Legegintzaldiko hirugarren urtea, demokrazia hasi zenetik jarduera handiena izan duen bigarrena
Parlamentuak 33 lege atera ditu aurrera, gainerako batzar ordezkatzaileen bataz bestekoaren oso gainetik kokatzen duena
Nafarroako Parlamentuko organoek (Mahaia, Eledunen Batzarra, Osoko Bilkura eta Batzordeak ) VIII. legegintzaldiko hirugarren urtean 470 saio egin dituzte guztira; horrek demokrazia hasi zenetik Parlamentuan jarduera gehien egon den bigarren urtea bihurtzen du.
Hori da VIII. legegintzaldiko hirugarren urteari (2013-05-22/2014-05-22) buruzko Nafarroako Parlamentuaren Jardueren Memorian jasotzen den datuetako bat. Ekitaldi honen ezaugarri nagusia, aurrekoarena bezala, egoera ekonomiko zailak gizartean izan dituen ondorioei aurre egiteko beharra izan da.
Legegintzaldiaren azken aurreko ekitaldiaren beste ezaugarri nabarmen batzuk izan dira Aurrekontuei buruzko foru legea bigarren aldiz luzatzea, Nafarroako Kontu Orokorrei buruzko foru lege proiektua bazter uztea eta atzeraldiaren ondorioak leuntzeko asmoz neurriak hartzea, Nafarroako Foru Ogasunaren egoera aztertzeko Ikerketa Batzordea eta Konstituzio Auzitegiak zazpi foru legeren aurka jarritako helegiteak (Parlamentuak ere arau estatalei helegitea jarri die).
Legegintzaldiko hirugarren urte honetan 33 foru lege onetsi dira (18 lege proiektu eta 24 lege proposamen). Ondorioz, Nafarroako Parlamentuaren ekoizpen legegilea bere kota altuenetik oso hurbil dago (2002/03an 47) eta beste batzar ordezkatzaile batzuen bataz bestekoaren oso gainetik. Horren karietara, aipatu beharra dago erreferentzia den azken periodo honetan Galiziak (14) eta Murtziak (13) soilik onetsi dituztela hamar lege baino gehiago.
Zortzigarren legegintzaldiko hirugarren urte honetan aurkeztu diren gainerako foru legeetatik 2 kendu dira, 10 ez dira aintzat hartu, 8 bazter utzi dira eta 14 izapidetzen ari dira.
Gainera, Osoko Bilkurak abenduaren 30eko 1/2013 foru lege-dekretua konbalidatu du. Hala, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen alorreko premiazko neurri jakin batzuk 2014rako luzatzen dira eta haien Montepioetako klase pasiboen pentsioak eguneratzen dira.
Ordezkatuta dauden taldeen jarduera legegilea berriro krisiari aurre egiteko eta zerbitzu publikoak zein eskubide sozialak mantentzeko lan egin du, bai eta ekonomia eta pizgarri fiskalak berriro aktibatzeko, esaterako, kultura mezenasgoaren esparruan.
Gobernuaren bultzada eta kontrolaren funtzioei dagokionean, 20 jabeldura eta 456 galdera egin dira. Galdera horietatik, 133 ahoz eta Osoko Bilkuran erantzun dira, 72 ahoz eta Batzordean eta 252 idatziz. Gainera, gobernuko kideek 309 aldiz parte hartu dute parlamentu-batzordeetan haien kudeaketaren berri emateko.
Gobernuaren jardueren kontrolari eta erabaki politikoei dagokienez, 140 ebazpen (27 bazter utziak eta 16 kenduak) eta 110 adierazpen instituzional onetsi dira; agerikoa da, beraz, gertaera politiko eta sozialen jarraipen sakona egin dela.
Parlamentuko organoek osotara 470 saio egin dituzte; horietatik 20 Osoko Bilkurari dagozkie, 12 Mahaiari, 48 Mahaiari eta Eledunen Batzarrari eta 390 Batzordeei. Azken horien artean, haien jarduera dela-eta aipatzekoak dira Ekonomia eta Ogasuna eta Osasuna, izan ere, 75 eta 33 saio egin dituzte, hurrenez hurren. Batzorde arruntek gizarte kolektibo, agente sindikal, GKE, herritarren plataforma, elkarte profesional, etab.en 162 ordezkarirekin lan saioak egin dituzte.
