Publicada el Jueves, 22 de Diciembre de 2016

Parlamentuak erreforma fiskalari buruzko irizpena onetsi du

Berotzeko eta elektrizitatea ekoizteko energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioek % 15eko kenkaria izanen dute, autokontsumorako baldin badira

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkakoa.

 

Arau horrek hein batean aldatzen ditu honako karga hauek, besteak beste: pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, ondarearen gainekoa, oinordetza eta dohaintzen gainekoa, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gainekoa, jarduera ekonomikoen gainekoa, hidrokarburoen gainekoa, fundazioen eta babes jardueren gainekoa, eta Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoak.

 

Egindako aldaketen helburua da tributuen arloko legedia egokitzea errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorretara, hau da, tributuak aplikatzetik sortzen diren obligazio, betebehar eta eskubideen multzora, horrela “zerga-bilketa hobetzeko eta interpretazio arazoak konpontzeko”.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aldaketa jaso da 1. artikuluan, non zuzendu eta eguneratu egiten baitira beste arau batzuei buruzko igorpenak eta aipamenak, sozietateen gaineko zergari buruzko araudi berrian jasotako aldaketen ondorioz. Horri dagokionez, haren edukia koordinatu behar da askotariko alderdietan, hala nola errentak eratxikitzeko araubidea, higiezinen errentamenduaren kontzeptua, enpresa jardueren gastu kengarriak edo enpresa-ekintzailetzarako pizgarriak.

 

Ildo horretan, errenta salbuetsiak arautzen dituen 7. artikuluaren egitura antolatu eta hobetu egin da, eta Gizarte Segurantzak gaixotasun larria duten seme-alabak zaintzeko ematen duen prestazio ekonomikoa salbuetsi da.

 

Ondare-erantzukizunaren arloan 2016ko urriaren 2tik aurrera aplikagarria den araudira egokitzeko, ordea, argitu egiten da seme-alaba adingabeek minbizia edo beste gaixotasun larriren bat dutenean soilik salbuetsiko direla haiek zaintzeko ematen diren prestazio publikoak. Halako egoeretan ez dauden seme-alabak zaintzeko eman litezkeen prestazio publikoei, beraz, ezin izanen zaie salbuespenik aplikatu.

 

Eskatu ahalko da, atzeraeraginez 2011ko urtarrilaren 1etik hasita, salbuets daitezela edozein administrazio publikorengandik jasotako familia-laguntzak eta -prestazioak, 7.k) artikuluak aipatzen dituen horiek: jaiotzari, adopzioari, kargupeko seme-alabei, adingabeen harrerari, zurztasunari, erditze edo adopzio anizkoitzari eta minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten seme-alaben zainketari lotutakoak.

 

Errentak eratxikitzeko araubideari dagokionez, 11. artikuluari testu berria eman zaio, eta bertan xedatzen da sozietate zibilek errentak eratxikitzeko araubidean ordainduko dutela zerga, baldin eta sozietateen gaineko zergaren kargapean ez badaude. Modu horretan PFEZa sozietateen gaineko zergari egokitu zaio, izan ere nortasun juridikoa baduten eta merkataritzako helburua duten sozietate zibilak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sozietateen gaineko zergaren kargapeko zergadunak izanen baitira.

 

Bestalde, kapital gisa jasotzen diren pentsio planen eta aurreikuspen plan aseguratuen prestazioetan, lanaren etekin osoei aplikatu ahal zaien % 40ko murriztapena aldatu egin da, betiere bi urte igaro badira lehenbiziko ekarpenetik. Hortaz, kapital gisa jasotako zenbatekoari aplikatuko zaio murriztapena, baina prestazioa jaso aurreko urtebetean egindako ekarpenen zenbatekoa kenduta.

 

Neurri horren arrazoia da detektatutako maltzurkeria hau saihestea: azken urtean kenkariaren goiko mugatik hurbil dauden ekarpenak egitea, zerga-oinarrian dagokien murriztapena sortuz, eta gero zenbateko horren arabera ordaintzea zerga, baina % 40ko murriztapena aplikatuta.

 

2017tik aurrera, pentsio planetarako ekarpenaren muga 5.000 eurotik 3.500 eurora jaitsiko da, eta, 50 urtetik gorakoentzat, 7.000 eurotik 6.000 eurora.

