foru-araubidea, men egitea Konstituzioari zein legeei eta fideltasunez betetzea foru-parlamentari karguak berezkoak dituen betebeharrak”.
Horrela bete ditu Fanny Carrillok arauzko betekizunak foru-parlamentari egoera osoa eskuratzeko, Fátima Andreok bere aulkiari uko egin ondoren.
Fanny Carrillo Ekuadorren jaio zen, eta 16 urte daramatza Nafarroan bizitzen. 46 urte dauzka, eta Kontabilitatean eta Kontu-ikuskaritzan lizentziatu zen Lojako Unibertsitatean (Ekuadorren). Bestetik, 9. tokia bete zuen Podemos-Ahal Duguk Nafarroako Parlamenturako aurkeztu zuen zerrendan.
Lehenik kitxueraz, eta gazteleraz ondoren, hau adierazi du Carrillok: “ohore handia da, erantzukizunez eta zintzotasunez hartzen dut lan hau, Nafarroako Komunitate osoarentzako onura ekarriko duelakoan”.
Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Laura Pérez, Tere Sáez eta Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) bertaratu dira kargu-hartzera, eta Ainhoa Aznárezen hitzaldiarekin amaitu da.
Presidenteak Carrillo zoriondu du, eta "zortea" opatu dio bere kargu berrirako. Zorionak, Fanny, etxe honetan hasiko duzun ibilbide espero dezagun emankor berriarengatik. Zorionak”.