Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2024ko Eztabaidan onetsitako ebazpenak (11)
Osoko Bilkuran. 2024ko arazoaren 15ean
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2024ko Eztabaidan aztertu diren 29 erabaki proposamenetatik 11 onetsi ditu. Horietatik hiru –osasungintzari, etxebizitzari eta bizikidetzari buruzkoak– PSNk, Geroa Barik eta Contigo-Zurekinek adostutakoak dira. Horietako beste zazpi, Gobernua zuzenean nahiz zeharka babeste dituztenek aurkeztu dituzte. Hamaikagarrena, berriz, UPNk aurkeztu du. UPNren gainontzeko beste lauak bai eta PPNk eta Voxek aurkeztutako guztiak, ezetsi egin dira.
ONETSITAKO ERABAKIEN ZERRENDA
Lehenbiziko erabakia
1. PROPOSAMENA - UPN
1.- Nafarroako Parlamentuak honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du: bizikidetza, errespetua eta berdintasuna sustatuko du Nafarroako esparru eta toki guztietan eta pertsona guztien giza eskubideekiko errespetua defendatuko du.
2.- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu ETA talde terroristak eragindako hilketak eta indarkeria, terroristei espetxetik irteten direnean egindako errekonozimendu eta gorazarre ekitaldi guztiak eta horiek hauteskunde-zerrendetan nahiz erakunde publikoetan sartzea.
3.- Nafarroako Parlamentuak, halaber, gaitzetsi egiten du gizartean gertatzen den indarkeriazko egintza eta adierazpen oro, bereziki emakumearen aurkako indarkeria eta generoa, sexu-joera, arraza edo ideologia politikoa direla-eta gertatzen dena.
4.- Nafarroako Parlamentuak adierazpen-eta prentsa-askatasunarekiko, kazetarien lan independentearekiko eta informazioa-aniztasunaren sustapenarekiko konpromisoa adierazten du.
5.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du kezkatuta dagoela gero eta sarriago gertatzen direlako gizartea ezegonkortzea eta sumina eragitea bilatzen duten gezurrak eta desinformazioa, batez ere sare sozialetan, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako gizarte osoaren alfabetatze mediatikoa susta dezan, batik bat kolektibo zaurgarrienen artean.
6.- Nafarroako Parlamentuak botere-banaketa errespetatzeko eta errespetarazteko konpromisoa hartzen du, botere-banaketa sistema demokratiko batean oinarri-oinarrizkoa den aldetik.
Onetsia, UPN, PSN eta PPNk alde bozkatu baitute; EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek, berriz, aurka bozkatu dute, eta Vox abstenitu egin da.
Bigarren erabakia
6. PROPOSAMENA - PSN
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrera egin eta gizarteratzeko eskubidea sendotu dezan; hartara, Gobernua premiatzen du:
1.1 Enplegurako pizgarriak hobetu ditzan, egin den ebaluazioan jasotako gomendioekin bat.
1.2 Lan-merkatuan sartzeko moduan dauden pertsonen enplegurako eskubidea bultzatzen lagunduko duten mekanismoak jar ditzan.
1.3 Arrisku egoeran eta/edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen akonpainamendu soziala indartuko duten neurriak ezar ditzan eta trebakuntza pertsonal eta sozialeko baliabideak nahiz baliabide okupazionalak hobetu ditzan, pertsonek gizarteratze-ibilbideetan aurrera egiaz egin ahal izan dezaten.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enplegu-politika aktiboak sendotu ditzan elkarrizketa sozialaren esparruan, funtsezko tresna diren aldetik gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna handitzeko, bai eta orientazio- eta bitartekaritza-eredu berria ere, askoz ere pertsonalizatuagoa.
Onetsia, UPN, PSN eta Geroa Baik alde bozkatu baitute; Voxek, berriz, aurka bozkatu du, eta Contigo-Zurekin eta EH Bildu abstenitu egin dira.
Hirugarren erabakia
7. PROPOSAMENA - PSN
Hortaz, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1. Hartu beharreko neurriak har ditzan Nafarroako Funtzio Publikoaren Estatutuaren testu berri bat taxutzeko xehez eratutako mahaiek lanean jarraitzeko, halako moduan non erantzuna emanen zaien nafarren beharrizanen araberako administrazio moderno, humanista, malgu, efiziente eta eraginkor baten beharrizanei, hori baita administrazioa egotearen arrazoi nagusia, betiere administrazioaren zerbitzuko langileen eskubideak errespetatuta.
2. Egin beharreko lanen egutegia ezar dezan, non inplikatutako eragile guztiek parte hartuko baitute. Adosten den testua Parlamentuan erregistratuko da, eztabaidatu eta bozkatzeko.
Onetsia, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute, eta EH Bildu eta PPN abstenitu egin dira.
Laugarren erabakia
8. PROPOSAMENA - PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin
• Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bizikidetza baketsua, aniztasunarekiko errespetua eta giza eskubideen defentsa sustatzeko ekintzak indartu ditzan, gorrotoz-diskurtsoak ugaltzen ari baitira.