 

Zuzeneko zenbatespenaren araubidean enpresa edo lanbide jardueren etekin garbia zehazteari dagokionez, arau orokorrari eutsi zaio, baina zenbait aldaketa egin dira berariazko arauetan. Horien artean nabarmentzen da sozietateen gaineko zergaren arauetara egindako igorpena, harreman publikoetako lanei lotutako gastuen kasuan, jatetxe, ostalaritza, bidaia eta joan-etorrien zerbitzuei dagokienez; baina kontzeptu horien multzoaren gehieneko muga ezartzen da: diru-sarreren bolumenaren % 5, jarduera bakoitzerako zehaztua.

 

Sozietateen gaineko zergarekiko koherentziaz, halaber, zehazten da ezen higiezinen errentamendua enpresa jardueratzat joko dela baldin eta lanaldi osoa duen langile bat erabiltzen bada gutxienez, betiere langile hori subjektu pasiboaren ezkontidea ez bada eta berarekin hirugarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaidetasuna ez badu.

 

Ohartarazten da, gainera, atxikipena edo konturako diru-sarrera egin beharko dela landalurreko higiezinen errentamenduen edo azpierrentamenduen ondoriozko etekinengatik, eta atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren zenbatekoa hiri higiezinen errentamenduen edo azpierrentamenduen kasuetako zenbateko bera izanen dela. Harpidetza eskubideen eskualdaketaren ondoriozko ondare gehikuntzen gaineko atxikipen portzentajea % 19 izanen da.

 

Zergaldian subjektu pasiboaren ohiko etxebizitza dena edo izanen dena eskuratzeko ordaindutako zenbatekoen % 15 (hilean 7.000 euro, gehienez) kengarria izanen da, baldin eta etxebizitza hori 10.000 biztanletik beherako udalerri batean kokatuta badago, eta udalerri hori ez badago sartuta Nafarroako Lurralde Estrategiako 10. eremuko 10.4 azpieremuan, eta, gainera, herri horretan etxebizitza babesturik ez badago.

 

Izan ere, “ohiko etxebizitza erosi edo zaharberritzeagatik aurreikusten den kenkaria mugatzen bada babes ofizialeko edo prezio tasatuko etxebizitza izatearen baldintzaren bidez, paradoxa bat gertatzen da, zenbait populaziogunetan etxebizitza libreen prezioa babes ofizialeko edo prezio tasatukoena baino txikiagoa izan baitaiteke”. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen da “etxebizitza babestu bat erosteko aukerarik egon ohi ez den landa eremuko udalerrietan, PFEZari buruzko indarreko arauan kenkarirako ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskuratzaileek (62. artikuluaren arabera, zergaldian oinarrien batura 24.000 eurotik beherakoa duten subjektu pasiboak, oro har, edo 27.000 eurotik beherakoa dutenak, seme-alabak beren ardurapean baldin badituzte, eta abar) eskubide berdinak izatea”.

 

65 urtetik gorakoek eta mendekotasun larria edo handia duten pertsonek beren ohiko etxebizitza eskualdatzen dutenean aplika dezaketen salbuespena ere aldatu egin da: kostu bidezko eskualdaketei soilik aplikatuko zaie, hau da, iraupeneko gastuei aurre egiteko dirua lortzea xede dutenei. Gutxieneko adina 65 urtetik 70 urtera igo da, eta etxebizitza bakar bati aplikatuko zaio salbuespena.

 

Horrez gain, iruzur eta ihes fiskalaren aurkako nazioarteko borroka bultzatu nahian, aldaketa esanguratsuak proiektatu dira errenten egozpenean; horrela eragotzi nahi dira zerga-oinarriak higatzeko eta enpresen egiturak eta mozkinak tributazio apaleko jurisdikzioetara lekualdatzeko trikimailuak.

 

Testuinguru horretan erabaki da PFEZaren subjektu pasiboei Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate batek lortutako errenta positiboak egotziko zaizkiela baldin eta % 50eko edo hortik gorako partaidetza badute entitate horren kapitalean edo funts berekietan, eta entitate horrek sozietateen gaineko zergaren izaera berdin-berdina edo antzekoa duen karga batengatik ordaindutakoa sozietateen gaineko zergan egokituko zitzaionaren % 75 baino gutxiago bada.

