Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 2

‘Denak minbiziaren aurka’ manifestuaren irakurketarekin eman dio hasiera lehendakariak osoko bilkurari

Nafarroako Minbiziaren aurkako Elkarteak baliabideak eta gaitasunak batzeko deia egin du, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean eragina izango duen ekintza-programa baten bidez

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Denak minbiziaren aurka manifestuaren irakurketarekin eman dio hasiera osoko bilkurari. Ekimen hau Espainiako Gobernuak 2022-2024rako Aparteko Interes Publikoko Gertaera gisa izendatu du.

 

“Minbiziaren aurkako ekintza-programa handi baten bidez baliabideak eta gaitasunak batzearen” garrantziaz gizartea “kontzientziatzeko eta mobilizatzeko” sortutako adierazpena da, “prebentzio, ikerketa, arreta eta dibulgazio proiektuetarako baliabideak lortzea ahalbidetzeko”.

 

Helburu nagusia “2030an Espainian minbizia dutenen biziraupena % 70era iristea” da. Aurreikusten denez, urte horretarako bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek gaixotasun hori izango dute”.

 

Horregatik guztiagatik, “ekintzara pasatzeko eta minbiziaren aurkako borrokan ahalegina biderkatzeko unea da. Minbizia eta haren inpaktua ikusaraztea, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean eragitea, behar klinikoak eta ez-klinikoak arintzea eta bikaintasuna lortzeko finantzazioa handitzea, eta, horrekin batera, biziraupen-tasa handiagoa lortzea”, horiek dira Denak minbiziaren aurka ekimenaren ardatzak.