• Nafarroako Parlamentuak gorrotoa sustatzen eta bultzatzen duen ordezkari publikoen adierazpen politiko oro gaitzesten du, gorroto horren oinarrian zernahi ere dagoen: jaioterria, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, sexu-orientazioa edo -identitatea nahiz beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo soziala.
• Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du gorrota sustatzen eta bizikidetza demokratikoa gaizkitzen laguntzen duten gezurrak eta mezuak prestatzea eta hedatzea.
Onetsia, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta PPNk alde bozkatu baitute; Voxek, berriz, aurka bozkatu du.
Bosgarren erabakia
9. PROPOSAMENA - EH Bildu
1.- Nafarroako Parlamentuak berdintasunaren arloan sustatutako legeak garatzeko eta baliabideak paratzeko konpromisoa hartzen du, azpimarra jarrita Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Plan Estrategikoaren garapenean eta plan horren lau ildo estrategikoetan.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gobernantza-eredu ireki eta feminista gara eta susta dezan, beharrizan sozial eta politiko berriei erantzunen diena, zertarako eta esparru politiko-instituzionala herritarrei eta eragile politiko eta sozialei hurbilarazteko.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Seigarren erabakia
11. PROPOSAMENA - EH Bildu
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
- Despopulatzearen aurkako borrokarako eta landa garapenerako foru legearen proiektuak aintzat har ditzan Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eginen duen parte-hartze prozesuaren ondorioak, eta despopulatzearen aurkako borrokak beharrezkoa duen zeharkako ikuskera jaso dezan.
- Etxebizitza Eskuratzeko Plana zehaztu dezan 5.000 biztanletik beheitiko udalerrietarako, Tentsiopeko Etxebizitza-eremuen Aitorpenetik automatikoki kanpo geratu baitira.
- Nafarroako Kontuen Ganberak egiten dituen gomendioekin bat, Pirinioen Plan Estrategikoaren ebaluazio osoa egin dezan eta eredu hori despopulatze-arriskuan dauden beste eremu batzuetara eraman dezan.
-2025ean hiriarteko garraioaren bi linea, gutxienez ere, lizita ditzan eta esleitzeko dauden linea guztiak legegintzaldi honetan eslei ditzan.
- Landa eremuetan belaunaldien arteko erreleboa erraztera bideratutako neurri zehatzak eta lehen sektorea nahiz baso-kudeaketa jasangarria sustatzeko neurriak bultza ditzan.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute eta UPN abstenitu egin da.
Zazpigarren erabakia
15. PROPOSAMENA - Geroa Bai
1. Klima aldaketari aurre egiteko Nafarroaren ibilbide-orrian eta Nafarroako 2030erako Energia Planean sakontzea. Jarraipenerako eta kontrolerako tresnak, eta erreferentziakoak.
2. Klima aldaketaren interpretaziorako gune bat sortzea: ibiltaria, interaktiboa eta klima aldaketaren gaineko dibulgaziokoa, Nafarroa osoan barrena ibiliko dena.
3. Etxebizitzen eta eraikin publikoen zaharberritze efizientea bultzatzen jarraitzea.
4. Garapen Sozial Jasangarriaren eredu ekonomikoari buruzko Europako legedia egokitzea.
5. Europar Batasuneko zuzentarauak arau bidez albait lasterren garatzea eta betearaztea –denak, baina bereziki trantsizio ekologikoarekin lotutakoak–.
6. Energia-komunitateak bultzatzea.
7. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu zalantzarik gabearekin jarraitzea, Nafarroan Mugikortasun Elektrikoa Bultzatzeko Agendaren bidez, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren 2018tik 2030era bitarteko Plan Zuzendarian sakonduz.
8. Intermodalitatearen sustapena bultzatzea, bidaiaren eta salgaien garraioen arteko trukeak optimizatzetik abiatuta.
9. Heldu diren urteotan Moves Planari jarraipena eman dakion eskatzea, mugikortasunaren elektrifikazioaren aldeko apustu irmoaren erakusgarri.
10. I+G+Bren aldeko apustua egitea energia alternatiboen sorkuntzaren eta biltegiratzearen arloan; esaterako hidrogeno berdearen aldekoa.
11. Albait lasterren abiaraztea Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Agentzia.
12. Ekonomia Zirkularraren Hub-a eratzea, enpresen, hezkuntza-entitateen eta zentro teknologikoen ahaleginak batuko dituena, prestakuntza aurreraturako eta Navarra Zirkular ekimenaren esparruan proiektu estrategikoak garatzeko.
13. Bultzatzea, lehen sektorearekin batera, nekazaritza birsortzaileko, laborantza ekologikoko edo elikadura osasungarri eta jasangarriko ekimenak, bai eta tokiko eragile ekoizleen sustapena eta babesa eta merkaturatze-kanal laburreko neurrien garapena ere, elikadura-subiranotasunean jarrita begirada.