 

Konturako ordainketetan, inguruko tributu administrazioek ezarritako irizpide bera erabiliz, errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateen kasuetan, negozio-zifraren zenbateko garbia bi milioi eurotik milioi bat eurora murriztu da, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ziozko kuota ordaindutzat jo ahal izateko.

 

Bestalde, diru-sarreren eta gastuen aldi baterako egozpenerako arau berri bat ezarri da nahitaezko desjabetzeetarako, desjabetuak balio justua bide judizialean errekurritzen duen kasuetarako. Xede horrekin 10. idatz-zatia gehitu zaio 78. artikuluari, honako hau ezartzeko: errenta bat osorik ordaindu ez bada errenta hori jasotzeko eskubidea edo errentaren zenbatekoa ebazpen judizial batek zehaztu behar duelako, zenbateko ordaindugabeak aipatu ebazpen judiziala irmo bihurtu den zergaldiari egotziko zaizkio.

 

PFEZaren autolikidazio proposamenari dagokionez, proposamena autolikidaziotzat joko dela zehazten da, eta ordainketaren eguna autolikidazioaren aurkezpen data gisa hartuko dela, ondorio guztietarako.

 

Legeak bide ematen du ordainketa geroratzeko baldintza bereziak izan ditzaten kirol klubek, betiere kirol lehiaketa ofizial eta profesionaletan parte hartzen ez badute. Gabealdiak edo zatikatze aldiak “ezin dira 10 urtetik gorakoak izan; bitarte horretan, foru sektore publikoarekin egindako babesletza kontratuen ondoriozko diru-laguntza eta diru kopuru guztiak ofizioz konpentsatuko dira, eta zerga betebeharrak egunean eduki beharko dira. Kontua da, azken batean, ukitutako kluben “bideragarritasuna arriskuan ez jartzea”.

 

Beste alde batetik, argi adierazten da literatura, arte edo zientzia lanak eginez lortzen diren etekinak –horrelakoak lanaren errentatzat hartzen dira, ustiapenerako eskubidea lagatzen den guztietan– enpresa edo lanbide jardueren etekin gisa sailkatu ahalko direla “berekin baldin badakarte ekoizpenerako baliabideak edo/eta giza baliabideak antolatzea, norberaren kontura, ondasun edo zerbitzuen ekoizpenean edo banaketan jarduteko xedearekin”.

 

Aurrekoarekin lotuta, aldatu egin da 7/1996 Foru Legea, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituena. Hain zuzen, 86. elkartzearen barruan (lanbide liberal, artistiko eta literarioak) 863. talde berria sartu da, idazleena. Honako hau da testua: Idazleak 18.300 pezetako kuota.

 

Horrez gain, PFEZari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 87. artikuluko 28. eta 29. idatz-zatiak aldatu dira. Artikulu hori atxikitzailearen eta konturako sarrera egin behar duenaren betebehar formalei buruzkoa da. Kasu honetan, jasorik utzi da “jaulkipen-prima banatzen duten edo ekarpenak itzulita kapitala murrizten duten entitateek informatzeko betebeharra” dutela, “banaketa horiek atxikipenpean ez daudenean”.

 

Idatz-zati bat gehitu da, gainera, honako hau adierazteko, EBko Justizia Auzitegiaren epai bati jarraituz: Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide bateko egoiliarrak diren aseguru entitateek, Espainian zerbitzuak aske emateko araubidean badihardute, bizi-aseguruen hartzaileei buruzko informazioa aurkeztu beharko dute, erreskate-balioa eta pertsona onuradunak zein diren jakinaraziz.

 

Ekintzailetza babesteko neurriei dagokienez, PFEZaren subjektu pasiboei, ekintzailetzat jotzeko baldintzak betetzen badituzte edo hala katalogatutako entitate bateko bazkideak badira, berrogeita laugarren xedapen gehigarrian jasotakoa aplikatuko zaie.

 

Energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioen ziozko kenkariari dagokionez, berotzeko eta energia elektrikoa ekoizteko iturri berriztagarrien energia erabiltzen duten instalazioetan egindako inbertsioek % 15eko kenkarirako eskubidea sortuko dute, betiere autokontsumorako badira. Eraikingintzaren Kode Teknikoaren aplikazioaren ondorioz nahitaez jarri behar diren instalazioak salbuetsita egonen dira, potentzia izendatua eskatzen den gutxienekoa baino handiagoa dutenak izan ezik.