Parlamentua eta erakundeak gizarteari irekita daudela argi uzten dute, besteak beste, Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko legeak bai eta 51. aulkia deritzonak. Azken horri esker herritarren eta udaletxeen ekimen legegileen bultzatzaileek bultzatzen dituzten lege proposamenak oholtzatik defendatzeko aukera dute, 170 udalek bultzatu duten landa eremuetako osasun arretaren kasuan gertatu den moduan.
Gardentasunaren aldeko apustuari dagokionez, Parlamentuaren web orriaren barruan ekonomiarekin eta aurrekontuekin lotutako gero eta informazio gehiago argitaratzen jarraitzen den gune bat dago. Ildo horretan, nabarmendu beharra dago Nafarroako Parlamentuak erakunde legegile gardenen rankingean bigarren postua lortu duela, Gardentasun Internazionala-Espainia izeneko erakunde independenteak burutu duen azterketa baten arabera.
Halaber, web orriaren bidez, Parlamentu Irekia deritzonaren bitartez parte-hartzea bultzatu da. Parlamentu Irekia herritarrek parte hartzeko, eta izapidetzen ari diren proposamenak eta lege proiektuak ordez, haien irizpide eta ideiak komentatzeko eta proposatzeko aukera dute, teknologia berriek eta informazioaren gizarteak ematen dituzten aukerak baliatuta.
Parlamentua eztabaida publikorako egoitza gisa sustatzera bideratzeko xedea duten jarduerei dagokienez, aipatu beharra daude Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoari buruzko I. Mintegia, Europar Batasunari buruzko Herritarren II. Foroa, NUPekin batera sustatu den elkarrizketa zikloa eta Eskola Kontseiluaren Arratsaldeen saioak.
Gainera, parlamentuko erakundeari buruzko eta sistema demokratikoaren funtzionamenduari buruzko eztabaida egin da hainbat ekimenen bidez, bai eta parlamentuaz gain sistema demokratikoaren funtsezko osagaiak diren alderdi politikoei, botere judizialari eta hauteskunde ereduei buruzkoak ere. Helburu horrekin, Jiménez Abad fundazioarekin eta Eskubide Parlamentariorako Gela delakoaren barruan Nafarroako Unibertsitatearekin elkarlanean hainbat jardunaldi antolatu dira.
Ezgaitasunaren alorrak jarduera instituzionalaren barruan presentzia garrantzitsua izan du aurten, nabarmentzekoak dira Espainian Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Babes Juridikoari buruzko txostena aurkeztea, UNICEFen gosari informatiboetan talde horri eskainitako eguna edo ONCEk Nafarroari lau kupoi dedikatzea.
Parlamentuaren hedadura sozialari eta kulturalari dagokionez, ia 2.300 pertsonak ezagutu dute Parlamentua bisita programen eta beste jarduera batzuen bitartez, horien artean Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako, Batxilergoko eta unibertsitateko ikasleek, Nafarroako elkarteek, eta Unicef-ek, Vicente Ferrer fundazioak edo Aldeas Infantiles-ek sustatu dituzten erakusketak ikustera Parlamentura joan diren beste hainbatek. Baina, erakusketa kulturalagoak ere antolatu dira, besteak beste, Jorge Oteizaren Museoaren hamargarren urteurrenaren harira antolatutakoa eta Juan Viscarret margolari nafarrari buruz egindakoa.
Halaber, 2013ko Nafarroako Egunaren ospakizuna nabarmendu beharra dago. Horren harira antolatu ziren jardueren artean aipatzekoak dira gizartearen ekonomiaren egoera aztertzeko Osoko Bilkura bat eta Padre Moret-Irubide eta Julio Caro Baroja institutuen orkestrek eman zuten kontzertua, 700 pertsona bertaratu ziren, inoiz baino gehiago.