14. – Landa-berrikuntzako ekimenak edo digitalizazioa garatzea, eremu horien despopulatzearen aurka borrokatzeko eta landa-eremuetan bizi-kalitate duina bermatzeko ardatz estrategiko diren heinean.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; Voxek, berriz, aurka bozkatu du eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.
Zortzigarren erabakia
16. PROPOSAMENA - Geroa Bai, PSN eta Contigo-Zurekin
1. Profesionalen, talde parlamentarioen, sindikatuen, lanbide-elkargoen, paziente-elkarteen eta osasun-arloko enpresen eskutik lan egitea osasun-sistema publikoa modernizatzeko eta Osasun Sistema Nazional osorako ezarritako erronkak gainditzeko hartu beharreko erabakiak hartzeko, ahal den adostasun handienarekin hartu ere.
2. Osasunari buruzko foru lege berria aurreratu eta onestea, Paziente Kroniko eta Pluripatologikoaren Estrategia berreskuratzea eta Zainketa Aringarrien Estrategia bultzatzea.
3. Itxaron-zerrendak Murrizteko Plan Integralarekin jarraitzea. 2024an abiarazitako plana ebaluatzea, estrategia osagarri berriak jasota, premia klinikoan oinarritu eta digitalizazioarekin, laguntza-profil berriekin eta bereizmen handiko zirkuituekin optimizatutako laguntza orientatuko dutenak.
4. Oinarrizko osasun-laguntzaren eginkizuna bultzatzea, laguntzaren lehen maila den heinean. Zeregin horretan lagunduko duten profil sanitarioak eta ez-sanitarioak zabaltzea. Eskuragarri dauden baliabideak optimizatzea, lurralde osoan laguntzarik hoberena bermatzeko. Oinarrizko Osasun-laguntzako hitzorduen eskuragarritasuna hobetzea eta jada ezarritako neurriak zabaltzea (esaterako, telefonogune adimentsua) foru-erkidegoko kontsultategi handienetara.
5. Betetzen zailak diren lanpostuak identifikatzea eta horietarako pizgarriak ezartzea, hala Oinarrizko Osasun-laguntzan nola ospitalekoan.
6. Eta, profesionalei, lan-baldintzei eta talentua erakartzeari dagokienez, 2023 eta 2024ko lan-eskaintza publikotik heldu diren deialdiak onesten jarraitzea; kontratazio-eskaintzak hobetzea eta optimizatzea; betetzekoak zailak diren lanpostuei buruzko araua garatzea, C eta D mailako osasun arloko langileen lanbide karrera garatzea, mugikortasunaren arloko araudi berria aplikatzea behin onetsita, eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea, baita arau-arlokoak ere.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN etaVoxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Bederatzigarren erabakia
22. PROPOSAMENA - Contigo-Zurekin
Nafarroako Parlamentuak uste du funtsezkoa dela Nafarroako Gobernuak bultzatzen jarraitzea bere lidergo estrategikoa Nafarroaren industria-ereduaren planifikazioari eta zuzendaritzari dagokienez. Hortaz, Parlamentuak ongi ikusten du Gobernuak ekimena hartzea Nafarroako industriari buruzko lege berezi bat izan dezan, gure erkidegoaren industria-politikan eragiteko esparru bat taxutzeko xedez, honako hauetan oinarrituta:
- XXI. mendeko lehiakortasun-faktore nagusiak bultzatzea: I+G, giza kapitala, digitalizazioa eta energia garbi, merke eta bertan ekoitzia.
- Espezializazio adimentsua balio-kate osoak ezartzeko, lurraldean zehar banatuak eta eskualdean nahiz herrian sustraituak.
- Zirkularitatean, ekonomiaren supertzean eta balio sozial erantsian oinarritutako garapen jasangarria.
- Ekonomiaren demokratizazioa, honako hauen bidez: ekonomia sozialaren sustapena, elkarrizketa soziala, organizazioen barne demokrazia eta kapitalaren banaketa, enpresa txiki eta ertainei nahiz autonomoei lagunduta.
Alegia, apustu egitea industria-eredu aurreratua, berdinzalea, ingurunearekiko begirunetsua, behar den moduko enplegu-sortzeailea, sortzen den balio erantsia banatzeko gauza dena, bai eta gure erkidegoa kohesionatzeko ere, eta, hortaz, nafar guztiei ahalbidetuko diena politika ekonomiko orok bilatu behar duen helburua lortzea: hobeki bizitzea.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Hamargarren erabakia
23. PROPOSAMENA - Contigo-Zurekin
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du albait lasterren eta osorik gara dezan Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea, gure erkidegoak klima aldaketaren aurka ekiteko daukan ibilbide berekia den aldetik.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Hamaikagarren erabakia
24. PROPOSAMENA - Contigo-Zurekin, PSN eta Geroa Bai
1. Nafarroako Parlamentuak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua premiatzen du Etxebizitzaren Behatokia sor dezan, etxebizitzaren merkatuaren egoeraren jarraipena egiteko tresna izan dadin.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Archivos adjuntos
Relación de resoluciones aprobadas. Debate Estado Comunidad Foral 2024