 

Kenkari bera (% 15) aplikatu ahalko da 2007/46/EE Zuzentarauan definitutako kategorietako ibilgailu elektrikoetan inbertitzeagatik (kenkariaren oinarria 1.500 eta 32.000 euro bitartekoa izanen da) eta ibilgailu elektrikoentzako karga sistemetan inbertitzeagatik (5.000 eta 25.000 euro bitarte). Kasu guztietan ere, kenkari berriek subjektu pasiboaren likidazio-oinarriaren % 25eko muga bateratua izanen dute.

 

Aurreikuspen horiek 2009/28/EE Zuzentarauaren helburuen ildotik egin dira. Izan ere, 2020rako iturri berriztagarrietako energiaren kuota % 20koa izan dadin lortu nahi da EBko azken kontsumo gordinean, eta iturri berriztagarrietako energiaren kuota % 10ekoa izan dadin estatu kide guztietako garraio sektoreen kontsumoan.

 

Kenkariaren egungo eremua energia iturri gehiagotara zabaldu du legeak, honako hauek jasoz, besteak beste: energia eolikoa, aerotermikoa, hidraulikoa, itsas energia, hondakindegietako gasak, araztegietako gasak eta biogasa. Horrez gain, berritasun garrantzitsu gisa azpimarratu behar da bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioetan inbertitzeagatik aplikatuko den kenkaria.

 

Beste alde batetik, legeari 10. artikulua gehitu zaio, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeek zenbait datu eskatzen dituztenean datu horiek emateko betebeharra arautzen duen 21/1994 Foru Legearen artikulu bakarra aldatzeko. Testu berriak “zerga arloko datu eta aurrekarien sekretua babesten duen oinarrizko irizpideari eusten dio, baina nabarmen zabaltzen du halako datuen erreserbaren salbuespenak egiteko aukera, tartean baldin badira kargu publikodunen ahaide hurbilak (ezkontidea, bikotekide egonkorra, bigarren graduko edo odol bidezko ahaideak), edo kargudun horiek partaide dituzten pertsona juridikoak (gutxienez % 10eko partaidetzarekin), edota Nafarroako sektore publikoarekin kontratatu duten edo harengandik diru-laguntzak, kredituak edo abalak jaso dituzten pertsona juridikoak”.

 

Batzordeari ahalegina eskatzen zaio, ordea, “pertsona edo entitate bati buruzko informazioa eskatzen duenean hura identifikatzeko eta arrazoiak azaltzeko”, eta Administrazioak igorritako datu, txosten edo zerga-aurrekariak “sekretupean edukitzeko” agintzen zaio, “non ez diren ikerketaren ondorioen parte”.

 

Ondarearen gaineko zergan, bestalde, bi aldaketa puntual egin dira. Alde batetik, enpresa edo lanbide jarduerei atxikitako ondasun eta eskubideen balorazioa beste modu batean finkatzen da, kontabilitatetik ateratzen den baliora egiten baita igorpena, inolako salbuespenik gabe, betiere Merkataritza Kodean xedatutakora egokitzen bada.

 

Bestetik, zergaren sortzapenaren gaineko zehaztapen bat sartu da, subjektu pasiboa abenduaren 31n hiltzen den kasurako.

 

Oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga dela-eta xedapen gehigarri bat erantsi da, desgaitasuna duten pertsonek egoera hori eta desgaitasun maila errazago froga ditzaten, eta honako hau zehazteko: ulertuko da judizialki deklaratutako desgaitasuna dutenek eta mendekotasun egoera bat, edozein gradutakoa, aitortua dutenek ere % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna dutela.

 

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan lau aldaketa egin dira. Aldaketa horietako bat dela medio, 4.1 artikulutik honako hau ondorioztatzen da: kostu bidezko ondare eskualdaketak izanen dira enpresaburu ez den pertsona batek gauzatutako ondasun entregak edo zerbitzu egiteak, kontuan hartu gabe eskuratzailea enpresaburua den ala ez. Horrekin behin betiko argitu nahi izan da enpresaburuak ez diren pertsonek egindako urre eta antzekoen salmentak kostu bidezko ondare eskualdaketak direla, eskuratzailea enpresaburua bada ere.

