Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 4

‘Bakea eta Askatasuna Saharan’ taldeartekoak Saharar herriaren autodeterminazio eskubidea gogorarazi dio Joe Bideni

AEBetako aurreko presidentearen jarrera gaitzetsi dute, nazioarteko aginduak alde batera utzita, “Marokoren lurralde-eskaera ilegalei” aitortza helarazi baitzien

Parlamentuko Bakea eta Askatasuna Saharan taldearteak gaur eman du argitaradu Mendebaldeko Sahararen egungo egoeraren inguruan Joe Biden AEBetako presidente berriari bidaliko dioten gutuna, gainerako Parlamentu autonomikoetako taldeartekoekin batera sinatua.

 

Eskutitzean, aurreko presidente iparramerikarrak abenduaren 10ean egindako aldarrikapenaren berri ematen da, zeinaren bidez aintzatetsi egiten baitzituen “Marokoko Erresumak Mendebaldeko Saharako Lurralde Ez Autonomoaz adierazitako bereganatze-asmo ilegalak”.

 

Taldeartekoaren ustetan, aldarrikapena “nazioarteko zuzenbidearen ageri-ageriko urraketa bat da, bai eta Nazio Batuen Gutunarena ere”, izan ere, Mendebaldeko Sahara “nazioarteko mugek zedarritzen dute eta bertako herri subiranoak autodeterminaziorako duen eskubide besterenezina 1963tik aitortu du Nazio Batuen Batzar Nagusiak, lurraldea Nazio Batuen Lurralde Ez Autonomoen zerrendari gehituz”.

 

Bestalde, izaera hori “gehiago indartu zen Nazioarteko Jutsizia Auzitegiak 1975eko urrian adierazitako iritzian eta muntadun diren beste erabaki batzuetan, barne direla Europar Batasuneko Justizia Auzitegiarenak, zeinak 2016an eta 2018an ebatzi baitzuen Mendebaldeko Saharak, Nazio Batuen Gutunaren arabera, “estatutu bereizi eta desberdina” duela Marokoko Erresumarekiko, eta Mendebaldeko Saharararen lurraldea ez dela Marokoko Erresumaren lurraldearen parte”.

 

Arazoaren muina, diotenez, Marokoko Erresumak "Nazio Batuen babespean Fronte Polisarioarekin 1979an egindako akordioa” alda batera uzteko erabakian datza. Adostutako Irtenbide Planak saharar herriari modua emanen zion autodeterminazio eta independentziarako duen eskubide besterenezina erreferendum libre, garden eta demokratiko baten bidez egikaritzeko. “Tamalez, hori gerarazita dago, Marokoko agintariek akordio lotesle horretatik erretiratzea aldebakartasunez erabaki zutenetik”.