 

Bestalde, 3. idatz-zatia gehitu zaio 8. artikuluari, higiezinen eskualdaketa jakin batzuetan karga-tasa murriztua ezartzeko. Gaur egun % 6ko tasa aplikatzen zaie enpresa edo lanbide ondarearen parte diren elementuen multzo baten eskualdaketan sartzen diren higiezinen eskualdaketei, baldin eta elementu horiek berez enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko gauza den unitate ekonomiko autonomo bat osatzen badute.

 

Aldaketaren ondorioz, enpresak berregituratzeko eragiketa horietan %2ko tasa aplikatuko da, betiere eskuratzaileak langileen batez besteko plantilla mantentzen badu eta eskurapen balioaren gutxitze nabarmenik gertatzen ez bada. Baldintza horiek hiru urtez bete behar dira, eskualdaketa egiten den egunetik hasita. Neurri horren bidez, araua Europar Batasuneko legegilearen espiritura egokitu nahi da, enpresa eskualdaketei aparteko kostu fiskalen traba ez jartzeko; eta, bestetik, zerga horren benetako bilketa handitu nahi da, gaur egun horrelako eragiketa gehienetan BEZa ordaintzen baita, eta ez, beraz, kostu bidezko ondare eskualdaketen gaineko zerga.

 

Hirugarrenik, 22. artikuluaren 2. idatz-zatiari lerroalde berri bat gehitu zaio, egintza juridiko dokumentatuen gaineko mailakako kuota % 0,5etik % 1era igotzeko. Higiezinen eskualdaketak dokumentatzen dituzten eskrituren eta notario-akten lehenbiziko kopiei eragiten die aldaketak, eta eskualdaketa horietan BEZaren salbuespenari uko egin behar zaio.

 

Azkenik, berritasun garrantzitsuak sartu dira balioen egiaztapenean, bai ondare eskualdaketen gaineko zergan bai oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan: erregistro fiskal ofizialetan agertzen diren balioen bidezko egiaztapenean eta merkatuko batez besteko prezioen bidezko egiaztapenean.

 

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legeak mezenasgo sozialerako onura fiskal batzuk ere ezartzen ditu. Helburu horrekin, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarriari edukia gehitu zaio. Zehazki, onura fiskal berri horiek izateko, irabazi-asmorik gabeko entitate sozialei egin behar zaizkie dohaintzak, eta entitateok interes orokorreko helburuetara bideratu behar dituzte jasotzen dituzten errenten eta diru-sarreren % 70 gutxienez (gastuak kendu ondoren), eta gainerakoa ondare zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratu behar dute, eskuratu eta gehienez ere 4 urteko epean.

 

Pertsona fisikoak diren dohaintza-emaileek % 80ko kenkarirako eskubidea izanen dute, emandako lehenbiziko 150 euroetan. Hortik gorako zenbatekoek % 35eko kenkarirako eskubidea sortuko dute. Pertsona juridikoak diren dohaintza-emaileek, sozietatearen gaineko zergaren kargapekoek, % 20ko kenkaria aplikatu ahalko diete emandako diru kopuruei, eta, gainera, diru kopuru horiek kenkaria egiteko modukotzat hartuko dira zerga-oinarrian.

 

Bestalde, bazkide edo elkartekideek entitate onuradunei ordaindutako kuotak kenkariaren oinarrian ez sartzeko aukera kendu da, entitateek bazkideen kuoten kontzeptuaren ordez dohaintzen kontzeptua balia ez dezaten egoera berrira moldatzeko. Mezenasgo sozialaren onuradun diren entitateen ordezkarien eskaerari erantzunez egin da aldaketa hori.

 

Horrez gain, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legeak Nafarroako hondakin-uren saneamendu kanonaren tarifak eguneratzen ditu, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuen hainbat tasa ere, tartean osasun eta albaitaritza zerbitzuen tasak, dokumentu ondareko agirien erreprografia zerbitzuarenak eta Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuarenak.

 

Azkenik, hidrokarburoen gaineko zergaren autonomia erkidegoko karga-tasak kendu dira, diru-bilketa pixka bat murriztu dela egiaztatu ondoren. Horregatik, eta aurreikusita baitago zentzuzko akordio bat lortzea Estatuarekin, zerga berezien doiketarako indizeak nabarmenki aldatuko dituena, zerga horrek eraginkortasuna galdu duela uste da, kontuan hartuta, gainera, Nafarroako kontsumoa kaltetzen duela, inguruko lurraldeetan prezio merkeagoak daudelako.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (28. NPAO, 2015-11-11koa)